Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduan zehar milioika emakumeontzat berdintasuna, eskubideak eta justizia eskatzeko borroka eguna da. Hala ere, gerrek, gatazkek eta politika militaristen hazkundeak markatutako testuinguru global batean, inoiz baino premiazkoagoa da aldarrikapen horietan begirada eta jarrera feminista antimilitarista gehitzea, egungo armamentu- karrera justifikaezina eta militarismo arranditsua salatzeko, arrisku larrian jartzen baitu munduko bizikidetza, lankidetza, segurtasuna eta bakea.
Militarismoa eta patriarkatua: txanpon beraren bi aldeak
Sistema patriarkala eta militarismoa estuki lotuta daude. Gizartearen militarizazioak dominazioan, hierarkian eta indarkerian oinarritutako botere-egiturak indartzen ditu, maskulinitatearen eraikuntza tradizionalek historikoki sustatu dituzten balioak. Armadak existitzeak berak eta armetan inbertitzeak iraunarazten dute indarra eta erasoa gatazkak konpontzeko bitarteko legitimoak direlako ideia, eta horrek zuzeneko eragina du indarkerien normalizazioan.
Feminismoak, indarkeria patriarkal mota guztien aurkako borrokan, ezin du alde batera utzi gerrak eta militarismoak emakumeen zapalkuntzan jokatzen duten rola.
Gerra eta gatazka armatuek eragindako desplazamendu behartuen bikma nagusiak emakumeak eta haurrak dira, eta esplotazioaren, sexu-esplotazioaren eta muturreko pobreziaren eraginpean geratzen dira.
Gatazka armatuetako sexu indarkeria gerra arma gisa erabili izan da eta erabiltzen da, nahiz eta ikusezina, ezezaguna eta normalizatua izateko interes handiak dauden.
Militarizazioaren Kostua: Arma Gehiago, Eskubide Gutxiago
Feminismo antimilitaristaren funtsezko beste alderdi bat gastu militarraren salaketa da. Urtero, gobernuek milaka milioi bideratzen dituzte armagintzara, hezkuntzan, osasunean eta berdintasun politiketan aurrekontuak murrizten dituzten bitartean.
Azpimarratu behar da gatazka belikoek ere zuzenean eragiten dietela borroka feministei eta eskubideetan egindako aurrerapenei. Gerra edo errepresio testuinguruetan, mugimendu feministak zailtasun handiagoak ditu antolatzeko eta aldaketak aldarrikatzeko. Aktibistak jazarriak, espetxeratuak eta erailak izaten dira munduko leku askotan, non erregimen militar eta autoritarioek edozein ahots disidente zapaltzen duten.
Emakumeak aldaketa agente gisa
Historian zehar, munduan zehar, emakumeok funtsezko zeregina izan dugu erresistentzia antimilitaristan eta bake prozesuen eraikuntzan; horregatik, haien lekukoa hartu eta gure egiten dugu Emakumeen Mundu Martxaren (2025) deia, "mundu osoko mugimenduetako emakumeei dei egiten diena, gerren eta kapitalismoaren aurka eta herrien subiranotasunaren eta bizimodu onaren alde ozenago eta kementsuago hitz egin dezaten..."
Beraz, tokikotasunetik, bizi garen lekutik, gerretarako euskal ikerketa eta ekoizpen militarra salatu eta arbuiatzen ditugu. Euskal Herrian, 2007az geroztik, produkzio militarrean diharduten enpresen kopurua hirukoiztu egin da, hirurogeita hamar inguru izatetik 200 baino gehiago izatera igaro baita.
Gure ustez, mundu solidario, sozialki parekide eta seguru batek gure bizi eredua errotik aldatzetik hasi behar du. Gure neurrigabeko kontsumoari mugak jarri behar dizkiogu eta Hego Globaleko herrialdeekiko menderatze eta esplotazio harremanetatik eratorritako era guztietako desberdintasunak gainditu beharra dago.
Hain zuzen ere, eufemismoz beteriko adierazpenetan, gerra ekonomia defendatzen dutenek eraman nahi gaituzten mundu bidegabearen kontrakoa. Horren adibide dira Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia eta Enplegu sailburuak berriki egindako adierazpenak; izan ere, Zedarriak Enpresa Foroak jaurtitako apustua jasoz, euskal armamentu industria "indartsua" bultzatzeko konpromisoa hartu zuen, "aukera" aprobetxatzeko deia egin zuen eta Eusko Jaurlaritzak sektoreari "laguntza" ziurtatu zion "herrialde osoaren onuraren" izenean. Horrela, Eusko Legebiltzarrean onartutako Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legea urratzen da.
Gure ustez, heriotza merkatarien erasoaldi planifikatu eta arriskutsu horren aurrean, beharrezkoa da bizi nahi dugun gizarte ereduari buruz gogoeta egitea. Bizitzarako ekoiztea eta sortzea ala beste alde batera begiratzea, gerrako jaunek giza basakeria inposatzen duten bitartean?
Gainera, gure taldearentzat lotsagarria eta etikoki jasanezina da industria militarra diru publikoarekin finantzatzea, horrek heriotza, suntsipena, zauri sozial sakonak eta konplize bihurtzen gaituelako. Gerra hemen hasten bada, hemen geldituko dugu.
Eta amaitzeko, itxaropenari egin beharreko keinua: "Garrantzitsua da mundua aldatzea posible balitz bezala jokatzea, esplotazioa, arrazakeria eta gerra gizartearen ezaugarri nagusiak ez diren une bat errealitate bihurtzea planetaren historian" Angela Davis.
Horregatik guztiagatik, martxoaren 8an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak "Faxismoaren kontra: ausardia eta aliantza feministak!" lelopean egingo dituen mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, gure eskubideak defendatzeko eta indarkeriarik, militarizaziorik eta zapalkuntzarik gabeko mundua aldarrikatzeko. Faxismoaren aurrerabidearen aurrean aliantza feministak eraikitzeko deia geure eginez. Ez falta, elkarrekin geldiezinak gara!
Melisa Perez Garcia, Begoña Oleaga Erdoiza eta Ana Ribacoba Menoyo (Emakumeok Gerraren Aurka)
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.