IRITZIA

'Kantabria mendilerroa', toponimo bizia

Erabiltzailearen aurpegia Raquel Zabala eta Joseba Abaitua 2024ko aza. 12a, 10:03

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

"Toponimoa bigarren maila batean uzten ahalegindu diren arren, izenak inoiz baino biziago dirau".

Badira beti udazkena izan beharko luketen leku paregabeak, horiek egunero gozatzeko modukoak direlako. Arabako Errioxa horietako bat da. Egun hauetan, berde bizietatik kolore gorri, okre eta urrekaretara aldatzen ari den paisaia ikusteko zortea dugu, ikuskizun bisual paregabea eskainiz. 

Eta bada paisaia hori definitzen duen zerbait: Kantabria mendilerroa. Arabako Mendialdea eta Ebroren hegoaldeko lurrak bereizten dituen mendigune ikusgarria da. Baina ez da soilik mendikatea, mendilerroa edo mendia; are gehiago, nortasun sinboloa ere bada; gure historiaren bereizgarria, eskualdearen harrotasunaren adierazle. Leihora irten eta goizero mendilerroa ikusteko zortea dugunok gure herriaren parte sentitzen dugu; gure bizitzaren parte, hain zuzen. Eta zein garrantzitsua den egunero ikusten eta gozatzen dugun guztia izendatzea eta sentitzea. Gure herria inguratzen duen ibaia, arratsaldeko pasealekuan bisitatzen dugun harkaitza, zurbeltzaren ondoan dagoen trikuharria. Miguel Unamunok esaten zuen askotan "toponimo bat nahikoa dela izen hori jaso zuen lurra zer izan zen igartzeko". 

"Hogeita hamalau urte igaro dira Euskaltzaindiak Kantabria mendilerroa izena "jende urrunak" ezarri zuela zioen lehen irizpena argitaratu zuenetik. Ezin da erratuagoa izan"

Toponimo bat leku batek jasotzen duen izen propioa bada, mendilerroaren iparraldean eta hegoaldean bizi garen gehienontzat, marka geografiko hori Kantabria mendilerroa izenarekin ezagutu dugu. Hala eta guztiz ere, 2018. urtearen amaieran, Institutu Geografiko Nazionalaren ebazpen baten berri izan genuen. Ebazpen horretan, arrazoia ziur jakin gabe, Rivas de Teresoko mendatetik Castillo de Lapoblacioneraino doan mendikatearen eremu osoa izendatzeko Toloño mendilerroa izena ofizialdu zen. Une hartan, Biasteriko Adiskideen Elkarteak, 1934an sortua, Kantabria mendilerroa izena defendatzeko plataforma bat sortzea erabaki zuen. Mendilerroaren alde batean eta bestean dauden herrietan bizi garen pertsonek osatutako mugimendu soziala sortu zen; Mañueta, Lapuebla de Labarca, Navaridas, Lantziego, Abalos, Bujanda eta beste hainbat herritakoak, hain zuzen. Harrezkero, Arabako Errioxako herritar, udal, kultura-elkarte, enpresa eta upategi ugariren babesa eta bultzada izaten jarraitzen dugu, eta, adibidez, upategi askok Kantabria mendilerroa izena islatu dute beren produktuetan. 

Ekainean, Arabako Batzar Nagusietan izan genuen agerraldiaren ondoren, mozio bat onartu zen, eta bertan Geografia Institutu Nazionalari eskatu zitzaion Kantabria mendilerroa toponimoa mendikatearen erdialde osorako berreskuratzeko. Arabako erakunde parlamentarioak gure eskaria berretsi eta aldarrikapena onartu zuen. Errioxako Parlamentuan, aho batez, ganberan ordezkatutako indar politiko guztiek sinatutako adierazpen instituzional baten bidez, erakunde berari eskatu zitzaion lehentasunezkotzat Kantabria mendilerroa izena ofiziala egin zezala. Eta Diputatuen Kongresuak ere eskaria berresten duen legez besteko proposamena onartu berri du.

Hogeita hamalau urte igaro dira Euskaltzaindiak Kantabria mendilerroa izena "jende urrunak" ezarri zuela zioen lehen irizpena argitaratu zuenetik. Ezin da erratuagoa izan. XVIII. mendearen amaieran, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko idazkariorde eta artxibozain zenak, Urizaharreko jakintsu Diego Lorenzo Prestamero Sodupe jaunak jaso zuen lehen aldiz izen hori. Urteak igaro diren arren, eta etengabean ‘Kantabria mendilerroa’ toponimoa bigarren maila batean uzten ahalegindu diren arren, izenak inoiz baino biziago dirau. Horregatik, mendikate honek gure sentipen historikoaren oroigarri izaten jarraitzen duelako, eta Arabako Errioxako ahozko eta idatzizko tradizioa islatzen duelako, Plataforma honek etorkizuneko belaunaldientzat zaintzeko eta babesteko lanean jo eta ke jarraituko du.

Raquel Zabala eta Joseba Abaitua, Kantabria mendilerroaren aldeko Plataformaren izenean.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago