IRITZIA

ETTak: 30 urteko lan baldintzen kontrako ofentsiba

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko Laneko Autodefentsa Sarea 2024ko eka. 17a, 13:12

Lanak aldi baterako laneko enpresa. Argazkia: Lanak ETT

"ETTen eta aldi baterako beste lan modalitate batzuen funtzio nagusietako bat da beheranzko presioa egitea, soldatak debaluatuz eta langile guztien lan baldintzak prekarizatuz. Lan harremanen despotismoan sakontzen dute, enpresei erabakitzeko ahalmen handiagoa emanez lan jardueraren baldintzei buruz. ETTen 19 bulego daude Gasteizen eta sektore gehienetan eskaintzen dituzten zerbitzuak"

ETTen legeztatzearen 30. urteurrena den honetan, hauen historiaren birpasoa, gure lan-baldintzetan izandako eragina eta gaur egungo egoera aztertzeko aukera aurkitzen dugu. Horretarako, 1994ko egoerara jo behar dugu, langabezia tasa izugarria zegoen momentua zen hori, %24eko tasa errekorrera ailegatuz espainiar estatuan. Momentu horretan, PSOEren gobernuak, lan-erreformaren bitartez, ETTen jarduna legeztatu zuen, Langileen Estatutuan momentura arte “eskulanaren trafiko” bezala ulertzen zen jarduna. ETTen legeztatzearen ondorioz, langabezian zeuden langile asko haien lan bera egiten ari ziren enpresa erabiltzaileko langileen soldata baino %30 gutxiago kobratzea onartzen hasi ziren. Laster praktika hau hedatu zen, ETTak lan-kontratuen %17a pilatuz soilik 4 urtetan. Horren hedatzea gauzatzeko funtsezkoa izan zen CCOO eta UGTren sinadura ETTen hitzarmen kolektiboetan, kontzesio batzuen truke, haien existentzia ekidinezina zela argudiatuz eta hauen aurkako borroka zapuztuz.

Izan ere, lan-indarraren alokairuko enpresa hauen legeztatzeak hainbat sindikaturen, gazte antolakunderen eta eragile ezberdinen erantzuna eragin zuen. Hauek langileen soldataren zati bat lapurtzeko langabetuen beharraz aprobetxatzen zirela salatzen zuten eta ETTak ixtea helburu zuten kanpainak abiatu zituzten hainbat urtez, kontzentrazioak, okupazioak, sabotajeak eta bestelako ekintza zuzenak burutuz. ETTen kontrako borroka hauek eragiten zuten gainesplotazioan zentratu ziren. Horren ondorioz, 1999an gobernuak aldarrikapen batzuk onartu zituenean, ETTetako langileen baldintzak enpresa erabiltzailearen langileekiko berdinduz eta gainesplotazioa leunduz, borrokak bere indarra galdu zuen. Horregatik, gaur egun ETTei kritika egoki bat egin eta horien aurkako borrokarako oinarriak jarri ahal izateko, funtsezkoa da ETTen izaera eta horiek lan-merkatuan betetzen duten funtzioa ulertzea.

Hausnarketa hori egiteko, haien legeztatzea eman zen testuingurua ulertzea garrantzitsua da. 90ko hamarkadan, espainiar estatuak bere ekoizpen sistema berritzeko beharra zuen, euroaren baitan sartu ahal izateko. Modernizazio horrek lan-merkatuaren malgutzea zekarren halabeharrez. Hau da, lan-merkatua desarautu behar zen, lan-eskubideak ezabatuz eta patronalari botere gehiago emanez lan-indarra nahi eran eskuratu ahal izateko, ekoizpenaren beharren arabera era askean kontratatu eta kaleratu ahal izateko. Zentzu horretan ulertu beharko genituzke lan-erreforma ezberdinak, kapitalaren beharretara egindako lan-legediaren egokitzapen gisa. Dekretu edo elkarrizketa sozialaren bidez inposatutako lan-erreforma guztiek malgutze horretan sakondu dute, kontratu mota berrien edo kaleratzeen merketzearen bitartez, nagusiki.

Kontratu mugagabea daukaten langileen baldintzek okerrera egin dute nabarmen eta behin-behineko langileen baldintzekin gero eta antz handiagoa dute.

Espainiar estatuko “historiako gobernu progresistenak” egindako azkenengo lan erreformaren inguruko propagandak, ordea, behin-behinekotasuna, langabezia eta prekarietatea murriztu dituela antzeman dezake. Behintzat, horren etengabeko ospakizuna ikusi dezakegu sozialdemokraziaren kontakizun triunfalistan. Eta egia da kontratu moten sinplifikazioak behin-behinekotasun tasak murriztu eta etengabeko kontratuak handitu dituela, kontratu mugagabeak sustatuz eta behin-behineko kontratu forma batzuk ezabatuz. Hala ere, hau guztia aldizkako finkoen (fijos discontinuos) kontratu motaren bitartez lortu da. Figura honek behin-behinekotasun eta langabezia tasen itxuraldatzea ahalbidetzen du, jarduerarik gabeko denboraldietan dauden langileak datu horietan agertzen ez baitira. Hain zuzen ere, kontratu hauetako langileak jarduerarik gabe geratzea Gizarte Segurantzan baja ematearen bigarren arrazoi nagusia bihurtu da. Horrez gain, ETTak kontratu mota honetaz atera duten probetxua nabarmendu beharko genuke, kudeatzen dituzten kontratuen %45a bilakatu baitira jada. Adibidez, 2023ko abenduan aldizkako finkoen kontratu guztien %94a sinatu zuten eta, EAEko lan-merkatuan, abendu horretan ere, 4 kontratuetatik 1 ETTen bidez egin zen.

