Zertarako irakaskuntza kontzertatua?
Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoek finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek hartara esleituko duten diru publikoaren igoera handia iragarri dute: "El objetivo, explica el ministerio, es garantizar la gratuidad de la enseñanza en los centros concertados. De ahí que espere (¡) que la actualización de los conciertos vaya de la mano de un compromiso por parte de los colegios concertados respecto a la eliminación de las cuotas…" (El País, 24/10/23).
Baina, benetan desiragarria al da itunpeko irakaskuntzaren doakotasuna? Hori baino lehen, aurretiko eztabaida bat dago, gure ustez: zehaztu zein den irakaskuntza mota horren eginkizuna gure egungo gizartean, zer paper jokatzen duen baloratzea, alegia. Horren arabera, erabakiko genuke bere finantzaketa merezi duen ala ez.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunean lan egiten dugunon ustez, irakaskuntza pribatuak hezkuntza publikoaren funtzio subsidiarioa behar du izan, eta soilik itundu behar da ekimen pribatu bat eskaintza publikorik ez dagoen tokietan (eta egon arte), hezkuntza eskubidea bermatuko bada. Irakaskuntza pribatuak irakaskuntza publikoarekiko bete behar duen eginkizun subsidiario hori onartzen baldin badugu, eta hezkuntza-plangintza eta diru publikoaren erabilera denona den eskola publikoari begira egiten bada, ez lirateke gastatuko 820 milioi euro baino gehiago (2023-24ean) toki gehienetan beharrezkoa ez den sarean.
Doakotasunarekin eskola-segregazioa bukatu? Txakur ametsak
Diru publiko gehiago emateak itunpeko irakaskuntzaren doakotasuna erraztuko lukeela eta segregazioa murriztuko lukeela pentsatzea eta defendatzea txakur ametsak dira. Itunpeko irakaskuntza ez da inoiz doakoa izan eta, sekulan izan duen finantzaketarik handienarekin ere, ez da izango, nahi ez duelako: ikasleak (eta irakasleak) aukeratzen jarraitu nahi duelako, bereizteko beharra duelako, merkatuaren menpe dagoelako, eskaintza etengabe hobetu behar duelako (zerbitzu hobeak, eskola-ordutegi handiagoa, instalazioak...) eta eskola publikoarekin lehiatu behar duelako. Kuotak kobratzea ilegala da legez 1987tik, eta inpunitate osoarekin egin eta egiten dute; pentsatzea diru gehiago emanez eta inolako zigor-neurririk planteatu gabe hori lortuko dela, eta ondorioz, segregazioa gutxitu egingo dela, inozokeria handia da. Kontzertazioa bera da segregazioaren iturria. "La segregación escolar es la base del sistema concertado. Este sistema está pensado para que no sea inclusivo. Pensar que ellos quieren voluntariamente ser inclusivos no es una realidad, está en sus propias bases el no serlo" (Daniel Turienzo).
"Ez diezagun diru gehiago eman sekulan doakoa izango ez den eta, beraz, diskriminatzailea den sare pribatuari"
Irakaskuntza pribatua kontzertatu? Diru publikoa eskola publikoarentzat
Irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna ez da, beraz, lortu beharreko helburua. Zertarako, ordea? Familia guztiak joan ahal izateko? Hori al da politika publikoen jokamoldea, herritarrei bidea erraztea zerbitzu pribatuak erabili ditzaten? Hori herriari iruzur egitea da, politika pribatizatzailea da, zerbitzu publikoaren prekarizaziora baino ekartzen ez duena. Zer administrari mota da berea zaindu ez eta beste batena den enpresa bati dirua ematen diona? Kontua ezin da inola ere familiak bideratzea zerbitzu pribatura baizik eta saiatzea eta lan egitea gehienok eskola publikoa aukera dezaten. Horretarako zerbitzu publiko horrek lehentasun osoa behar du, baliabide eta planifikazioaren aldetik. Onena nahi dugu-eta gure seme-alabentzat.
Erantzun liteke planteamendu honek zalantzan jarriko lukeela familiek ikastetxea aukeratzeko duten askatasuna. Eztabaida ez da hori, ordea. Familiek gustukoen duten eskaintza aukeratu dezakete beti, baina ez dute horregatik eskatu behar aukera hori egin ez dutenek ordaindu dezagun. Gainerako sektoreetan bezala, edozein arrazoi dela-eta, irakaskuntzako zerbitzu publikoa erabili nahi ez eta pribatua nahiago duten familiek beren baliabideekin aurre egin beharko liekete gastuei. Familia batzuen aukera indibiduala gainerako guztien diruarekin laguntzen jarraitzea bidegabea da. Ezin da hezkuntza planifikazio osoa familiek egiten duten ikastetxearen aukeran oinarritu, orain arte bezala, eta ezagutzen ditugun ondorio kaltegarriekin.
Gure proposamena garbia da: eskola publikoa bere tresnekin gehienon aterpea izan badaiteke, ez du zentzurik enpresa pribatuen bitartez egitea. Ez dezagun erabili denon dirua beharrezkoa ez den hezkuntza-eskaintza pribatuan, auzoan edo herrian eskaintza publiko nahikoa dagoenean; ez diezagun diru gehiago eman sekulan doakoa izango ez den eta, beraz, diskriminatzailea den sare pribatuari; ez dezagun jarraitu kohesioaren kontra jokatzen duen sistemarekin. Logikoagoa da diru hori zentzuz eta eraginkortasunez erabiltzea eskola publikoan. Aurrekontuak eztabaidatzeko eta onartzeko gauden honetan, garaia da irakaskuntza pribatuaren ituntze sistema birplanteatzeko.
Maribel Lopez de Luzuriaga eta Xabier Iglesias, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko partaideak.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.