Iritzia

Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etaio 2025ko ots. 4a, 16:12

Argazkia: Zedarriak.

"Hondamendiak aukera dira beti, eta euskal enpresari ekintzaile aurreratuenek ez dute aukera galdu nahi. Non gerra-gogoa, han negozio-zangoa"

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak-ek bere seigarren txostena aurkeztu zuen. Beren webgunean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi horrek lerroburu batzuetarako jokoa eman zuen. Izan ere, energia nuklearra bultzatzeko gonbitak oihartzun nabarmena izan du, non eta ezarri nahi zuten Lemoizko zentral nuklearra geldiarazi zuen herrian. Beste adierazpen batek ere kritika asko jaso ditu: mundu mailan elikatzen ari diren gatazka militarra aukera moduan aprobetxatzeko proposamena, non eta 12.000 bat intsumiso egon ziren eta horietako ehunka kartzelatik pasatu ziren herrian, non eta 1986an NATOri ezetza eman zion herrian (dena den, ikusi behar egungo emaitza zein izango litzatekeen…).

Hondamendiak aukera dira beti, eta euskal enpresari ekintzaile aurreratuenek ez dute aukera galdu nahi. Non gerra-gogoa, han negozio-zangoa; euskal ekonomiaren izenean, euskal gizartearen garapenaren izenean, guztion ongizatearen izenean. Bere azken txostenean, Gasteizkoak kolektibo antimilitaristak deskribatzen du azken 17 urteetan Hego EHn modu batean edo bestean gerrari lotutako enpresak 70 izatetik 206 izatera pasatu direla. EHn historia luzea duen negozio hori gehiago areagotuko dela iragartzen digute eliteek, hemen bizi garen guztion onerako, omen..

"Burgesiaren (eta bere ordezkari politikoen) zoru etikoak betidanik egon den mailan jarraitzen du: lur azpian"

Ez dugu ezer deskubritzen etika apaindura kontua baino ez dela esaten badugu. Interesatzen denean erabiltzen da eta oztopo izan daitekeenean gainetik pasatzen da, hainbeste kontzeptuekin bezala (elkartasuna, jasangarritasuna, berdintasuna…). Agian legearen barruan, beren interesak bermatzen dituen demokrazia burgesaren legearen barnean. Beste batzuetan legearekin ezkutaketan jolasean, baina beti arau bati erantzunez: in Euskadi Basque Country too, business is business. Kapitalisten DNAn dago. Eta beren DNA ezin da aldatu. Burgesiaren (eta bere ordezkari politikoen) zoru etikoak betidanik egon den mailan jarraitzen du: lur azpian.

Euskal Herria herri solidarioa omen da. Inguratzen gaituzten beste herri eta komunitateekin alderatzen badugu, ez dut inolako zalantzarik. Gure herriaren askatasuna eta identitatea mantentzeko eta berreskuratzeko borrokak zerikusi handia dauka horrekin. Telemaratoi eta gure burua lasaitzeko ekimen garbigarri hipokritez gain, badago elkartasun kontzientea euskal sektore zabaletan, bai. Hala ere, beste herriekiko elkartasuna oso urrun dago oraindik Euskal Herriaren zeharkako ezaugarri bat izatetik. Ez gara herri libre bat, eta langileok klase menperatua izaten jarraitzen dugu. Ezin dugu herri moduan antolatu eta beste herriekiko zer motako harremanak izan nahi ditugun erabaki. Alderdi gakoa, bai, baina horrek ezin du estali gure erantzukizuna beste herri askoren zapalkuntzarekiko, euskal langileok esplotazio horren onuradunak ere baikara. Muina ukitzen dugunean, ekonomiaz aritzen garenean, lanpostuez hitz egiten dugunean, euskal langileriaren jarrera agian ez dago burgesiaren jarreratik hain urrun. Eta adibideak ez dira gutxi. Azken garaian, ziur aski lazgarriena, CAF enpresarena daukagu; askok saihestu nahiago duten kontraesan erraldoia, hain zuzen ere. Gazan 16 hilabeteko genozidioa pairatu ostean, CAF euskal enpresak, "gure enpresak", euskal kooperatibismotik sortutako enpresa ikurretako batek Jerusalemgo koloniak lotuko dituen trenbidean parte hartzen jarraitzen du. Zorte pitin batekin, hurrengo urteetan Zisjordaniako kolonizazio prozesuak bultzada handia jasoko du eta kolonia berriak lotzeko azpiegituretan negozio aukera gehiago irekiko dira. Ironia alde batera utzita, CAF enpresa (bere langileak barne) sionismoaren proiektu supremazistaren laguntzaile kontzientea da, askoren kontzientzia lasaitzeko baliokoa omen den diru iturri oparoaren truke. Hala ere, sektore batzuen salaketatik harago, oso adierazgarria da eremu politiko eta sindikaletik dagoen isiltasuna… Euskal Herritik ez dugu Palestinarren kontrako genozidioa geldituko, baina laguntzaileak ez izatea bai dagoela gure esku. Gerra hemen hasten da leloa parafraseatuz, "Palestinako genozidioak hemendik dauka segida".

"CAF enpresa (bere langileak barne) sionismoaren proiektu supremazistaren laguntzaile kontzientea da, askoren kontzientzia lasaitzeko baliokoa omen den diru iturri oparoaren truke"

Kontraesanak kontraesan, ausartak izan gaitezen. Langileoi plusbalia kentzen diguten burgesek beste herrien suntsiketa ahalbidetzen duen euskal armagintza industria lanpostu gehiagoren iturri gisa erakutsiko digutenean, gobernu eta instituzioek sostengatuta, zer esango du euskal langileriak? ITP-aero, Aernnova, SAPA edota Sener bezalako enpresen erabilera militarrerako ekoizpena normalizatuta egoteak ez du baikorrak izateko arrazoi askorik ematen, mugimendu antimilitaristak armagintza moldaketarako proposamena mahai gainean jarri badu ere. Bideragarria? Ziurrenez, bai. Gerra-merkatua baino etekin gutxiagorekin? Ziurrenez, baita ere. Baina dilema horren aurrean posizionatzea ezinbestekoa da. Zedarriak antolatutako foroan, NATOren bloke inperialistan lerrokatuta, gerrez probetxua ateratzeko eskaera mahai gainean utzi dute. Ekonomiaren suspertze, modernizatze eta lehiakortasunaren izenean langileoi eskaintza egingo digutenean, lanpostu oparoz eta soldata txukunez apainduta, zer erantzun emango diegu sindikatu, alderdi eta gainerako eragileetatik? Galdera hori gure mahaian ere utzi dute. Nagusiki, gure mahaian dago. Burgesia eta instituzioen erantzuna badakigu. Eskrupulurik gabeko merkatarien zoru etikoa baino altuago kokatuko dugu langileona? Euskal sektore ezkertiarrek halako galderei erantzun zintzoak eman gabe, armagintza moldaketarik ez, ezta jendartearen eraldaketarik ere. Kapitalismoaren funtzionamenduan inkrustatuta dagoen ekoizpen hori ezin da aldatu kapitalismoa garaitu gabe, bai, baina ekimen kontzientearen bitartez beste herrien suntsiketaz aberasten den industrian eragina izanez kapitalismoa garaitzeko ekarpena egin dezakegu. Arazoa da gure interesa burgesen interesarekin lerrokatzen dugunean. Zedarriak-en foroan entzundakoak kritikatzean ikuspegi zabalagoa izan beharko genuke…

Iñaki Etaio, internazionalista.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago