IRITZIA

Zeri buruz ari gara etxebizitza eskubideaz ari garenean

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Santamaria 2025ko api. 4a, 10:55

"Negozioa den bitartean, etxebizitzaren arazoak bere horretan jarraituko du". Argazkia: ALEA

Espero ez genuen kidea daukagu Maider Etxebarria? Akaso bera ere gurekin mobilizatzeko prest egongo da etxebizitza eskubidearen alde? 

Duela hilabete, elkarrizketa egin zioten Maider Etxebarria alkateari HAPO berriaren onarpenaren markoan. Gure alkatea kezkatuta agertu zen etxebizitzaren arazoarekin eta argi adierazi zuen: “irmoki sinisten dut etxebizitza eskubidea dela”.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik ere irmoki sinisten dugu etxebizitza izatea eskubide bat dela. Are gehiago, datorren apirilaren 5ean etxebizitzak eskubidea izan beharko lukeela aldarrikatzeko mobilizatuko gara Donostian. Zer esan nahi du horrek? Espero ez genuen kidea daukagu Maider Etxebarria? Akaso bera ere gurekin mobilizatzeko prest egongo da etxebizitza eskubidearen alde?

Zalantza ebazteko, garrantzitsua da aipatu manifestazioaren leloa ezagutzea, horrek argituko baitigu gure eta Etxebarria andrearen arteko aldea: “Etxebizitzaren negozioari ez!”. Hortxe dago koxka, negozioan dago ezberdintasuna. Guretzat, etxebizitza eskubidea aldarrikatzea halabeharrez joan behar da negozioarekin amaitzearen eskutik.

Izan ere, etxebizitza negozioa den bitartean, etxebizitzaren arazoak bere horretan jarraituko du. Etxebizitza negozioa den bitartean, gure kontura aberasten jarraituko dute gutxi batzuek. Etxebizitzaren negozioari esker, batzuek bermatuta izango dute etxebizitza-sarbidea; besteek, aldiz, ez. Negozioak bere horretan jarraituz gero, merkatuaren polarizazioa oraindik eta sakonagoa izango da: luxuzko etxeak batzuentzat, miseriazko etxebizitzak pobreentzat. Negozioaren ondorioz, pilaketak, erasotzaileekin bizi beharrak, ordaindu behar diren erroldak, filtro arrazistak, etxegabetzeak eta kale gorriak eguneroko kontua izaten jarraituko dute. Negozioari aurre egin ezean, berdin du nork gobernatzen duen, berdin du nork kudeatzen dituen etxebizitzaren ogi apurrak (edo urrezko pipitak), etxebizitza ez da eskubidea izango.

Berriz diogu, negozioan dago ezberdintasuna. Izan ere, azkenaldian politikariei ahoa bete zaie etxebizitza eskubideaz hitz egiten, baina ezta alderdi batek ere ez du negozioa benetan jo puntuan jarriko duen neurririk mahai gaineratu. Etxebizitza eskubidea aldarrikatu bai, baina jarraitzen dute negozioaren munstroa elikatzen, jarraitzen dute arazoari ezikusiarena egiten.

Zer esan nahi du munstroa elikatzeak? Bada, hartzen ari diren neurri guztien helburua etxebizitzaren arazoaren oinarria den negozioa bera indartzea dela. Horren adibide ditugu maizterren kontu korronteetatik zuzenean jabeen poltsikoetara transferitzen diren diru laguntzak edo hobari eta zerga-onura mesedegarriagoak izatea jabeek maizterrek baino. Jabeez gain, promotore eta eraikitzaileak ere ondo baino hobeto zaintzen ditu Jaurlaritzak. Denis Itxaso sailburuak proposatuta, eta Etxebarriak onartuta, eraikitzen diren etxeen artean, Babes Ofizialekoak direnak %75 izatetik %60 izatera pasako dira.

Bitartean, nahita edo nahigabe, okupazioaren kontrako neurriak onartzen dituzte, desokupazio enpresak ilegalizatzeko neurriak hartzeari ezezkoa ematen diote eta prezioak jaisteko neurri errealik ez dute hartzen. Gasteizen, 790 euro balio ditu higiezinen portal ospetsuenean iragarrita dagoen etxebizitza merkeenak, 50m karratu dituenak. Gainera, gero eta ohikoagoak dira logelen alokairuak eta denboraldi-kontratuak, jabearen gehiegikerien aurrean babesgabe uzten dituena maizterrak: pilaketak, etxegabetze ilegalak, mehatxuak, debekuak, argia edo ur beroa bezalakoak erabiltzeko mugak… Etxegabetzeen mehatxua ere eguneroko buruhaustea da familia askorentzat, momentu honetan, 55 etxegabetze kasu kudeatzen ari gara Gasteizko Etxebizitza Sindikatuan. Zifra izugarria izanik ere, hirian ematen diren etxegabetze guztien parte txiki bat baino ez da.

Beraz, zer esan nahi du guretzat etxebizitza eskubidearen alde egoteak? Diru sarrerek baldintzatuta egongo ez den etxebizitza sarbide unibertsala bermatzea. Etxebizitza eskubidearen alde egoteak esan nahi du behar sozialak, eta ez merkatuak, arautuko duela etxebizitzen eraikuntza eta kudeaketa. Etxebizitza eskubidearen alde egoteak esan nahi du, urgentziazko neurriak hartu behar izatekotan, gutxi horien irabazien kontura izango dela beti.

Hala, etxebizitza eskubideaz hitz egitea negozioarekin amaitzeko asmorik ez dagoenean inozentzia da kasurik onenean. Kasu okerrenean, zintzotasun falta, propaganda elektorala eta egonezin soziala desaktibatzeko saiakera da eta etxebizitzaren negozioa elikatzen jarraitzeko hautua egin duten alderdi politiko guztiak dira egoera horren konplize. Horregatik, enpresari eta politikari profesionalen eskutik irtenbiderik etorriko ez dela sinisten dugunok, larunbat honetan Donostian ikusiko dugu elkar, 12etan Bulebarretik aterako den manifestazioan. Etxebizitza eskubidearen alde, negozioari ez!

Ixone Santamaria, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea. 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago