Iritzia

Ekialdeko zuzendaritza autoritarioaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Ikasle Abertzaleak 2024ko mar. 19a, 17:00

Ikasle greba deitu du Ikasle Abertzaleak-ek martxoaren 20rako. Irudia: @IAbertzaleak

"Martxoaren 20ko ikasle grebaren dinamikan bete-betean murgilduta gauden honetan, aipatu beharra dugu Ekialde BHIko zuzendaritzak ikasleria antolatuaren aurka hartutako hautu argia".

Asteak dira Ikasle Abertzaleak-etik Inposizioen eta negozioen hezkuntza borrokatu! lemapean, martxoaren 20ko ikasle grebako deialdia zabaltzen hasi ginenetik. Ordutik, Gasteizko ikastetxe ugaritan ibili gara ikasle grebaren deialdia eta inposizioen hezkuntzaren aurrean mobilizatzearen beharra ikasleen artean zabaltzen.

"Ikasturte hasieratik ohiko bihurtu dira jardun politikoa aurrera eramateagatik jasandako debeku eta zigorrak"

Ikasle grebaren dinamikan bete-betean murgilduta gauden honetan, aipatu beharra dugu Ekialde BHIko zuzendaritzak ikasleria antolatuaren aurka hartutako hautu argia. Izan ere, ikastetxe honetan ikasturte hasieratik ohiko bihurtu dira jardun politikoa aurrera eramateagatik jasandako debeku eta zigorrak. Alabaina, azken asteotan areagotu egin dira politika egiteko baldintzen aurkako erasoak: parteak, mehatxuak, gurasoei deiak, propaganda sistematikoki kentzea, klase pasak egitea debekatzea... Badirudi zuzendaritza honi larriagoa iruditzen zaiola ikasleria antolatuak propaganda egitea, propaganda horretan salatzen dena baino.

Inposizioen hezkuntzaz ari garenean, besteak beste, horrelako adibideez ari gara. Hain zuzen ere, kasu hau ikastetxe soil bateko adibide konkretua izatetik urrun, azken urteotan hezkuntza sistema kapitalistak hartutako norabidearen ezaugarrietako bat baino ez da. Izan ere, inposizioetan eta askatasun ezan oinarritutako hezkuntzan sakoneko aldaketa ugari ematen ari dira: azken erreforma eta legeek ekarritako eskumenetan oinarritutako heziketa eredua, ikasleok gure hezkuntza prozesuaren gainean dugun kontrol eza, hezkuntza geroz eta baztertzaileagoa, kontrol mekanismoen ugaritzea...

"Alternatiba bat mahaigaineratzen duen borondate oro zapuzteko hezkuntza eredu autoritarioago baterantz goaz"

Hori gutxi ez, eta horrek guztiak sortzen duen atsekabea kontrolatuta mantendu eta horren aurrean alternatiba bat mahaigaineratzen duen borondate oro zapuzteko hezkuntza eredu autoritarioago baterantz goaz. Hortaz, gertatutakoa testuinguru horren baitan kokatu behar dugu.

Beste behin ere, argi geratu da zuzendaritza burokratek ezarritako debeku eta zigorren aurrean, inposizioen hezkuntzari aurre egiteko, ikasle langileoi antolatzea eta mobilizatzea besterik ez zaigula geratzen. Horregatik, dei egiten diogu ikasleria langileari martxoaren 20an greba egin eta 12:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera.

Ikasle langileok egun bizi dugun errealitatea salatzen eta ikasle langileon interesak defendatzen jarraituko dugulako. Konpromisoan eta eguneroko lan desinteresatuan oinarritutako militantzia politikoak aurrera egiten jarraituko duelako, ikastetxez ikastetxe borrokarako deia zabaltzen eta inposizio orori aurre egiten. Ikasle langileon ongizatea eta garapen askea bermatuko duen hezkuntza sistema sozialistaren aldeko hautua geldiezina delako.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 20an ikasle langileok grebara!

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago