Irakasleok bederatzigarrenez atera gara kalera, beste behin ere gure aldarrikapenak mahai gainean jartzeko:
- Ratioak jaitsi. Hamaika arazo eta motxila dituzten ikasleak ditugu eta merezi duten arreta pertsonalizatua ematea ezinezkoa da. Jaiotza tasaren jaitsiera dela eta, ratioak jaisteko momentu paregabea den honetan, Eusko Jaurlaritzak gelak itxi eta eskolak fusionatu nahi ditu. Hau al da kalitatezko eskola publikoa?
- Burokrazia gutxitu. Ikasleak erdigunean egoteko ezin dugu burokrazia zentzugabean denbora galdu: inposatutako Curri Digi, programazioak lege berrira egokitu inolako eredurik gabe, ikas-egoerak sortu, digitalizazioa… Ikasleen beharrei erantzuteko denbora areagotu beharra dago. Esan berri dugun moduan, alferrikako lan zama burokratikoa arinduko balitz, denbora gehiago genuke gure ikasleen beharrei erantzuteko: behar emozionala, norbanako arreta…
- Langileak finkatu. Zenbat irakasle interino eta ordezko daude gure artean? Europar Batasunak %8ko interinitatea agintzen du, baina errealitatea oso bestelakoa da. Finkapen hau funtsezkoa da gure eskolen egonkortasuna bermatzeko. Dena den, finkapen hau ziurtatzeko OPE eredua ere berrikusi beharko litzateke, erabat antipedagogikoa baita!
- Ordezkoen baldintzak hobetu. Irakasle ordezkoen lan eskubideak urratzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak. Ordezkapenak lehen egunetik, bai greba egunetan, bai jai bezperetan…
- Publikoa lehenetsi. Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz erakutsi digu eskola publikoa ez dela haien lehentasuna. Zergatik jaso behar dute itunpeko eskolek diru publikoa? Eskola publikoan murrizketak aurrera eramaten diren bitartean, milioiak bideratzen ari dira eskola kontzertatuarentzat. Eraikuntza batzuk zahartzen ari dira; berriak, berriz, edonola eraikita eta denbora gutxian berritu/handitu beharrarekin, barrakoiak…
- Eros ahalmena berreskuratu. Bizitza gero eta garestiagoa den honetan, gure soldatak ia izoztuta geratu dira azken urteotan. Lanaldi murriztuan dauden irakasleek hilabete bukaerara iristeko gero eta zailtasun handiagoak dituzte, eta esklusibotasunaren ondorioz, ezin dute beste lanik izan…
- Mediku azterketak egiteko eskubidea. Noiz izan zen mediku azterketa pasa genuen azken aldia? Ez al da langileon osasuna garrantzitsua? Zeintzuk dira gure lan arriskuak gaur egun? Osasun mentalari aurre egiteko neurri zehatzak: antsietatea, depresioa…
- Baliabide gehiago. Ikasleen eta irakasleon beharrei aurre egiteko eta guztion ongizatea bermatzeko profesional gehiago behar ditugu: psikologoak, aholkulari eta orientatzaileak, PTak, hezitzaileak…
- Euskara erdigunean. Beharrezkoa da benetako euskara plan bat martxan jartzea. Halaber, atzerritik datozen ikasleei harrera plan zehatzak eskaintzea euskara ikasteko. Gaur egungo planekin ez da euskara ezagutza bermatzen. Kanpokoek ikas dezaten eta bertakoek indartu dezaten ezinbestekoa da.
- Lizentzia eta baimenak. Ordezkoenak funtzionarioen baimenekin orekatu behar dira eta guztionak hobetu; guraso garen edo menpeko pertsonak zaindu behar ditugun irakasleon kontziliazioa errazteko…
- Jubilazioa. Jubilazio adina ez da igo behar eta hau hartzeko erraztasunak behar ditugu.
Aldarrikapen hauek ez dira irakasleon eskaera soilak bezala ikusi behar. Gaur egungo koiuntura politiko-ekonomikoaren barruan ulertu behar dira: pribatizazio eta prekarizazio prozesu batean, alegia. Neoliberalismoaren erasoaldi honen aurrean irakasleok gure borroka ikasle eta beste sektoreetako langilerekin lotzea oinarrizkoa da, Euskal Herriko herri langilearen arteko elkartasuna eta elkarlana antolatu beharra dugu. Irakasleok gure borroketatik abiatuko gara, baina ez gara ahazten herri langile osoaren zapalkuntza egoeraz!
Esan bezala, langile borroka honetan elkartasuna eta elkarlana funtsezkoak dira eta hau lortzeko lanean jarraitu behar dugu. Izan ere, irakasle guztiok hobekuntza hauen alde egon arren, batzuek aldarrikapen hauek albo batera uztea erabaki dute, euren lehentasun ekonomikoa lehenetsiz… Hobe genuke guztiok elkarrekin bidea eraiki, gure arerioa Eusko Jaurlaritza eta murrizketak baitira!
Argi izan behar dugu borroka politiko hau ez dela akordio batekin soilik amaituko, herri langilearen prekarizazio prozesua uneoroko borrokan kokatzen baita. Bide honetan irakasleok antolatzen jarraitu behar dugu! Irakasleok gure indarra ikastetxeetan Langile Asanbladak antolatuz aurrera eramaten hasi gara eta hauek saretzen jarraituko dugu.
Gora langileon borroka!
Nahia Gasteasoro, Garazi Korta, Aitor Juaristi eta Markel Elortza
Zabalganako Irakasle Asanblada
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.