Beste alde batetik, behin-behinekotasuna baldintzatzen duen faktore bakarra ez da kontratu mota, kaleratzearen erraztasuna ere funtsezkoa da. Eta kaleratzeak, gogora dezagun, berdin jarraitzen du: bidegabeko kaleratzearen merketasunak berdin jarraitzen du, tramitazioko soldatak ez dira berreskuratu, kaleratze objetiboaren arrazoiak mantendu dira… Horri gehitu beharko litzaioke, kontratu mugagabeen ugaritzearen aurrean, probaldia ez gainditzea ezkutuko kaleratze tresna gisa erabili dutela enpresariek, %5etik %20-25era igoz. Beraz, enplegua sortzeko eta suntsitzeko ereduek aldaketa handirik pairatu ez dutela ikus genezake.

Horren ondorioz, ezin dezakegu esan gaur egungo enplegua egonkorragoa edo ez hain prekarioa denik. Hain zuzen ere, ezegonkortasuna eta prekarietatea lanpostu mugagabeetara ere hedatu da. Hori argi ikus daiteke kontratu mugagabeen borondatezko bajek aldi baterako kontratuetako borondatezko bajak gainditu dituztenean. Horrek erakusten du kontratu mugagabea daukaten langileen baldintzek okerrera egin dutela nabarmen eta behin-behineko langileen baldintzekin gero eta antz handiagoa dutela.

Mercedeseko azpikontrata gehienetan, sarrera filtro moduan funtzionatzen dute ETTek, langileak disziplinatzeko mekanismo gisa.

Aldaketa hauek geroz eta langile gutxiagok lanaldi osoko lan finkoa izateko joerarekin batera aztertu behar ditugu. Hau da, lan merkatua jada eskura dagoen lan indar guztia xurgatzeko gai ez den une batean, kapitala malgutasun handiagoa ezartzen saiatzen da, langileak etengabe lan merkatutik sartu eta irten daitezen, enpresarien beharren arabera. Era berean, langile finkoen lan baldintzen beheranzko berdintze hau ezinezkoa izango litzateke, langile klasearen baldintza orokorretan beheranzko presioa eragiten duten mekanismorik gabe. Eta hori da, hain zuzen ere, ETTen eta aldi baterako beste lan-modalitate batzuen funtzio nagusietako bat, beheranzko presioa egitea, soldatak debaluatuz eta langile guztien lan-baldintzak prekarizatuz.

Baina ETTek, soldata kostuak merketzeaz gain, lan eskuaren diziplinatzea dute funtzio nagusitzat. Lan harremanen despotismoan sakontzen dute, enpresei lan-jardueraren baldintzei buruz erabakitzeko ahalmen handiagoa emanez. Izan ere, lehen ETTetako edo aldi baterako langileek pairatzen zuten diziplinatzea (sarrera filtroen, lanaldien aldebakarreko ezarpenaren, mugikortasun geografikoaren edo askatasun sindikala de facto ukatzearen bidez) langile finkoetara hedatu da gaur egun, aldizkako finkoen edo praktiketako kontratuen bitartez, besteak beste.

Amaitu aurretik, joera hauek lurreratu ahal izateko, gure hiriko lan-baldintzen egoeraren erradiografia azkar bat egitea argigarria izan daiteke. Lehenik eta behin, esatea, Gasteizen 2023an, egindako 4 kontratuetatik soilik 1 mugagabea izan zela eta 3tik 1 lanaldi osoan. Beste alde batetik, ETTei dagokionez, horien 19 bulego aurkitzen ditugu Gasteizen eta eskaintzen dituzten zerbitzuak sektore gehienetara hedatzen dira, baina industrian daukaten pisua nabarmendu beharko genuke. Hain zuzen ere, industriako hainbat enpresetan, adibidez Mercedeseko azpikontrata gehienetan, sarrera filtro moduan funtzionatzen dute. Hainbat urtez ondo lan eginez gero eta enpresari inolako arazorik sortu gabe, bertan lan finkoa lortzea posible da. Diziplinatzeko mekanismo horri, janzkera ezberdina eramatea gehitu beharko genioke, enpresako eta ETTetako langileen arteko ezberdintasunak irudikatuz eta horien arteko banaketa indartuz. Honek guztiak enpresarien gehiegikeriei aurre egiteko ezintasuna, eskubide sindikalen eta klase-batasunaren galera dakar nahitaez.

Beraz, ETTen legeztatzetik 30 urtetara, horien existentzia guztiz normalizatuta dagoela ikusi dezakegu. Honen aurrean, langile klasea diziplinatzen eta zatitzen duten eta bere baitan maila ezberdinak ezartzen dituzten kontratazio mota horiek guztiak desagerrarazteko borrokatu behar dugu. ETTekin, azpikontratekin, azpienpleguarekin, soldata eskala bikoitzekin eta gainerako zatiketa moduekin amaitu behar dugu. Horiekin amaitu behar dugu, burgesiaren funtsezko mekanismoa baitira soldata eta lan baldintza orokorrekiko beheranzko presioa egiteko, eta, zentzu horretan, langile guztion lan baldintzak goitik berdintzeko borrokatu behar dugu. Horiekin amaitu behar dugu ere, langileon zenbait geruzatan sortzen duten miseria eta babesgabetasuna desagerrarazteko. Horretarako, ezinbestekoak zaizkigu klase batasuna eta diziplina horren menpe dauden langile guztien eskubide sindikal eta politikoen aldeko borroka. Guztiontzako kalitatezko lan baldintza berdinen alde, ETTak suntsitu!

Gasteizko Laneko Autodefentsa Sarea.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago