iritzia

Otsaileko ilbeheran zuhaitzak landatzera, Laminoriako harrobia berreskuratu nahian

Erabiltzailearen aurpegia Arabako mendiak aske 2025ko ots. 25a, 16:46

Laminorian landaketa egin du Arabako Mendiak Aske. Argazkia: AMA

Egun ederra lagun, Arabako Mendiak Aske elkarteak landaketa herrikoi bat egin du. Laminoriako harrobia aukeratu dute.

Otsailaren amaieran gaude. Egunak luzatu egiten dira eta gauak laburtu. Negua badoa. Atarian dugu udaberria etortzeko. Ez dago hori geraraziko duenik. Azken euriteek blai utzi dute lurra. Landatzeko sasoia da eta lurra poliki-poliki berotuz doa loraldia aktiba dadin. Hori guztia, ilbehera dagoen ilargiaren laguntzarekin.

Aldeko inguruabar horiek guztiak aprobetxatuz eta naturaren, bizitzaren alde eginez, egun ederra lagun, Arabako Mendiak Aske elkarteak landaketa herrikoi bat egin du. Laminoriako harrobia aukeratu dute. Harrobi horretatik milioika tona agregakin atera dira lurzoru naturaleko hektareak eta hektareak urbanizatzeko eta humanizatzeko. Gaur egun, azken hamarkadetan ustiatzen ari den azaleraren zati bat lehengoratze-fasean dago. Eremu horiek makroproiektu fotovoltaiko baten mehatxupean daude, eta, beraz, gure taldeak ekintza hau burutu du lur horiek landareztatze bideetan leheneratzen laguntzeko.

Herri landaketan haritz autoktonoak eta erkametzak (Quercus fagineak) sartu ondoren, paseo bat egin dugu Musitu inguruan. Paseo horretan, dozenaka sai leonatu, milana erreal eta korbido ikusi ditugu gure buruen gainean. Eremu horretatik (Analamendi) Kapildui mendira 10 km eskas daude. 10 km horietan 200 metroko altuerako 16 haize-sorgailu instalatzea proiektatu da. Makina horiek, instalatzen badira, hegazti eta saguzarrak txikitzeko benetako makinak izango dira, Euskal Herriko korridore ekologiko garrantzitsuenetako baten erdian. Horiek Euskal Herrian instalatu nahi diren 77 proiektu eoliko eta 140 fotovoltaikoetatik 3 besterik ez dira.

Beraz, dei egiten diegu herritar guztiei martxoaren 22an Gasteizen egingo dugun manifestazioan parte har dezaten. Bilbo plazatik abiatuko da 18:00etan.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago