IRITZIA

Hegoak astintzen

Erabiltzailearen aurpegia Adrian R. 2024ko abe. 12a, 14:23

Kartel politiko guztiak euskaraz egon arren... Argazkia: Google Maps

Entzun… gutxitan entzuten da euskara, nahiz eta ikusten duzun pertsona horrek belarritakoak, kresta eta kamiseta lelo politiko batekin izan, dena espainolez.

Larunbat goiza da eta eguna hiriburuan pasatuko dut. Motxila prest dut eta pozik itxaroten ari naiz autobus geltokian. Hara! Zortea izan dut, bakarrik 5 minutu eta hemen dago busa:

-Epa, estación de autobuses, por favor. – dio nire aurrean dagoen pertsonak.

Estresa bueltan da, zein hizkuntzatan egingo dut? ... Azkenean espainolez, beharbada gidaria ez da euskalduna.

Hotza da, ia izoztu naiz baina horrexegatik deitzen diogu Siberia-Gasteiz. Lehenengo geldialdia gosaria da eta ikusi dudan tabernak euskal tipografia eta izena ditu, baina zoritxarrez euskaraz eskatu arren, espainolez erantzun dit zerbitzariak.

Bai, hemen Izaskun Arrue Kulturgunea zabaldu dute, lurraldeko aldizkari propio bat dago, hainbat euskaltegi daude eta ia kartel politiko guztiak euskaraz daude. Baina entzun… gutxitan entzuten da euskara, nahiz eta ikusten duzun pertsona horrek belarritakoak, kresta eta kamiseta lelo politiko batekin izan, dena espainolez. Egia da kulturalki ekintza pilo bat dagoela, baina ekitaldi pasiboak dira, non sartzen zaren kontsumitzera eta gero etxera.

Tira, folklorea zazpi lurraldeetan txertatuta dago, baina denok ahalegina egiten dugu hizkuntzaren erabilera bultzatzeko eta egunen batean euskararen errepublika lortuko dugu. Zazpiok elkarrekin hegoak astintzen.

Adrian R.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago