IRITZIA

Errepuierre Gebaran

Erabiltzailearen aurpegia Julene Quintana Leon 2025ko urt. 8a, 10:48

Errepuierre panpinak Gebaran. Argazkia: Julene Quintana Leon

Horrelako tradizioak mantentzeko aukerak gutxitzen badira, gure arbasoek egindako festak saltzen badira, udaletxeek, Foru Aldundiak, herritar xeheek ez badugu horrelako festen antolakuntzan laguntzen, gure arbasoekin hilko dira, eta gure herria kanpoko ohituren isla bihurtuko da.

Urtea agurtzeko ohitura den Errepuierrea Araban orain dela asko zabalduta dago. Arabako Lautadan gaur egun ohitura horrek darrai.

Herri askotan urtea agurtzeko sutzarrak edo suteak prestatzen dira, horrela urteko gauza txarrak erretzen direla sinisten zen. Herri batzuetan suak laguntzeko, haurrek arropa zaharrekin eta lastoarekin egindako panpinak egiten dituzte, gero Urtezaharreko gauean erretzeko, Arabako zonalde honetan porreroak deitzen zaie panpin hauei.

Ohitura horri, ez hain bertokoa den beste ohitura bat gehitu zitzaion: txafleroak, txispunak, suziriak,… 
Errepuierre, erre ipurdi erre, urteari ipurdia erretzea, hain zuzen ere denboran mantendu den ohitura da. Gaur arte eta hainbat herritan zabaldu eta transmititu den jai hau 2024ko abenduaren 31an, Gebara herrian antolatu zen, Barrundiako beste hainbat herrietan bezala.

Herriko haurrak, nagusiek lagunduta, porreroak erretzera zihoazenean, ertzaintzaren bi kotxe heldu ziren, sua egiteko baimena eskatu zuten eta ez zegoenez baimena, urteetan egin izan delako inongo baimenik gabe, sua itzaltzeko agindu zuten.

Hor bilduta zeuden nagusiak, gehienak gurasoak, ertzaintzaren agenteei tradizioa azaldu zieten, betidanik herrietan egiten den ekimena zela esanez, ez zegoela inolako arriskurik eguraldia ikusita etab. Haiek ezetz, ez zeukatela baimena eta sua itzaltzeko esan zieten, identifikazioa eskatu zuten eta isunak egongo zirela gehitu zuten, sute arriskua omen zegoen.

Hemen argi idatzi nahi dut zein zen egun horretako eguraldia, nahi duenak erregistratutako datuak ikus ditzake. 2024ko abenduaren 31an eguerdiko 15:00ak arte behe-lainoa egon zen, ez zegoen aire ufadarik eta hezetasuna nabaria zen, goizean eguna izoztua hasi zen eta gau hartan, sute arriskua omen zegoen gau hartan Ozaetan (3,8 kilometrotara dagoen herria) gutxieneko tenperatura -4C markatu zuen.

Haurren harridura aurpegiaren aurrean nagusiek ertzaintzarekin hitz egiten jarraitu zuten eta elkarrizketa honen ondoren norbaitek deitu eta sua salatu zutela esan zuten. Beraz, urteetan Euskal Herriko hegoaldeko zonalde honetan tradizio hau aurrera eramateagatik salatuak izan ziren han bildutako herritarrak. Zergatik? Arriskua? Ezjakintasuna? Izorratzeko gogoa?

Nik Arabako EUSKALTZALE eta EUSKALDUN orori gogoeta bat eskatzen diot.

Horrelako tradizioak mantentzeko aukerak gutxitzen badira, gure arbasoek egindako festak saltzen badira, udaletxeek, Foru Aldundiak, herritar xeheek ez badugu horrelako festen antolakuntzan laguntzen, gure arbasoekin hilko dira, eta gure herria kanpoko ohituren isla bihurtuko da.

Bada, sutea egiteko baimena behar bada, txafleroa, suziriak eta txispunak botatzeko ez da inolako baimena behar. Beraz, zertan geratuko da ERREPUIERRE tradizioa? Zaratan?

Julene Quintana León

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago