IRITZIA

Txosnetan parte hartzeko eskubidearen alde

Erabiltzailearen aurpegia Aroa Arrizubieta eta Ixone Santamaria, Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatua 2024ko abu. 2a, 11:31

Ixone Santamaria eta Aroa Arrizubieta, txosnei buruzko agerraldian. Argazkia: ALEA

Txosnagunean GKS eta Etxebizitza Sindikatuaren parte hartzearen garrantzian berresten gara. Datorren urteko jaietan txosnagunean normaltasunez elkartuko garelakoan.

Urtez urte -bosgarrena da hau-, “aurten (ere) GKS eta Etxebizitza Sindikatuak ez dute txosna edukiko” entzutera ohitu garela dirudi; eta, ohitura tranpatia izaten da maiz. Izan ere, betikotzen den hori aukera erraz eta onargarritzat aurkezten zaigu horrelakoetan. Zorionez, urtez urte, harridurak zein kezka zintzoak planto egin diote ohiturari eta, aurten, egoeraren gaindipenaren aldeko ahotsak inoiz baino gehiago entzun ditugu. Hala, indar bereziz ekiten diegu aurtengo jaiei, jakin badakigulako, txosnetan parte hartzeko gure aldarriak babes gero eta zabalagoa duela.

Bide horretatik, luze daramagu egoera desblokeatzea lortuko duen elkarrizketaren beharra mahai gainean jartzen. Hortaz, positibotzat jotzen dugu Txosna Batzordeak emandako pausoa, urrirako ezarri baitu egoeraren irtenbidea ekar dezakeen elkarrizketa abiatzea. Baina urrian ireki daitekeen aukera pozgarria bada ere, oraindik ez dago hura gidatuko duen bide orririk, ezta, dataz haratago, inolako konpromiso espliziturik ere. Elkarrizketa horren esperoan, eta txosnetan gure presentzia oraindik ez dagoela ebatzita ulertuz, aurten ere gure parte hartzearen aldarria zabalduko dugu Gasteizko jaietan.

Azken urteotan, jaietan zehar, gure aldarria lehen lerroan egon den arren, kontziente gara aurtengo jaiak ezberdinak izango direla. Izan ere, Arabako Aldundiak txosnagunearen aurka egindako erasoak garrantzia handia dauka guretzat ere.  Ticekt Bai-a bezalako erasoen eta horien kontrako aldarriei ez diegu bizkarra emango, eta instituzioetatik haratago antolatutako espazio ororen defentsan agertuko gara, burokraten erasoen aurrean. Horrek baina, ez du urteetan luzatzen ari den debekua bertan behera uzten eta, beraz, urrian gainditu beharko den gatazkaren azken aldarria egin nahiko genuke aurtengo jaietan.

Ideologia erreakzionarioak baztertzen dituen espazio zabal eta anitz baten defentsan zein instituzioetatik kanpo modu alternatiboan eta autofinantzaketaren bitartez antolatzen diren eragileei zuzendutako erasoei aurre egiteko, txosnagunean GKS eta Etxebizitza Sindikatuaren parte hartzearen garrantzian berresten gara. Datorren urteko jaietan txosnagunean normaltasunez elkartuko garelakoan.

Aroa Arrizubieta eta Ixone Santamaria, Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatua

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago