Iritzia

Harrotasun Frikiaren Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Markel Elortza 2024ko mai. 27a, 16:55

"Duela hogei bat urte horrelako zaletasun bat izateak arraroa izatea suposatzen zuen, 'bitxo arraro' bat izatea, alegia"

Aurreko larunbata, maiatzak 25, Harrotasun Frikiaren Eguna izan zen. Friki izatea nahiko normalizatua dago gaur egun eta zaletasun batekin lotua dago: komikiak, mahai-jokoak, zinema, musika… Baina ez da beti horrela izan. Duela hogei bat urte horrelako zaletasun bat izateak arraroa izatea suposatzen zuen, "bitxo arraro" bat izatea, alegia. Friki talde batek euren zaletasunak ospatzea erabaki zuten 2006. urtean eta gerora mundu osora zabaldu izan da, maiatzaren 25a Harrotasun Frikiaren Eguna bilakatuz (Star Wars filmaren lehen estreinaldiaren omenez).

Nik ere baditut nire zaletasunak: musika, saskibaloia, historia, familiarekin egotea, irakurtzea, mahai-jokoak… eta azken honen inguruan hitz egingo dizuet. Izan ere, oso gogoko dut nire denbora librean mahai-jokoetan aritzea. Azken urteetan, sektore honek sekulako iraultza izan du eta gaur egun friki kopurua duela hogei urte baino askoz ere handiagoa da. Nire joko kuttunetako bat Twilight Struggle da, Gerra Hotzeko bi jokalarirentzako estrategia jokoa. Online edo aurrez aurre joka daiteke, baina nik partida gehienak sarean jokatzen ditut. Bertan, Euskal Selekzioa sortu genuen eta beste selekzioen aurka jokatzen hasi berri gara, Nation Cup txapelketa jokatzeko sailkatuz. Nire frikismoaren langak goia joko du uda honetan, Greziako Kythira irlan ospatuko den 2024ko Twilight Struggle Konbentzioan izango naiz eta!

Nire zaletasunek friki egiten naute, eta zu frikia al zara?

Markel Elortza.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago