Veleiari buruzko bibliografia osatzen aritzeak aukera eman dit 2024an gertatu dena gertuagotik jarraitzeko. Alde positiboak eta negatiboak, balantzeetan ohi denez.
Alde positiboen artean, oso positibotzat jotzen dut urriaren 26an Durangon burutu zen 4. Biltzarra "argitu, ez suntsitu" lemapean: 111 izen emate, ponentzia bikainak, denak bideoz eta idatziz jasoak; proposamen ugari…
Positibotzat, baita ere, urtean zehar argitaratu den artikulu-gutun-bideo-elkarrizketa multzoa (103 erreferentzia jaso dira bibliografian), ia dena benetakotasunaren aldekoa…
Ekintza ugari: hileroko bisita gidatua aztarnategira; txikizioa salatzeko manifestazioa (salatzaile bakarrak grafitoen benetakotasunaren aldekoak!!!); hitzaldiak; online bidezko ehunka eskari Arabako Foru Aldundiari eta Erakundeei "Iruña-Veleia suntsitu ez dezaten, hiru grafito datatu ditzaten eta gai hau modu zientifikoan argitzen lagundu dezaten…"
Liburu berri bat: 'La autentificación de los óstraca romanos. El caso de Iruña-Veleia', Xabier Gorrotxategi arkeologoarena, grafitoak argitzeko jarraitu beharreko bidea erakutsiz.
Alde negatiboen artean, oso negatibotzat hartu behar da bi urtez jarraian aztarnategian egiten ari diren suntsiketa, eskuzko indusketaren ordez induskailu bidez egiten dihardutena. Arabako Diputazioaren gidaritzapean; agintarien bedeinkapen guztiekin; jatorrizko egiturak errespetatu gabe; objektu arkeologikoak, jaso ordez, lurrean barreiatuz eta hondakindegian pilatuz. Hori dena erakundeen, politikarien, kulturgileen eta hedabideen isiltasunak lagunduta. Hona hemen txikizioaren bideoa eta azalpenak: Iruña Veleiaren txikizioa dokumentatzen.
Tomas Elortza Ugarte
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.