Norberaren errua beste norbaiti leporatzea. Horrelaxe laburbil genezake izenburuan ageri den euskal esaera zaharraren esanahi nagusia. Eta horixe egin du, hain zuzen ere, Gasteizko Udalak Lazarraga elkartearekin. Egun hauetan Gasteiz Antzokiaren aldeko Plataformak behin baino gehiagotan adierazi duen bezala, Gasteizko Udalaren aurreko eta oraingo legegintzaldietako udal-gobernuek ez dute Lazarragarekin sinatutako hitzarmenaren zati handi eta garrantzitsu bat bete, eta, horren eraginez, hona hemen gaur egun bizi dugun egoera lazgarria: Gasteiz Antzokiak zabaldu gabe jarraitzen du oraindik (Udalaren erantzukizun ziren hainbat baimen administratibo garaiz bideratu ez izanaren ondorio zuzena, besteak beste), eta egitasmoa aurrera eramateko lehiaketa publikoa irabazi zuen irabazi-asmorik gabeko elkartea (Lazarraga elkartea) hilzorian dago.
Gasteiz Antzokia herri-egitasmo estrategikoa da, hasiera-hasieratik elkarlanean oinarritu dena. Elkarlana du amets eta helburu. Eta etorkizunean ere horrela beharko duelakoan nago. Baina, horretarako, nork bere erantzukizunari heldu behar dio.
Ni ere, beste asko eta askoren antzera, bildotsa sentiarazi nau ardiak. Eta kalte-ordainak eskatu nahi dizkiot
Izan ere, ardiak (hitzarmenaren bere zatia guztiz bete ez duen aldeak, alegia) ez du emandako hitza bete, eta, orain, bildotsari (hau da, hitzarmenaren bere zatia bete duen aldeari) bota nahi dizkio kulpak. Egoera kafkiarra —Gasteiz Antzokiaren aldeko plataformaren hitz egokietan—, egoera erabat zentzugabea eta estugarria baita, inondik ere. Eta guztiz aldrebesa, agian bildotsak eskatu beharko bailizkioke ardiari kalte-ordainak.
Ni ere, beste asko eta askoren antzera, bildotsa sentiarazi nau ardiak. Eta kalte-ordainak eskatu nahi dizkiot. Gasteiz Antzokia garaiz eta hitzartu bezala zabaltzeko beharrezko lan burokratikoa eta administratiboa ez egiteagatik. Gaur egungo ezohiko egoera honetan Lazarraga elkarteko kideekiko eta Gasteizko euskaldunokiko enpatia falta itzela erakusteagatik. Konponbiderako inolako borondaterik ez erakusteagatik. Gasteizko biztanleok (euskaldunak izan ala ez) urte eta erdi luze batean euskarazko kultur-jarduerarik gabe uzteagatik. Azken batean, utzikeria galantaz jokatzeagatik.
Udala da egoera tamalgarri honen erantzule bakarra, eta bere esku dago egoerari buelta ematea, gasteiztar guztiontzat estrategikoa den herri-egitasmo hau berandu baino lehen gauzatu dadin.
Fito Kerexazu Balantzategi.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.