40 urte atzerago, Araba feudo espainiarra zen. Zer gertatu da orduz geroztik tamaina horretako aldaketa izateko: Biduren garaipen ukaezina azken hauteskundeetan?
Egitate singular hau ezin da ulertu prozesu ebolutibo batetik abiatuta, zeinaren bidez kontzientzia espainiarra euskal kontzientzia bihurtu den. Guk uste dugu tamaina honetako aldaketa soilik gertakizun baten sorreratik uler daitekeela: egitate singular bat, lehena (Álava, España) eta geroa (Araba, Euskal Herria) markatzen duena gertatzen den tokian. Hau da, ustekabeko zerbait, zaharra utzi (identitate espainiarra) eta berria sortzen duena, euskal hizkuntzan eta kulturan oinarri duena. Ikus dezagun zertan datzan kontzientzia berri honen gertakizun fundatzailea.
Ez dezagun ahaztu 40 urte atzerago Araban ezinezkoa zela euskalduntzea. PSOEk eta PNVk A eta B ereduak inposatzen zizkiguten, esanaz, hezkuntza euskaraz bideraezina zela gure herrialdean.
Toki Eder ikastolaren borroka luzeak gure gazteriaren eta gure lurraldearen euskalduntzearen oinarriak ipini zituen. Gogoratu dezagun, prozesu hori interpelazioari esker mamitu ahal izan zela, ENAMek, herri honen gaur egungo askatasun-borrokaren gertakizun fundatzaileak, gure kontzientziari eginiko deiari esker gertatu ere, PNVk erakutsitako pasibotasunaren aurrean. Egitate singular honek, zuzenean edo zeharka, gure gazteria osoa, euskaldunak zein ez euskaldun, gure herriaren deiari sentikor, markatu du eta markatzen du, gaur arte. Gogoratu dezagun gertakizun oro beti subjektu singular batean gauzatzen dela (ENAM, Toki Eder, kasu honetan), berria aldarrikatzeko gai dena, zabaltze-gaitasun handiaren jabe, eta efektu iragarriezin eta sumaezinak dituena, harekiko errefraktario direnentzat ikusezinak.
Ez dezagun ahaztu 40 urte atzerago Araban ezinezkoa zela euskalduntzea. PSOEk eta PNVk A eta B ereduak inposatzen zizkiguten, esanaz, hezkuntza euskaraz bideraezina zela gure herrialdean
Horri dagokionez, analista espainiar gehienak ez dira gai izan Bilduk Araban izan duen garaipen ukaezinaren benetako arrazoiak ikusteko. Gehien-gehienek (euren artean Ortuzar jaunak), zioten hazkunde hori Podemosen botuemaile zaharretatik zetorrela. Gogoratu dezagun, Podemosi masiboki eman zitzaiola botua, ustez, Madrilen, gure herriaren eskubide nazionalak, eta gure presoenak, defendituko zituela. Behaturik hau ez dela horrela izan, emeki-emeki desagertzen joan dira.
Aldiz, aitortu beharra dago, kazetari gazte batek, kate espainiar ezagun bateko tertulianoa berau, esan zuela Arabako gazte gehienek Bilduri eman ziotela botua, euskaraz mintzatzen zitzaielako. Bere erara, esaten ari zen euskal identitatea (euskara eta kultura), zeinaren prozesua aipatu dugun, Bilduk Araban izan duen garaipenaren oinarrian zegoela.
Konbentziturik gaude prozesu honen jakitun dela Bildu, eta orain arte jarraitutako bidea berretsiko duela.
Nicolas Xamardo eta Xabier Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.