Iritzia

Lasterketa autoak Europako Mugikortasunaren Astean

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Gallastegi 2023ko ira. 21a, 17:54

Arg: Nerea Gallastegi.

"Lasterketa autoek mugikortasunarekin zer lotura duten asmatu ezinik, zer beste gauza egin duten jakin nahi izan dut"

Hamar urteko alaba poz-pozik etorri zait gaur ikastetxetik, atsedenaldiaren ostean ez baitute eskolarik izan. "Ez? Eta zer egin duzue?", galdetu diot. "Hau", erantzun dit, eta argazkian ikusten den autoa erakutsi. "A bai? Zer dela eta?”, jakin nahi izan dut. "Mugikortasuna dela eta; hori esan digu maisuak".

Jakin badakit, ostiralean, hilak 22, Autorik Gabeko Nazioarteko Eguna izango dela eta aste hau Europako Mugikortasunaren Astea dela, eta pentsatu dut horren harira zer edo zer antolatuko zuela udalak eskolan (ikus Gasteizko Udalaren logoa daukala paperezko autoak). Dena den, bi ekimen horien helburuak kontuan harturik, bitxi samarra iruditu zait autotxoarena, eta alabari galdetu diot ea autoez gain bestelako ebakigarririk eman ote dioten aukeratzeko. "Auto normalak eta lasterketa autoak zeuden", esan dit.

"Argi samar geratu zait nahastuta eta 'deskolokatuta' dagoena ez naizela ni, Gasteizko Udala baizik"

Lasterketa autoek mugikortasunarekin zer lotura duten asmatu ezinik, zer beste gauza egin duten jakin nahi izan dut, eta alabak azaldu dit pertsona batek mugiarazten zuen noria batean eta beste tramankulu batean ibili direla eta tamaina handiko jolas batzuekin jolastu direla.

Geroz eta "deskolokatuago", eta gurasoen whatsapp taldearen bidez nire alaba asmakeriatan ez dabilela baieztatu ondoren, Internetera jo dut, Europako Mugikortasunaren Astearen webgunera, eta ikusi dut aurtengo leloa honako hau dela: Aurreztu energia, eta helburu hori lortzeko, hau proposatzen dutela: garraio publikoa erabiltzea, oinez edo bizikletaz ibiltzea, autoa alferrik ez erabiltzea (eta are autoa ez erabiltzea ere) eta gidatzean abiadura 10km/h murriztea. Hori ikusita, argi samar geratu zait nahastuta eta "deskolokatuta" dagoena ez naizela ni, Gasteizko Udala baizik.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago