Aurten ere, Ekainaren 28aren harira, kalera aterako gara, sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatzera. Zoritxarrez, beste urte batez, gure begien parean genozidio bat aurrera eramaten ari diren unean egingo ditugu gure aldarriak. Eta aurten ere aldarrikatuko dugu ozen harrotasuna borroka dela, sexu eta genero disidente izatea borrokarako indar eta palanka bihurtu behar dugula, inoiz baino gehiago. Harrotasuna, izango bada, beste jendarte eta mundu bat eraikitzeko indarra izango da, zapalkuntza orori aurre egiteko bultzada. Palestinar erresistentziarekin gaude, eta hemengo instituzio eta enpresek Israelekiko kolaborazio oro etetea exijitzen dugu beste behin ere!
Faxismoa eta ideia faxistak zabaltzen ikusten ari gara mundu mailan, eta baita gure inguruetan ere. Beldurtzen gaitu ideia erreakzionarioak zabaltzeak eta faxismoaren gorakadak, baina aurrean izango gaituzte, erresistitzeko prest gaude. Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua. Autodefentsa transmaribibolloa ezinbestekoa da, eta faxismoaren kontrako aliantzak sortzea ere bai.
Ez gaude prest beldurrez edo atzera begira bizitzeko, eta ezta erresistentzia soilean geratzeko ere. Iraganera begiratzen badugu, memoriaren bidez ikasteko begiratzen dugu, eta ez ditugu ahaztu hasi ginenean genituen helburuak eta amorrua. Ez gara daukaguna babestearekin konformatuko. Erreakzionarismoari eta faxismoari disidentzia gehiagorekin erantzutera goaz, jendarte eredua errotik eraldatzea bilatzen duen borrokarekin. Genero binarismoa eta erregimen heterosexuala nahi ditugu irauli. Eta gaur egundik eraikitzen hasi borrokaren bidez sortu nahi dugun mundu horren kimuak.
Faxismoaren zabalkunde horren aurrean, instituzioek gure borrokaren merkantilizazioa eskaintzen digute. Gero eta argiago, gero eta modu jasanezinagoan ikusten dugu hori erakundeek bultzatutako Bilbao Bizkaia Harro jaialdian, LGTBIQ+ turismoa sustatzeko ekimenetan eta antzerakoetan, non gutxietsi eta iraindu egiten den hamarkada hauetako LGTBIQ+ borroka. Hirien turistifikazioa, espekulazioa, etxebizitzaren garestitzea, lanaren prekarizazioa eta pobretzea baino ez dakarte gutxi batzuen mesedetan pentsatutako ekimen horiek. Transmaribibollo gehienon bizi-baldintzak okertzea, alegia, lelo hutsekin eta ortzadarraren koloreekin mozorrotuta.
Aldarrikatzen dugun askapenak zerikusi gutxi du neoliberalismoak eskaintzen digun “askatasun” indibidualaren ideiarekin. Badakigu zer den kapitalak eskaintzen diguna: kontsumoan oinarritzen den “askatasuna”, gutxi batzuentzako pribilegioa, gehiengoa kanpoan uzten duena. Askatasunaren ideia horrek gehiago babesten baitu diruaren mugitzeko askatasuna LGTBIQ+ pertsonon askapena baino. Horren aurrean, ozen diogu gure askapena ez dela izango askapena, guztiona ez bada. Ez dago askapenik migratzaileak, arrazializatuak, sexu-langileak, langile pobretuak… kanpo uzten badira. Esplotazioan, arrazakerian eta desjabetzean oinarritzen den ereduan ez dago ez askapenik, ez egiazko askatasunik.
Sexu askapenaren aldeko borroka da gurea, eta askapen hori nahitaez izan da eta izango da kolektiboa. Aldarrikatzen dugu norberak bere generoa autodeterminatzeko eskubidea, norberak bere gorputza nahi bezala moldatzeko eskubidea, norberak bere desirak nahi bezala bizitzeko eskubidea, modu ez-normatibo eta ez-monogamoetan, bikotearen eta familiaren egituratik harago ere bai. Gureak dira sare kuirrak, cruisinga, eta bazterretan asmatu ditugun beste praktika, harremantzeko modu, familia mota eta desirak.
Baina badakigu horiek guztiak ez direla borroka indibidualak, eta eraldaketa sozial eta kolektibo baten barruan baino ez direla egiaz gauzatuko. Nahitaezkoa dugula sistema kapitalista, patriarkal, zisheterosexista eta koloniala iraultzea askapena guztiona izango bada. Eta horrexegatik uste dugu inoiz baino beharrezkoagoa dugula trans, bollera, marika, bisexual, intersexual, ez-bitar, asexual, sexu-langile eta gainontzeko gorputzok gure arteko sareak eraikitzea, elkar hartuta aritzea, eta gainontzeko mugimenduekin, gainerako desjabetuekin batera ere erresistentziarako aliantzak jostea.
Palestinaren kontrako genozidioak markatutako sasoi honetan, gerra hotsak gero eta ozenago eta faxismoa gero eta ageriago, antolatu dezagun amorru disidentea!
Ehgam - Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimendua
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.