Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza barregarriak eta miserableak eginez. Orain, Artolazabal andrearekin egiten dugu topo aurrez aurre, lan pribatizazio eta prekarizazio politikak sustatzen dituen Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak osatutako gobernu taldeko kidea.
Asko ez gaitu harritzen emakume horren jarrerak; izan ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu zela, "hilean 600 eurok bizitza duina bermatzen dute" zioen; gogora dezagun sailburu zela 87.799,34 euro kobratzen zituela, hau da, hilean 7.316 euroko soldata. Gaur, Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotzi gisa, 5.842 euroko soldata du hilean. Sailburu baino lehen Osakidetzako Ekonomia eta Finantzako zuzendaria izan zen. Argi dago kapar odol zurrupatzaileak erakundeetan daudela, ez parkeetan, ezta eraztun berdean ere.
Argi dago kapar odol zurrupatzaileak erakundeetan daudela, ez parkeetan, ezta eraztun berdean ere
Parkeetan eta Gasteizko hiriko eraztun berdean batasuna eta duintasuna daude; hitzarmen propio baten eta lan baldintza duinen aldeko gure borroka ez da etengo, nahiz eta batzuk eta besteak gu higatzen saiatu; soldata baxuko azpikontratazio politika horiek haustea erabaki dugu.
Argi daukagu zerbitzu publikoen eta kontzesioen pribatizazioak aberastasuna behetik gora birbanatzeko baino ez duela balio, herritarren dirua kapitalistei oparituz arlo publikoaren kontura; kontratu publiko horiek prekarietatean eta lan esplotazioan oinarritutako eskaintza ekonomikoekin lortzen dituzte.
Ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, Administrazio Publikoak kostu txikieneko kontratuak aurkezten dituzten enpresen alde egiten du, eta, horren ondorioz, okerragoak dira enpresa horien lan baldintzak eta eskaintzen duten zerbitzua bera ere, lan prekarizazioa gero eta handiagoa delarik. Hau aldatu behar dugu eta odol zurrupatzaile hauek saritzeari utzi.
Egoera berean dauden azpikontrata guztiei mobilizatzeko deia egiten diegu
Duela astebete Gasteizko kaleak zeharkatu zituen manifestazioan jasotako babesa, auzo elkarte, enpresa batzorde, gizarte mugimendu eta sindikatuen 100 atxikimendurekin, aire freskoko ziztada izan zen guretzat, eta borrokan indar handiagoz jarraitzeko indarra eman digu. Asteazken honetan beste mobilizazio bat egin dugu Arabako egoitzetako lankideekin batera, klase elkartasuna indartuz. Egoera berean dauden azpikontrata guztiei mobilizatzeko deia egiten diegu, ezin baitugu onartu haien azpijokoek gu pobretzea.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Gasteizko hiriari egoera honen aurrean erakutsi digun babes eta ulermenagatik. Egoera hau ez da inorentzat atsegina, kapar horientzat izan ezik, zeintzuk zurrupatu nahi dituzten gure hobeto bizitzeko desioa eta hilaren amaierara iritsi ahal izateko nahia. Akaro horiek ektoparasito hematofagoak dira, eta gaixotasun infekzioso askoren bektore dira; besteak beste, LAN PREKARIETATEA.
Leire Urquijo Formoso, Julio Montoya Corcuera, Ivan Puertas Velado, Daniel Ruiz de Mendoza Ainaga, Iñigo Lopez de Arroiabe Markinez, Aaron Garcia Bercedo, Iñigo Hamid Pulgar, Endika Ruiz de Loizaga, Mikel Romero Lafuente, Oskar Ferro, Jose Luis Nieto Codesal, Gorka Perez de Mendiola, David Garcea Ortiz de Guzmán, Juan Miller
Jose Antonio Ruiz De Azua De Paz
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.