Joan zen joan urria, eta bada garaia aspalditik mahaigainean dagoen gai bat berrartzeko: Gasteizko txosnetako egoera.
Kokatze aldera, gogora dezagun iazko egoera: beste urte batez Gasteizko GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren parte hartzea ukatzearen ondotik, hainbat adierazpen ezberdinek salatu zuten egoera hau. Herri mugimenduko 100 eragileren gutunarekin batera, maiatzean, “artistok denontzako jai herrikoien alde!” deitutako gutuna sinatzera batu ziren 150 kulturgiletik gora (Fermin Muguruza, Itziar Ituño, Joseba Sarrionandia, Bingen Mendizabal, Txerra Bolinaga...), Gasteizko Etxebizitza Sindikatua eta GKS txosnarik gabe uzteko erabakia aldatzea aldarrikatuz. Honen aurrean, Gasteizko Txosna Batzordeak ateratako oharrean “urritik aurrera gatazka konpontzeko” konpromisoa hartu zuen, esker onez jaso genuena.
Joan da urria baina, baita azaroa ere, jada gertuago gaude datorren urtetik kurtso hasieratik baino. Hala ere, borondatea egonez gero, oraindik irtenbidea emateko garaiz gabiltzala uste dugu. Bost urte daramatzagu bi eragileok (Gasteizko Etxebizitza Sindikatua eta GKS) jaietan parte hartzeko daukagun eskubidea aldarrikatzen, eta agerikoa da gai honen berri duen gehiengo zabal bat ere egoerari irtenbidea ematearen alde eta guk bertan berdintasunez parte hartzearen aldekoa dela. Hortaz, uste dugu ezinbestekoa dela, gai hau behingoz ebatz dadin.
Gasteizko Txosnak historikoki izan dira espazio anitz eta irekiak, jarrera baztertzailerik ez duten pentsakera ezberdinetako hainbat eragilek parte hartu izan dute, eta hala izaten jarraitu behar duela uste dugu. Salbuespen egoera honekin amaitu beharra dago.
Behin eta berriz aipatu bezala, parte hartzeko irizpideak betetzen ditugu, eta zentzurik gabe luzatzen ari den egoera bidegabe honi lehenbailehen eman behar diogu aterabidea. Guk ere ekarpena egin nahi diogu espazio zabal honi, elkarlanean jarduteko eta elkarbizitza egokia bermatzeko konpromiso osoa hartuz. Ez dezagun aukerarik galdu.
Ez dadila urri gehiagorik joan.
Aroa Arrizubieta
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.