Iritzia

Burujabetza, herriaren bultzadatik

Erabiltzailearen aurpegia Gure Esku Araba

Irudia: GURE ESKU

"Nazioa gara, eta nazio orok, are gehiago gaurko munduan, bere etorkizunaren gaineko erabakiak hartu nahi ditu"

Euskal Herrian, esperientziak erakutsi digu aurrerapauso nagusiak herritarren parte hartzeari esker etorri direla. Zaila litzateke ulertzea azken hamarkadetan lortutako hainbat lorpen –feminismoaren eragina, euskararen presentzia hezkuntzan edo komunikabideetan, eta tokian tokiko zerbitzuak–, komunitatearen ekimenik gabe. Jendartearen konpromisoak egin du posible gaur egun askok normaltzat jotzen dutena.

Burujabetzaren premia gero eta zabalduago dago gurean. Hala ere, oraindik entzuten da –sarri interes politikoek bultzatuta– ez dela gaur egungo herritarren lehentasuna, eguneroko arazoekin loturarik ez duelakoan. Baina zer pentsa ematen du: Ez al dute garrantzirik gure testuingurura egokitutako soldata duinek edo pentsioek? Onartuko al genituzke euskararen normalizazioaren aurkako neurriak, Espainiako auzitegietatik etorriak? Nazioa gara, eta nazio orok, are gehiago gaurko munduan, bere etorkizunaren gaineko erabakiak hartu nahi ditu. Horregatik da hain beharrezkoa burujabetza.

Eta une egokia da orain urrats sendoak emateko. EAEko estatus berriaren inguruko eztabaida politikoak hor dira; Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere mugimendu berriak sortzen ari dira. Orain, ordezkari politikoen esku dago aukera hori erantzukizunez kudeatzea, herri gisa aurrera egiteko tresna gisa ulertuta.

"Ezin dugu ahaztu: ez dago benetako aldaketarik herritarren inplikaziorik gabe. Burujabetza ez da soilik instituzioen kontua"

Baina ezin dugu ahaztu: ez dago benetako aldaketarik herritarren inplikaziorik gabe. Burujabetza ez da soilik instituzioen kontua; herriaren borondatea behar du atzean. Eta argi dugu: euskal herritar gehienek nahi dute beren etorkizunari buruzko erabakiak elkarlanean eta demokratikoki hartzea. Ordua da hori praktikara eramateko.

Horregatik, kalera ateratzeko unea da. Ekainaren 7an, Bilbon egingo den mobilizazio nazionala aukera paregabea da norabide horretan urrats bat egiteko. Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean, herri anitz eta arduratsua erakutsiko dugu; bere hizkuntza, kultura eta etorkizuna defendatzen dakiena. Zazpi lurraldeko nazio bat, erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi duena.

Arabarrok ere bertan izango gara. Lautadan, Aiaraldean, Añanan, Gorbeialdean, Mendialdean, Arabar Errioxan, Gasteizen... herriz herri, auzoz auzo, bidea egiten gabiltza; burujabetzaren alde, gure herriaren alde. Hurrengo geltokia Trebiñun izango dugu maiatzaren 11n, Trebiñuk bere etorkizuna erabakitzeko duen aldarriarekin ere bat eginez, bertan elkartuko baikara arabarrok Herri Libre Bat izan nahi dugula adieraztera. Horretaz gain, Gasteizen Maiatzaren 10tik 16ra hitzaldia, irratsaioa, kontzertua, aliantzak, hausnarketarako guneak... egongo dira, herria eraikitzen jarraitzeko.

Beraz, ekainaren 7an Bilbon dugu hitzordua. Ez dezagun hutsik egin. Herri hau gurea delako, eta aurrerapenak beti izan direlako herriaren bultzadaren emaitza.

Gure Esku Araba.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago