San Martingo EAG etengabeko arreta gune berriak hilabete honen hasieran ireki ditu ateak eta inaugurazioa egin berri dute osasun zentroan. Testuinguruan ondo jartzeko, zentroak 2019an itxi zituen ateak, eta garai horretan agintariek albisteetan esan zuten bezala "euskal gizartearen osasun-beharrizanetan oinarrituta", eta "langileek oporrak hartu ahal izateko antolamendu hobea ahalbidetzen zuela” ziurtatuta EAGa kentzea argudiatu zen. Uda horretan, Txagorritxuko ospitalean artatutako kasuen gorakada egon ez zela argudiatu zuten eta urrian erabaki zen Olagibel mantentzea etengabeko arretako gune ireki bakar gisa.
Gaur egun, Txagorritxuko larrialdietan itxaronaldia inoiz baino luzeagoa da, boxak beteta egoten dira normalean, eta profesionalak gainezka. Arrazoizkoa da pentsatzea San Martineko EAG ixtea edo larrialdiak Santiago ospitaletik Txagorritxura eramatea direla kolapso egoera horren arrazoi nagusietako bi. Kolapso egoeraren beste arrazoi garrantzitsu bat lehen arretaren saturazio egoera da, zeinetan aipatu behar diren medikuen falta, lanez gainezka dauden profesionalak eta behin eta berriro lanpostuz aldatzera behartuak izaten diren profesionalak. Honek eragiten du osasun zentroan hitzordu bat lortzea askotan zaila izatea pazienteentzat; are gehiago bere mediku edo erizainarekin. Honen harira garrantzitsua da azpimarratzea, ikerketek erakusten dutenez, familiako mediku bera 15 urtez mantentzeak larrialdi-zerbitzuen erabilera %30 murrizten duela, eta heriotza-tasa, berriz, %25.
EAGa da, Osakidetzak berak dioen bezala, hil ala bizikoa ez den larrialdiko arreta behar izanez gero jo behar den lehen zerbitzua, eta datuen arabera, artatutako kontsulten %90 baino gehiago in situ konpontzea lortzen du, paziente horiek ospitalera deribatzea saihestuz.
"Gainezka dauden profesional kopuru berak artatu beharko du lehen artatzen zuen paziente kopuru berbera"
2019an itxi zenetik, erakunde eta plataforma ugarik salatu dute EAGaren itxiera. Gasteizko OPA (Osasun Publikoa Aurrera) bezalako plataformek hainbat kontzentraziotan eta manifestaziotan eskatu dute bi EAGak asteko egun guztietan irekita egon behar direla. Presio testuinguru honetan eta baliabide birbanaketen dinamika egoera batean, Osakidetzak San Martineko EAGa zabaldu du.
Duela aste batzuk ireki dute EAGa, baina asteburuetarako bakarrik, eta Olagibeleko langileek beraiek hartu dute lan horren kargu. Hau da, plantilla bera bi lantokitan banatuko da. Beraz, orain arteko zerbitzu guztiz ez nahikoa konpondu ordez, zeuden baliabideak birbanatu dituzte eta zerbitzu berri bat ireki dutela sinestarazi nahi digute. Gainera, familia medikuntzako prestakuntzan dauden mediku egoiliarrek beteko dituzte formula horren hutsuneak. Kasu horietan, beren prestakuntza asistentzia premien menpe geratuko da, eta ez egoiliarren prestakuntza beharren menpe.
Azken aldian, Osakidetzaren aldetik praktika hori gero eta ohikoagoa da. Ez diote pertsonal eta baliabide faltari konponbiderik bilatzen, baina dauden baliabideak berrantolatu edo izena aldatzen diote, gizarteak murrizketa eta baliabide falta normalizatu ditzan. Gasteizko adibidean argi ikusten dugu. Gainezka dauden profesional kopuru berak artatu beharko du lehen artatzen zuen paziente kopuru berbera, baina bi leku desberdinetan izango denez, Osakidetzak beste EAG bat dagoela salduko du, arazoa ezkutatu nahian.
Jakin berri dugu Alberto Martinez osasun kontseilariaren eskutik Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzuak berriro irekiko direla, apirilaren 1etik aurrera. Aurreko legegintzaldian utzi zioten larrialdi orokor bezala funtzionatzeari, osasun arreta guztia Txagorritxun zentralizatzea egokiagoa zelakoaren premisapean. Objetiboki ikusi da hori ez zela horrela, Itxaron denborak argi eta garbi luzatu baitziren. Santiagoko larrialdien irekiera, baina, ezin da kalitatezko asistentzia bat bermatzeko neurri bezala ulertu, aurretik aipatu dugun berrantolaketa estrategia horren barnean hartutako neurri bat gehiago bezala baizik. Inolako bermerik ez dago irekiera hori profesional kopuru nahikoarekin aurrera eramango dela baieztatzeko. Orain dagoen plantilla ez baita nahikoa ezta Txagorritxuko betebeharrei erantzuteko ere. Izan ere, beharrezkoak direnak baino 14 mediku gutxiago baitaude.
Gainera bizitzen ari garen krisi egoeraren ondorioz, osasun desmantelamendua, murrizketak eta pribatizazioa eguneroko ogi bihurtu dira, politikari profesionalek eta agintariek ez baitute inolako intentziorik kalitatezko, doako eta unibertsala den osasuna bermatzeko, kontrara, osasun enpresa pribatuen etekin ekonomikoak lehenesten dituzte eta ez dute horien aurkako inolako neurririk hartzen. Aldaketa horiek guztiek gizartean kolapso sanitarioa kulturalki normalizatzeko helburua besterik ez dute, langileriak miseriazko osasungintza onartu dezan (itxaron zerrenda luzeak, profesional sanitario falta, osasun zentroen itxiera…). Horren aurrean, langile klasearen mobilizazio eta antolakuntza ezinbestekoa izango da, osasun baliabideen falta eta horren konplize diren enpresari zein politikariak salatzeko, eta benetan doako, unibertsala eta kalitatezkoa izango den osasun sistema bat eraikitzeko.
Mikel Ezkurdia eta Pablo Helguera, medikuak eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideak.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronimekora.