1963an Laudioko ekoizpen planta martxan jarri zen, Tubacexen historiari hasiera emanez. Aurten konpainiaren 60. urteurrena betetzen da. Efemeride horiek atzera begiratzeko aukera ona izan ohi dira, eta LABeko atal sindikaletik egindako bidea eta egungo egoera aztertzen ditugu.
"Tubacex hasieratik eskualdeko enpresa motorra izan zen; bizilagun askori eman zien lana"
Asko dira enpresa honetan eman diren aldaketak. Tokiko enpresa gisa hasi ginen, altzairua eraldatzen eta karbonozko hodiak fabrikatzen. Urte gutxiren buruan hasi zen hazten eta irabaziak lortzen, eta 1975ean Amurrion altzairutegi propio bat jarri zen martxan, Acería de Alava elkartea sortuz. Tubacex hasieratik eskualdeko enpresa motorra izan zen. Bizilagun askori eman zien lana, eta, aldi berean, aberastasuna beste askoren artean banatzea ahalbidetu zuen, bizilagun horiei zerbitzu emateko negozio partikularren bitartez. Horrela sortzen dira bizitza duinak berma ditzaketen gizarteak eta zergak; hau da, zerbitzu publikoak ahalbidetzen dituztenak: osasungintza edota gizarte ororen etorkizuneko motorra diren gure seme-alabentzako hezkuntza.
Tubacexen ibilbide industriala ez da samurra izan, asko izan baitira konpainiak izan dituen zailtasunak. Aipatzekoa da 1992an izandako finantza krisia: gure lankide eta auzokide askok kalera irten behar izan zuten Ertzaintza hasiberri haren aurrean beren lanpostuak defendatzeko. Pertsona horien borrokari esker, haien arazoa ez zen ahanzturan erori, eta garaiko botere publikoak langile haien alde eta, azken batean, eskualde osoaren alde egitera behartu zituzten. Krisi horren ondoren, gure lan zentroek karbonozko hodiak alde batera utzi zituzten altzairu herdoilgaitzezkoak fabrikatzen hasteko, gaur egun ere ekoizten dugun produktua.
"Zertarako balio dio Aiaraldeari Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzak Austrian ekoizpen-planta bat sortzeko erabiltzeak?"
Baina, gaur egun, konpainia honen arazorik handiena ez da egiten dugun produktua edo erabiltzen dugun materiala. Tubacex multinazional bihurtu dute, eta erabakiak gure esparrutik kanpo hartzen dira. Zertarako balio dio Aiaraldeari Tubacexek 60 urte betetzeak, Administrazio Kontseiluak onartutako azken inbertsioak Abu Dhabin ekoizpen-planta bat eraikitzeko baldin badira? Zertarako balio dio Aiaraldeari Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzak Austrian ekoizpen-planta bat sortzeko erabiltzeak? Aiaraldeak eta Tubacexeko langileok ezin dugu urteurrenik ospatu hemen sortutako aberastasuna beste nonbaitera nola eramaten duten ikusten dugun bitartean.
Multinazional gisako garaiotan, Arabako lantegietan ere gure lanpostuak defendatzea egokitu zaigu. Administrazio Kontseiluak kostuak aurrezteko planteatutako plan batean 10 milioi euro falta zitzaizkion Tubacexi, eta 150 langileren bizkar ezarri zuten kostu hori. Gauzak horrela, 2021ean iraungitze EEEa ezarri ziguten. Botere ekonomikoek hitz egin zuten, botere politikoak, Eusko Jaurlaritza eta EAJ isilik eta bidegabekeriok egitea ahalbidetzen zeuden bitartean. Hori ez zen bakarrik Tubacexeko langileentzako EEE bat izan, eskualde osorako izan zen. Erantzun egin genuen eta elkarrekin eutsi genion gure gizartearen aldeko borrokari, 236 egunez greba mugagabea eginez. 2021eko San Fermin bezperan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zigun, eta EEE hura justifikaziorik gabekotzat eta baliogabetzat jo zuen; zezenak harrapatu zuen zuzendaritza.
"Ez zen bakarrik Tubacexeko langileentzako EEE bat izan, eskualde osorako izan zen"
Ez da erraza izaten ari Tubacexeko langile izatea gaur egun. Gatazka bukatu eta "mirarizko errekuperazioaren" ondoren, non bat-batean agertu ziren eskaerak eta guztiontzako lana zegoen, soldaten izoztea aplikatu ziguten, azken urte hauetako neurrigabeko inflazioarekin bat egin zuena.
Baina gastuari eusteko neurri horrek ez die langile guztiei eragiten; izan ere, greban parte hartu ez zutenek beren errebalorizazioak izan dituzte. Mingainari kosk egin eta haiek kaleratzeen zerrendan sartu zituzten horiek berriz onartu behar izan zituzten gogoz kontra; badirudi hori garesti ateratzen ari zaigula. Horietako asko oraindik ez dira jatorrizko lanpostuetara itzuli, eta beren kategoria profesionala errespetatzen ez zaien beste batzuetan dihardute. Errepresaliatuen kolektibo honek EEEaren aurretik betetzen zituzten lanpostuetan lanean jarraitzeko eskubidea defendatzeko planteatutako borroka oso gogorra izaten ari da kaltetuentzat. Aipatutako jokabideak deuseztatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak bermatutako epaiak egon arren, egungo zuzendaritzak ez ditu onartu nahi eta Espainiako Auzitegi Gorenean errekurtsoak aurkezten ditu, zigor neurria denboran luzatzeko asmoz.
"EEEaren aurretik betetzen zituzten lanpostuetan lanean jarraitzeko eskubidea defendatzeko borroka oso gogorra izaten ari da kaltetuentzat"
Adibidez, duela gutxi, epai batek 13.000 euro baino gehiago ordaintzera kondenatu zuen enpresa, langile bati oinarrizko eskubideak urratzeagatik. Jardunaldi murriztudun ama eta greban langile aktiboa izanda, ondoren ezarritako aldi baterako lan erregulazio espedienteak bere lankideei baino gehiago eragin zion, bikoitza hain zuzen ere. Azpimarratu behar da Tubacexeko emakume langileek erakutsi zuten indarra, adibidez, 2021eko martxoaren 8an eskirolak zeramatzan zuzendaritzaren autobusa Laudioko instalazioetan ez sartzea lortu baitzuten, Ertzaintza desegiten ausartu ez zen pikete feministaren buru izanik.
Zenbaezinak dira zuzendaritza honek oinarrizko eskubideak urratzeagatik dituen kondenak. Epai irmoa da, halaber, zuzendaritzak sustatutako ekintza sindikalaren bidezko urraketa egon zela dioena; izan ere, morroi gisa jardun zuten beste batzuekin batera, Lantokiarteko Batzordeko langileen ordezkari bat baztertu zuten, hala, gehiengoz, esanekoa izango zen batzordea lortzeko asmoz.
60 urteko historiak askorako ematen du, eta asko dira zuzendaritza organoetatik igaro diren pertsonak, batzuk hobeak eta beste batzuk okerragoak. Baina hau bada 60. urteurrenean zoriondu nahi duten enpresa eredua, gu ez gaude prest. Bestalde, badira enpresa hobe eta sustraidun baten alde lan egin eta borrokatu duten beste pertsona batzuk. Azken finean, gizartearekiko erantzunkidea den enpresa bultzatu dutenak. Hori da interesatzen zaigun borroka.
Zorionak Aiaraldea hobe baten alde borrokatu egin zuten, borrokatzen duten eta borrokatuko duten guztiei!
Sergio Zaballa, Tubacexeko LABen sail sindikaleko kidea
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.