Iritzia

Zaindu maite duzun hori

Erabiltzailearen aurpegia Karla Fernandez de Labastida Ansotegi 2023ko ira. 25a, 13:00

Olarizuko Labirinto Begetalaren proiektua. Argazkia: Gasteizko Udala

"Gasteizko hegoaldean udalak eraiki nahi duen Landare Labirintoarekin inguru honenganako lasaitasuna eta errespetu tradizionala galduko da, eta geroago damutu beharko dugu".

Olarizu bake aterpea da niretzat, naturak ematen didan lasaitasuna benetako berdetasunarekin, artifiziorik gabe. Kantauri itsasoak transmititzen didan bakea ekartzen dit gogora, baina Arabako Lautadatik irten barik. Olarizuko Lorategi Botanikoa esaten duten hizkietatik sartzen naizen momentutik, hiriko zalaparta nahiz eguneroko arazoak atzean uzten ditut eta naturarekin harreman zuzena hartzen dut, benetako reset bat lortuz.

"Olarizu da askorentzat hiriko biriki garrantzitsuenetako bat"

Ematen didan bake horrek nire ideiak antolatzen laguntzen dit, eta pauso gutxitan bainuetxe edo spa antzeko batera eramaten nau, bainuetxe natural batera, hain zuzen ere.

Olarizu da askorentzat hiriko biriki garrantzitsuenetako bat. Horregatik, hiri kanpoko lagunak datozenean, berau ezagutzera eramaten ditut. Arrakasta ziurtatuta dago. Goizean Alde Zaharraz gozatzen dugu, bazkaltzeko babarrun gozo batzuk, eta arratsaldean eraztun berdetik buelta bat ematera eramaten ditut, nire hiriko txoko kuttunera: Olarizura.

Edozein turistarentzat plan ezin hobea da, natura bere puri-purian bisitatzea, denborarekin eta lasaitasunez. Naturak ematen dizkigun propietate sendagarriez barneratzen baita, orain dela hiru urte ikusi genuen bezalaxe hiriko parkeek Dato kaleak duen jende mugimendua izan zutenean.

Kontuan izan behar dugu Gasteizko hegoaldean udalak eraiki nahi duen Landare Labirintoarekin inguru honenganako lasaitasuna eta errespetu tradizionala galduko dela, eta geroago damutu beharko dugula.

"Errespeta dezagun natura 5.000 metro karratuko hesiz osatutako Landare Labirinto bat eraiki gabe"

Errespeta dezagun natura 5.000 metro karratuko hesiz osatutako Landare Labirinto bat eraiki gabe, monolaborantza bakarra izango duena. Apustua egin dezagun inguruko biodibertsitatearen nahiz pertsona, animali eta landareen arteko bizikidetzaren alde.

Esaten dutena esaten dutela, iraunkorra ez den turismoa erakarriko du, eta iraunkorra den turismo plan batetik jaso denez Europako diru-laguntza, onartezina da.

Gure ardura da lehenengo Olarizuko zelaia ez ukitzea eta hurrengo belaunaldiek goza dezatela. Instituzioei biodibertsitatea errespetatzeko eskatzen diet, bai eta gasteiztarrak Olarizuko lehenengo zelaiaren defentsan altxa daitezen ere.

Karla Fernandez de Labastida Ansotegi

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago