Ez kolaboratu gaizkiaren hutsalkeriarekin

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ibarrondo 2025ko urt. 29a, 18:49

Otsailaren 7ko artidua salatzeko manifestazioa deitu dute. Argazkia: ALEA

"Norberak erabakiko du zein aldetan jarri; alde batera begiratu eta ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu, ala agindu etikoa onartu"

Datorren otsailaren 7an, Baskonia eta Maccabi Tel Aviven arteko saskibaloi partidua izango dugu Gasteizen, urrezko aukera Israelgo estatu genozidaren zuriketa irmo gaitzesteko, bertan behera utzi behar dutela argi esateko. Ez da erronka erraza, ondorio ekonomiko eta kirol emaitza txarrak ekarriko lituzkeelako erabakiak, baina, hala ere, garrantzitsua dela uste dut, eta artikulu honetan saiatuko naiz azaltzen zergatik.

Honetan pentsatzen, Donald Trumpen izendapenaren akelarre neofaxista zuzenean ikusten ari nintzela, gogoratu nuen -duela urte asko- lagun bat erabat izututa geldiarazten zela karga polizialak izaten zirenean, eta behin baino gehiagotan eraman behar izan nuela besotik arrastaka taberna edo atari baten babespera. 

Dirudienez, jarrera irrazional horrek gure arrasto filogenetikoarekin du zerikusia; erabat geldi egoteko jarrera hori jan nahi gintuen harrapari baten aurrean defentsa eraginkorra zen garaiarekin.

Baliteke orain antzeko zerbait gertatzea guri faxismoaren gorakadaren aurrean: gaitzaren tamaina hain handia da, batzuetan ikaraz geldiarazten gaituela. Eta oraindik gertatu ez bazaigu, baliteke laster gertatzea.

"Autoritarismoak kolaborazioa, isiltasun konplizea eta etorriko diren gauza okerragoak -baita hona ere- eskatuko dizkigu, hori saihesteko ezer egiten ez badugu"

"Hobe istiluetan ez sartzea eta neurearekin jarraitzea, nahikoa daukat horiekin eta", ohiko jarrera izaten da beste alde batera begiratzera eramaten gaituzten egoeretan, muturreko bidegabekerien aurrean ezer egin gabe, gaur egun Palestinan ikusten ari garen bidegabekerien modukoak.

Jarrera horren ohiko justifikazioa gure ezintasunaren onarpena da: "azken batean zer egin dezaket nik" edo "zertarako gauzak egitera ausartu, denak berdin jarraituko badu", azken batean onartzea genozidioa errealitatearen ezinbesteko partea dela. Gaizkiaren hutsaltasuna.

Hala ere, manifestazioan gelditutako nire lagunaren kasuan bezala, jarrera horrek ez ditu saihestuko gu geldi geratzearen zauri moralak eta horien ondorioak, sarritan sakonagoak baitira eta zauri fisikoak baino denbora gehiago behar izaten baitute sendatzeko.

Honezkero inozoa da pentsatzea puztutako faxismoak nire herrialdea, nire etxea edo ni salbu utziko nauenik. Ez baldin banaiz horietako bat bihurtzen, edo behintzat, ez badut bere ekintzekin neurri txikiagoan edo handiagoan bat egiten.

Gainean dugun autoritarismoak kolaborazioa, isiltasun konplizea eta etorriko diren gauza okerragoak -baita hona ere- eskatuko dizkigu, hori saihesteko ezer egiten ez badugu.

Urte okerragoak etorriko dira eta itsuago egingo gaituzte, esaten zuen Rafael Sanchez Ferlosiok argi duela asko, gainera etorriko zitzaiguna bakarrik poeta handiek aurreikusten zuten garaietan.

Orain, gurean ditugula, ezin dugu, ume txikien pare, begiak itxi eta desagertuko diren itxaron. Nahiko genuke hala balitz, baina "faxismoak gu jatea" saihestu nahi badugu, ziurrenik ezingo dugu ihes egin ere, ikusita Gazako ustezko eremu seguruetan egin duten programatutako ehiza edo herrialde aberatsen mugen harresietako milaka hildakoak, interesek sortutako gerretatik ihesi edo "naturaltzat" jotako hondamendietatik ihesi.

Zentzuzkoa dirudien aukera bakarra aurre egitea da.

Nola egin? Hasteko, gure bizitzen kolonizazio neofaxistekin (saskibaloi partidu batera joanez) kolaboratzeari utzita, baina hori lortzeko onartu behar dugu desobedientzia ez zaigula dohainik aterako, ondorioak izango dituela eta onartzeko prest izan behar dugula.

Otsailaren 7ko partidua kirol ekitaldi bat baino gehiago da, zalantzarik gabe, Israelgo estatua zuritzeko ekintza bat baita, edo, beste modu batera esanda, faxismoaren banalizazio ekintza bat, baina erronka etiko bat ere bada ez kolaboratzeko -dagokigun horretan- gaizkiaren hutsaltasunarekin, genozidioa saihetsezin bilakatzearekin.

Milaka haurren hilketa -erabateko borondatez eta zehaztasun zientifikoz- normaltasunez onartzea, gizateriaren beste delitu batzuekin batera, UNRWAko zuzendari Barbara Ruizek zuzen deitzen duen "humanitate krisia" areagotzen jarraitzea da.

Bidegurutze etiko horren aurrean, norberak erabakiko du zein aldetan jartzen den. Alde batera begiratu eta ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu, faxismo berria magiaren poderioz desagertuko den zain. Edo agindu etikoa onartzea eta ez kolaboratzea gaizkiarekin beste bati eragiten dionean, egiten duenarekin harreman guztiak apurtuta, baita hemen ere, nahiz eta horrek kaltetuko gaituen ondorioak ekar ditzakeen.

Hau esku artean dugun erronketako bat da larritasun garai hauetan. Antzerako beste batzuk daude, made in Euskadi armekin, Zisjordaniako tren kolonialarekin edota migranteen harrera edo segregazioarekin lotura dutenak, besteak beste, orain pentsaezinak diren beste batzuekin batera.

Otsailaren 7an manifestazioa deitu dute bidegabekeriaren partidua jokatu ez dadin; bertaratzea pauso bat izan daiteke etika eta giza duintasunarekin aurrez aurre jartzeko.

Juan Ibarrondo, idazlea eta giza eskubideen aldeko ekintzailea.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago