Israel desegin

Erabiltzailearen aurpegia Palestinarekin Elkartasuna 2025eko ekainaren 24a

Palestinarekin Elkartasunak manifestazioa deitu du ostegunean, hilak 26, Andre Maria Zuriaren plazan. Argazkia: PALESTINAREKIN ELKARTASUNA

"Mendebaldeko inperialismoak Asia Mendebaldea azpiratuta mantentzeko interesa du, eta horrela ulertu behar da Iran desegonkortzeko nahia"

Palestinarekin Elkartasuna ekinalditik, Israelgo entitate sionistak Iranen kontra abiatutako ofentsiba eta Amerikako Estatu Batuek larunbat gauean egindako erasoa salatzen ditugu. Ekainaren 13an abiarazi zuen operazioan, Israelek Irango hainbat buruzagi militar eta programa nuklearreko gutxienez 9 zientzialari erail zituen. Harrezkero, 400 zibiletik gora erail dituzte eta 3000tik gora zauritu eragin. Estatu Batuen kasuan Iranen azpiegitura nuklearra bonbardatu dute, indar handiko bonbak erabiliz.

Ekintza berri hauek Israelen eta mendebaldeko inperialismoaren izaera terrorista eta suntsitzailea azpimarratzen dute, inguruko herrialdeen kontrako erasoak, bonbardaketa masiboak eta erailketa selektiboak zigorgabetasun osoz aurrera eramaten dituztelarik. Inpunitate horren adierazle da Irango estatu buru den Ali Jamenei erailtzeko mehatxua egitera iritsi direla.

Gertakari hauek guztiek jadanik larria zen Asia Mendebaldeko egoera zeharo tentsionatu dute, eta eskalada militarra areagotu egin da. Iran mehatxu gisa aurkeztu nahi du Israelek munduaren aurrean, arma nuklearra lortu nahi duela argudiatuz. Estatu sionistak arma nuklearrak dituen bakarra izaten jarraitu nahi du, abantaila militarra izateko. Gainera, Israelen benetako helburua Iran desegonkortzea da, eta horren isla da Irango azpiegitura militar eta energetikoak erasotzen ari dela. Iranek, bere aldetik, erasoari erantzun dio eta egunotan hainbat izan dira jaurtitako misil sortak. Erantzun hau defentsiboa dela azpimarratu beharra dago, Israelen eta oro har mendebaldeko inperialismoaren interesei azpiratua ez izateko helburua duena. Ildo beretik, sionismoaren aurkako borrokan, Palestinar erresistentziaren babes garrantzitsua izan da Iran, eta hortaz, kontraerasoak ospatu dituzte hainbat palestinar fakziok.

Proiektu kolonialak desagertu behar du, ez da beste alternatibarik

Estatu sionistaren oldarraldi berri honen aurrean, 2023ko urriaren 7a eta gero egin bezala, mendebaldeko gobernuek Israelen defentsarako eskubidea aldarrikatu dute. Hala nola, G7aren deklarazioak norabide horretan doaz eta Alemaniako kantzilerra "Israel gu guztiongatik lan zikina egiten" ari dela esatera iritsi da. Ia bi urtez ikusi dugu nola "defendatzen" den Israel: populazio zibila gupidarik gabe erasotuz, ospitaleak eta eskolak bonbardatuz, hamarnaka mila eraildako zuzen eraginez, gehienak haurrak, eta milioika pertsonaren gosetea hedatuz. Gainera, lehen unean hitzez zerikusirik ez zutela adierazi bazuten ere, argi dugu operazio honek hasiera-hasieratik NATOko herrialdeen eta bereziki AEBen laguntza eta onespena jaso duela. Bien bitartean, espainiar estatuak AEBen bonbardero militarrak Moron eta Rotan desplegatzea baimendu du, AEBk Iranen kontra abiarazi duen erasoa erraztuz.

Hortaz, Israel eta Mendebaldeko potentzia inperialistak dira errudun gisa seinalatu beharrekoak. Mendebaldeko inperialismoak Asia Mendebaldea azpiratuta mantentzeko interesa du, eta horrela ulertu behar da Iran desegonkortzeko nahia. Halaber, agerikoa da Israelgo gobernuak bere barne egonkortasuna bermatzeko gerra darabilela. Horrela, gertakari hauek Israelgo parlamentuan gobernua disolbatu eta hauteskunde berriak deitzeko erabakia hartzeko testuinguruan eman dira. Honek guztiak, halabeharrez, Israelgo entitate sionista desegiteko beharra aldarrikatzera garamatza. Proiektu kolonialak desagertu behar du, ez da beste alternatibarik.

Gure partetik, Israelen inpunitateari aurre egin behar diogu, eta sionismoari aurre egiten dieten herrien erresistentziarako eskubidea aldarrikatzea dagokigu. Horregatik, Iranen kontra abiarazitako eraso terrorista salatzeko eta Irango herriarekiko elkartasunez, datorren ostegun eta ostiralean, ekainaren 26 eta 27an Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatzera dei egiten dugu.

Iranen aurkako eraso inperialista gelditu!

Israel desegin!

Palestinarekin Elkartasuna.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago