Noizbehinka aipatu ohi da zientzia, edo hobe esanda akademia, gizartetik urrunegi dagoela. Gauzak honela, aditu eta arituen arteko distantzia ahalik eta txikien izatea da jasangarritasunaren zientziaren zioetako bat. Jasangarritasunaren arloan aritzen garen zientzialariok hamaika ahalegin egiten dugu gizartearen kezkekin bat egiteko eta, ahal dugun heinean, laguntzeko bai komunikabideetan parte hartuz, hitzaldiak eskainiz edo eta tokian tokiko aktibismo mota ezberdinak jorratuz. Euskal Herrian halako eskarmentua badaukagu.
Euskal Herrian, krisi eko-sozialaren alorrean, beste arloetan bazela (hots, osasuna, hezkuntza, etab.) gizartearen gehiengoak zientzia aktibo beharrezkotzat dauka. Beste zenbait lekutan, aldiz, AEBetan kasu, zientziarekiko haustura bat sortzen ari da, Trumpismoak bultzatuta. Honek erakusten digu zientzia ez dela automatikoki bermatuta dugun aktiboa. Gurean, Covid garaian gertatu zen legez, gizartearen gehiengoak ulertu du zientzia babestearen beharra. Beraz, ezagutza zientifikoa eta politika publikoak lerrokatzea ezinbestekoa da. Are gehiago, zientziak gauza konplexuak aztertu eta hobeto ulertzeko helburua du. Prozesu horretan, galdera berriak etengabe pilatzen dira, jakinmina zientziaren akuilu bihurtzeraino. Hala ere, zientzian aurrera egiteko akuilu garrantzitsuago bat hauxe litzateke: gizartearekin bat eginik, aurrean ditugun arazo konplexuei irtenbideak aurkitzen saiatzea. Tamalez, honelako adibide gutxi daude gurean.
Arabara modu kaotikoan eta meteoritoak bailiran zentzugabeko proiektu energetiko ugari jaurtitzen jarraitzen dute
Orain dela urtebete, krisi eko-soziala ardatz hartuta, Gorbeialdeako Herri Unibertsitatea sortu zen. Gizartearen eta akademiaren arteko lankidetza xume bezain berritzaileari forma eman eta trantsizio energetikoaren gaiari heldu zion. Herri mugimenduetako eta akademiko talde batek zera galdetu zion bere buruari: Euskal Herrian trantsizio energetikoaren auzian eztabaida pipermintzeko arriskua handia izanik, aditu eta arituen arteko elkarlanean oinarritutako ekarpen positibo bat egiteko aukerarik ba al dago? Urtebete joan da galdera hori egin genuenetik eta erantzuna baiezkoa dela frogatua dugu. Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak hamaika ekitaldi antolatu ditu eta trantsizio energetikoaren alorrean bere ekarpen xumea egin du, hainbat gairen inguruan hausnarketak bultzatuz eta datuak plazaratuz; hala nola, energia berriztagarriaren beharra, ingurumen justizia, lurraldearen antolaketaren araubidea, desazkuntza energetikoa, etab. Jorratutako gai guztiak elkarloturik egonik eta, gaiaren konplexutasuna aintzat harturik, hasieratik egindako hausnarketa egokia dela nabarmendu dezakegu: hots, datuetan oinarritutako ezagutza gizartearekin partekatzea beharrezkoa dela trantsizio energetikoari modu justu, demokratiko eta eraginkorrean heldu ahal izateko.
Egitasmoa abian jarri genuenetik, Arabara modu kaotikoan eta meteoritoak bailiran zentzugabeko proiektu energetiko ugari jaurtitzen jarraitzen dute. Egoera honen aurrean, erantzun egoki bat eman ahal izateko hurrengo fase bat irekitzearen beharra ikusi dugu. Akademia eta mugimendu sozialaren arteko elkarlana areagotzeko helburuarekin, Arabako esparru naturala aintzat hartuta, baina Euskal Herri osorako instrumentu izateko anbizioarekin, Arabako Herri Unibertsitatea (AhU) sortu da. AhUk trantsizio eko-sozialaren inguruko eztabaidari ahalik eta modu irekienean heltzen lagunduko dion esparru anitza izan nahi du. Euskal Herriko disziplina anitzeko aditu eta esparru ideologiko ezberdinetako arituekin elkarlanean ideia, datu eta analisiak partekatzeko bokazioarekin sortu da AhU. Halabeharrez, esperimentaziorako gunea izango da egitasmo berri hau. Zentzu honetan, AhU laborategi bizia da. Horretarako, bere ateak irekita ditu jada Araba eta Euskal Herriko esparru ezberdinetan trantsizio eko-sozialari ekin nahi diotenekin hausnarketak partekatzeko. Ongi etorri bada, Arabako Herri Unibertsitatea.
Unai Pascual (Zigoitia Bai & Basque Centre for Climate Change - BC3), Ana Saez de Olazagutia (EHU) eta Iñaki Lasagabaster (EHU).
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.