IRITZIA

Gasteizen, eskaleak soberan daude...

Erabiltzailearen aurpegia Jabier Saenz, Mirari Ullibarri, Miriam Diaz de Tuesta eta Iñigo Antepara 2025ko api. 3a, 12:15

"Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean". Argazkia: ALEA

Gaur egun, 200 pertsona inguruk egiten dute lo Gasteizko kalean, eta gaua bero zein arriskurik gabe igaro ahal izateko zentroetara sartzeko itxaron zerrendak gainezka daude, are eta gehiago, hauen gaitasunaren bikoitza suposatzen dute.

Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon den arren, bitxia da jarritako hesia torlojuz lotu izana eta honela, lokalaren sarrera eragozten duela. Beraz, pentsatzekoa da, instalazio horren helburu bakarra kalean bizi zen pertsona hori gasteiztar negu gogorretik babesteen zuen leku hartatik botatzea zela.

“Arkitektura etsaiaren” adibiderik argienaren aurrean gaude; hiri diseinuaren joera horren helburua etxerik gabeko pertsonentzako hiri ingurunea kontrolatzea, mugatzea edo baztertzea da. Ziur aski, kontzeptua ez zaizue oso ezaguna izango, hala ere, honakoa hiri handietan nahiko ohikoa da.

Gauzak horrela, pentsa genezake honakoa gertakari isolatua dela, eta Gasteizen ez dagoela indarkeria mota hori jasaten duen pertsona askorik, gehienak aterpetxeetan eta hiriko zentroetan artatzen dituztelako. Baina, egia esan, azken urteotan gure hirian kale egoeran dagoen pertsona kopurua ugaritu egin da eta arreta emateko baliabideak, bai Udalarenak bai Aldundiarenak, erabat eskasak dira, eta ez dira handitu muturreko pobreziaren eta gizarte bazterketa larriaren hazkundearen aurrean.

Gaur egun, 200 pertsona inguruk egiten dute lo Gasteizko kalean, eta gaua bero zein arriskurik gabe igaro ahal izateko zentroetara sartzeko itxaron-zerrendak gainezka daude, are eta gehiago, hauen gaitasunaren bikoitza suposatzen dute.

Paradoxikoa da artikulu hau idaztera garamatzan gertakaria Arabako Foru Aldunditik 150 metrotara eta Gasteizko Udaletik 300 metro ingurura gauzatu izana. Bi erakundeek behin eta berriz errepikatu dute auzokide horiek artatzeko erantzukizuna hartu behar dela, hala eta guztiz ere, ez dute ezer egin. Dirudienez, gogaikarria iruditzen zaien bakarra, haien erantzukizun zein gizatasun ezagatik kalean bizi denarekin topo egitea da.

Gaur egungo egoerari aurre egiteko ekimenak hain dira estranbotikoak, non, gizarteko pertsona ahulenei arreta emateko beharrezkoak diren zentro guztiak martxan jarri beharrean, ate irekien jardunaldi batzuk aktibatzen dituzten termometroak zero azpitik markatzen duenean. Hori gutxi balitz, ez dituzte artatzen eskakizuna egiten duten pertsona guztiak. Aitzitik, 40 ohe inguru jartzen dituzte gizarte langileek eskura, eta horiekin 3 gauez batzuk artatzen dituzte eta hurrengorako itxaron zerrendarekin jarraitzen dute. Horrela, hiru egunetik behin erabiltzailez aldatzen dira, benetako zentzugabekeria, zeinaren bidez politikariek datuak ez ezik haien kontzientziak ere makilatzen dituzten.

Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Ekimenean argi daukagu premiazkoa dela etxerik gabeko pertsonei arreta emateko behar adina baliabide martxan jartzea. Erantzukizuna bai Gorka Urtaranena bai Lucho Royerorena da, eta argi dugu haien eztabaida inozo eta faltsuak ordezkatzen dituen alderdi politikoaren (EAJ) eta agintean daudenekin (PSE-EE) partekatzen duten estrategiaren parte direla.

Horregatik, kanpaina bat hasiko dugu, eta argi eta garbi adieraziko diegu egoera horren arduradun politikoei, beren pribilegioek ikusmena lausotu dieten haiei, egungo egoeraren premia ikusarazi arte borrokan jarraituko dugula.

Honekin guztiarekin, apirilaren 7an Udaleko Gizarte Politiken Batzordean izango gara, egungo egoera salatzeko asmotan, eta horrez gain, 11etan elkarretaratzea egingo dugu Plaza Berrian.

Gasteizen, eskaleak ez daude soberan, aitzakiak dira soberan daudenak.

Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Ekimeneko kideak:
Jabier Saenz Sanchez, Mirari Ullibarri Ugarriza, Miriam Diaz de Tuesta Illera eta Iñigo Antepara Lopez de Maturana

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago