IRITZIA

Laugarren erailketa matxista Euskal Herrian

Erabiltzailearen aurpegia Leire Lakasta 2024ko ira. 14a, 18:59

Itaiak Gasteizen egindako elkarrizketa. Argazkia: Itaia

Faxismoaren gorakadaren ondorioz zabaltzen eta indartzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioek emakume langileok bizi dugun zapalkuntza bera ere ukatzen dute.

Emakume bat erail du bere senarrak Bilbon. Urtarriletik lau emakume hil dituzte haien bikotekideek Euskal Herrian. Hori aski ez eta joan den astean erailketa matxista saiakera bat egon zen Gasteizen, eta abuztuan emaztea hiltzen saiatu zen Ertzain bat Donostian.

Adibide lazgarriak dira aipatutakoak, baina emakume langileok indarkeria matxista egunero pairatzen dugu. Alta,  inoizko gizarte aurrerakoienean bizi garela diote batzuek. Kasurik hoberenean, halako gertakari ankerrak albisteetan azaltzen zaizkigu egun batzuez eta, gero, instituzio judizialek eskaintzeko duten apurrarekin konformatzen gara.

Batzuk uste dutenaren kontrara, oso bestelakoa da errealitatea. Faxismoaren gorakadaren ondorioz zabaltzen eta indartzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioek indarkeria matxistaren existentzia ez ezik, emakume langileok bizi dugun zapalkuntza bera ere ukatzen dute.

Horrek ondorio lazgarri bat dakar: jarrera matxistak normalizatzea eta betikotzea. Baina indarkeria matxista luzaz egon da, gaur badago eta areagotzen ari da. Argi izan behar dugu erreforma legalek edo behin-behineko neurriek ez dutela hura deuseztatuko. Gizartean guztiz errotuta dagoen egiturazko arazo bat da eta emakume langileok haren aurrean babesgabe egoten jarraitzen dugu.

Horiek horrela, urgentziazkoa dugu gaur indarkeria matxistaren aurka borrokatzea. Haren kontrako aldarriak kaleetara zabaldu behar ditugu, hura salatu eta desnormalizatu. Antolakuntzaren bidez soilik lortuko dugu gizarteak matxismoa gaitzestea.

Leire Lakasta.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago