Gogoangarria. Historia liburuetan eta bideoteketan gordetzeko modukoa. Hala definitu dute itzali berri duen Euskadi Irratiko saioan. Aurretik mutututako telebista itzali du. Gogoa bero du. Miresten dituen bere izarren eraso festa, talde estrategia, pattalaldiak, berpizteak, kontraerasoak… Denetarik izan du gaurko etapak. Eta gogoberotuta, telebistako irudiak eta irrati esatarien esanak gogoan bero dituela, culottea eta maillota jantzi eta badoa kalera.
Ohartu orduko Durruma atzean utzi du. Eta bihazka bizian pasa da Aguraindik. Miresten dituen txirrindularien pare sentitzen da: azkarra, pedal kolpe sendokoa, kilometroak ziztu bizian irensten… Ziztu betean aurrera doa. Di-da batean Dulantzi begi-bistan jarri zaio. Idoloen pare, bizi, arin, trosta bizian dabil bizikleta, kilometroak irensten, bata bestearen atzetik; aseezin.
Eskuinera hartu du, Oreitiara. Zerbait sentitu du. Herria pasa eta Argomaizerako bidea hartzean jabetu da. Zer arrraio! HAIZEA! Kaka zaharra!!! Hurrengo kilometro erdian esan duen biraorik xamurrena izan da hori. Zeharka jotzen dio ipar-ekialdeko haizeak, ordura arte ipurtaldetik bultzatu dion bera. Kaka zaharra! Haizearen kontra bueltatu beharko dut etxera orain. Bere burua madarikatu du: nola arraio ez da jabetu ordura arte aldeko haizearekin ari zela? Ez zuela sasoirik halako bataz bestekoarekin ibiltzeko?
Argomaizerako aldapak lurreratu du bere pentsamendua. Itto beharrean ari da maldaren eta haizearen kontra. Mantso. Kalteak txikitzeko erabakiak zentzuz hartu beharra dut. Porlanezko oinek emandako pedal kolpeen artean iritsi da aurreneko erabakia: Agur, Barrundia! Etxerako ahalik eta biderik motzena, lauena egiten ahaleginduko naiz. Berehala zerrendatu ditu herriak: Etxabarri-Urtupiña, Arrieta, Gazeo, Agurain. Behin eta berriro errezitatu ditu Argomaizetik jaisten ari dela. Beldur da, baina aurre egin beharko dio. Eskuinera biratu eta aurrez aurre jotzen duen haizeari aurre egin beharko dio. Hasi du itzulera operazio sufritua. Indarra behar baita hormigoi trinkoz eginak diruditen hanka horiei eragiteko.
Penitentzia latza du aurretik. Harrokeriak ahaztu eta bazter utzita, kilometro kontagailuari kasurik ez egitea erabaki du. Ahalik eta pedal kolpe duinenari eusten ahaleginduko da, bareek aurreratuko badute ere. Temati ari da parez-pare jotzen duen haize temosoa. Helburua? Agurainera nola edo hala iristea. Gero gerokoak. Haitz puskak bihurtu zaizkion oinei eraginez aurrera egiten du, ahalegin betean, mantso.
Buruan pilotu automatikoa duela, aurrera egitea da aukera bakarra. Aurrera, kosta ala kosta. Haize pareta urratzen duela sentitzen du batzuetan. Pareta murru gotortua iruditzen zaio besteetan. Bide bazterrean gelditu eta telefono deiaren komodina erabiltzea otu zaio. Une batez. Gelditzen zaion duintasun tanta bakarra ez da izerdiarekin joan. Ez da gelditu. Ez du telefonorik hartu. Ez du deirik egin. Pedalei nola edo hala eragin die, ez besterik, pedalak.
Pilotu automatikoak berak pasarazi dio Agurain. Zalduondo? Jabetu da ideia txarra dela: kilometro gehiago! Poztu da sena bere partez erabaki zentsudun bat hartu duela jabetu denean. Mezkiako bidean baita. Haize kontra hala ere. Herritik hegoalderako bideak gora egin du, baina haizeak zeharka jotzen dio ezkerretik. Bere pedal kolpeak duintasun apur bat berreskuratu du. Ezer gutxi. Igo du aldapa eta ezkerrera egin du. Haizea, atzera ere, parez pare. Baina errepidean aldapa behera. Goazen! Animatu du bere burua. Durrumako bidegurutzea bertan da.
Araiako industrialdeko bidegurutze pasata eskuinetik jotzen dio temoso haizeak. Bide bazterreko seinaleak hiru aukera aurkeztu dizkio hurrengo bidegurutzerako: Zalduondo, Araia, Egino. Herriko izena kartelean ikustean bere burua animatu du txirrindulari sufrituak: Gutxi falta da, animo!
Araiako bidegurutzean eskuinera hartu du. Trafiko seinaleak gaztigatu duenez, 5 kilometro. Bera eta etxearen arteko distantzia horixe, besterik ez. Parez-pare, haizea. Kontra, ufadak handiagoak direla iruditzen zaio. Ahuldadea gora doa. Poza bide bazterretik etorri zaio. Seinaleak 4 kilometro falta direla jakinarazi baitio. Berri onari kontra egin dio, ordea, bizikletako kilometro kontagailuak. Bidegurutzetik 100 metro eskasera dago seinale hori. 100 metroan kilometroa? Nahi luke, baina ez. Eman pedalei eta utzi bakean seinaleak. Erritmo jarrai bati ezin eutsi ari dela, Araiako tren geltokirako bidegurutzean seinale gehiago daudela ikusi du. Eta bizikleta harrikan botatzeko gogoa piztu zaio etxea 6 kilometrora dagoela ikusi duenean. Kontagailuak gaztigatu dio aurreko seinaletik 400 metro eskas daudela. Zertan dabiltza Foru Aldundikoak! Nahiko lan eta, gainera gurekin jolastu nahian edo? Burua eskastuta, pedal kolpea, parean haizea duela, etxerako bidea, besterik ez du egin nahi txirrindulari sufrituak. Pedalak. Pedalak. Pedalak. Eman, eman, eman.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.