Ongi etorri Judimendi eskola

Erabiltzailearen aurpegia Unai Mendizabal Elezkano 2025ko ots. 11a, 11:22

Judimendi eskola, Gasteizen. Argazkia: ALEA

Borondate horri esker, urtez urte, mailaz maila ordezkatuko du D ereduak A eredua, ikastetxe guztia D eredukoa bilakatu arte.

Zinez txalogarria eskolako irakasle talde jakin baten borondatez, eta zenbait gurasoen inplikazioaz, A ereduko ikastetxe estigmatizatu bat D ereduko eskola bilakatzeko abian jarri duten prozesua Gasteizko Judimendi auzoan. Honela, posible egiten ari dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, oraindik ere, indarrean jarraitzen duen eta erdaldundu besterik egiten ez duen A hezkuntza ereduaren eragin eremua murriztea. Bigarren urtez jarraian, 2 urteko gelarako matrikulazio aukera bakarra D hezkuntza eredua da Judimendi Eskolan.

Borondate horri esker, urtez urte mailaz maila ordezkatuko du D ereduak A eredua, ikastetxe guztia D eredukoa bilakatu arte. Ikastetxeak Gasteiz guztiko jatorri atzerritarreko familien seme-alabak ikasleak hartu ohi izan ditu orain arte. Auzoko guraso euskaldunek beste auzoetako ikastetxeetara bidali izan dituzte seme-alabak A eredua ez zegoen beste leku baten bila, eta alderantziz, beste auzoetako familiak gerturatu izan dira Judimendira A ereduaren bila. Erdalduntzen duen eredua desagerrarazteko prozesua abian jartzea izan da joera horrekin apurtzeko lehen pausoa.

Oro ez da urre ordea, izan ere, A-tik D-rako aldaketa hutsa ez da nahikoa izaten, jakina baita zenbait eskolatan hizkuntza eredua aldatu izan dela baina gainerako guztia berdin geldituz, baita ikasleen profila ere bai. Oztopo bakarra ordea hori ez dela izan salatu dute eskolako profesionalek, haatik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren laguntzarik ezari aurre egin behar izan diotelako plazak ez perfilatzeko orduan, ez Haur Hezkuntzan plaza batzuk finkatzeko, ez ikasturtean zehar iritsitako ikasleei erantzuteko…

Ikastolen Elkartean ondotxo ezagutu eta pairatzen ditugu hezkuntza sistema eraldatzeko, menpeko administrazio ezberdinetatik eratortzen diren oztopo horiek

Ikastolen Elkartean ondotxo ezagutu eta pairatzen ditugu hezkuntza sistema eraldatzeko, menpeko administrazio ezberdinetatik eratortzen diren oztopo horiek, are gehiago zure bokazioa ez denean frantsesetik edota gazteleratik itzulpen soila izango den hezkuntza eredua betikotzea eta zurea propioa eraiki duzunean. Horiei aurre egiteko taldean jardutearen garrantzia eta hezkuntza eraldatzailearekin konpromisoa duten irakasleen balioa ezaguna zaigu ikastoletan. Eta nola ez, gurasoen ezinbesteko bultzada ere bai euskal hezkuntza sistema eraldatzen jarraitzeko.

Horregatik, apaltasunez, ongi etorria eman nahi diogu, bide malkartsu honi ekitea hautatu duten Judimendi Eskolako partaideei. Baita, amorerik ez ematea opa diegu eskola euskaratik integraziora eraldatzeko borondate partikular horri. Ikastolen mugimenduak, hori du helburu hain zuzen ere bere sorreratik, kalitatezko hezkuntza eredu moderno, eraldatzaile, kohesionatzaile eta euskaldunaren bidea jorratu eta hedatzea.

Hobetzeko eta zuzentzekoak baditugun arren ikastola ereduan, zinez pozgarriak dira horrelako pausoak, izan Gasteizko Judimendi auzoan zein Oibarren. Pozgarria bezain eredugarria den bezala, Zangozako ikastolako kideen hamarkadetako lana eskualdeko hezkuntza eraldatu eta euskarazko lerroen eskaria hauspotzeko Nafarroako ekialdean. Bidea da borroka bakarra eta euskal hezkuntza sistema propioa gorpuzteko bidean elkartuko gara izan Bastidan, Ondarroan, Zarautzen, Argantzonen, Basabürüan, Villabonan, Tafallan, Donamartirin, Bermeon edo Lesakan adibidez,

Euskal Curriculuma landuz etengabe, muga, eraso, irain eta gutxiespen ororen gaindi. Bakarrik ezin delako, guztion eskuzabaltasunarekin egingo dugu bidea.

Unai Mendizabal Elezkano, gurasoa eta Arabako Ikastolen lehendakaria

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago