IRITZIA

Zergatik pasatzen da Polizia nire etxe azpitik?

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Marfull 2024ko urr. 7a, 10:09

Udaltzainen auto bat Gasteizko erdigunean. Argazkia: Gasteizko Udala

Poliziek ez al dituzte zirkulazio arauak bete behar? Auzotarrei debekuak jartzen dizkiguten bitartean haiek inpunitate osoa dute.

Hilabeteak dira egoera hau pairatzen ari garena. Pintore kalean bizi naiz, Santa Maria eta Santa Ana kantoien artean. Kale zati honetan, beste hainbatetan bezala, goizeko 12:00etatik aurrera kotxeen joan-etorria guztiz debekatuta dago.

Baina debeku hau errespetatzen ez duenik badago, Polizia hain zuzen, bertatik behin eta berriz pasatzen baita haien autoa, kalean gora eta kalean behera (noranzko bakarreko kalea izanik), batzuetan lasai-lasai eta besteetan abiada bizian.

Ulertzen dut larrialdiko egoeran, argiak eta sirenak piztuta pasatzen direnean, beharragatik pasatzen direla hemendik, baina egoera hori da gutxien errepikatzen dena, gehienetan kontrako noranzkoan doaz, argiak eta sirenak itzalita, inpunitate osoz.

Poliziek ez al dituzte zirkulazio arauak bete behar? Eta horretaz gain, ez al dira konturatzen kale estu hauetan edozein momentutan ume bat atera daitekeela etxe batetatik eta haien kotxe modernoek harrapatu? (Elektriko edo hibridoak direnetik ez dute zaratarik egiten)

Alde zaharreko beste hainbat kaletan gertatzen den kontua dela esango nuke, auzotarrei debekuak jartzen dizkiguten bitartean haiek inpunitate osoa dute.

Aldatzeko garaia da, Polizia arduratsu bat nahi dugu!

Ibai Marfull.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago