Pasa den abuztuaren 6an, Gasteizko jaien zurrunbiloaren erdian, 40 urte bete zituen Hala Bedi irrati libreak. Lau hamarkada dira baliabide gutxi baina ilusio eta malaletxe askorekin emisora pirata Arabako uhinak astintzen hasi zela. Nik ez hainbeste baina batzuk bai, urte batzuk eman ditut etxe santu honetan. Hain zuzen, 2001 urtearen bueltan hasi nintzen Suelta la Olla albistegietan eta urte batzuk geroago eta gaur egun arte Palestinako borrokaren informazioari buruzko Uhintifada irratsaioan. Hasieran irratiaz beste aldean entzuten nituen ahots zirikatzaile eta ganberroekin liluratuta hurbildu nintzen proiektura eta berehala heldu nion gogoz beterik bertan militatzeari. Hasi berritan miresten nituen aurreko hamarkada zoro eta gatazkatsuetan Hala Bedi bezalako ekimen bat abian jartzeko gai izan zirenak eta esango nuke hurrengo belaunaldietan ere hasierako izpiritu eraldatzaile eta probokatzaile horri eutsi geniola.
Nolanahi ere, Hala Bedi gertutik bizi izan dudan urte hauetan guztietan irratiak gorabehera asko ezagutu ditu, momentu oso onak eta ez hain onak, baina beti xede argi batek bultzatuta: kolektibo bezala, koherentzia libertario, asanbleario eta autogestioatuari eustea; eta komunikabide bezala, bestelako hedabideetan ahotsik ez dutenen ahotsa izatea, gure independentzia informatiboari eustea eta, oro har, kontzientziak astintzea… eta hori guztia, umorez, amorez eta irreberentzia dosi handi batez, izan ere, beste asko ez bezala, gu hemen ondo pasatzeko gaude.
"Bozgorailu ezeroso samarra izanik, irrati librea beti izan da garaian garaiko botereen mehatxuaren jomugan"
Baina bide honetan dena ez da arrosa kolorekoa izan. Hala Bedik lau hamarkadatan zehar izan duen beste ezaugarririk bada, hori betiereko ziurgabetasuna da. Bozgorailu ezeroso samarra izanik, irrati librea beti izan da garaian garaiko botereen mehatxuaren jomugan. Indarrez isilarazi nahi izan gintuzten behin baino gehiagotan, mozal legea baliatuta beste hainbatetan edota emisio lizentziak behin eta berriz ukatuz. Gaur egun, berriz, zentsura bestelakoa da. Informazio gaindosian murgilduta bizi garen garai hauetan ez da beharrezkoa polizia zure egoitzako atera bidaltzea, bestelako bide sotilagoak baitaude komunikabide libre bat isilarazteko. Nahikoa da zure irrati seinalea zu bezain pirata diren baino askoz ere diru gehiago duten irrati komertzialen zurrunbiloan itotzea. Egoera horri ere asmatu izan du Hala Bedik aurre egiten, irrati hutsetik harago komunikabide integral bat eraikiz eta bestelako informazio kanalak sustatuz, besteak beste, bideogintza edota sare sozialen bidez.
Proiektu indartsu bat gara. Berrogei urteko eskarmentuaren bermea daukagu, eta gaztetasuna aldi berean, beste eragile askok ez bezala belaunaldi errelebo etengabea izan baitugu. Jakin izan dugu garai berrietako erronka teknologikoei erantzuten. Bazkide, kolaboratzaile eta lagun sare zabala ere badugu. Baina beste lau hamarkadaz iraungo badugu, betiereko ziurgabetasun hori gainditu behar dugu, esparru egonkor eta kalitatezko bat dialean, gure indar guztiak sormenerako eta informazioarako bideratzeko egonkortasun legal, teknologiko eta ekonomikoa… izan ere, beste guztiaz; umorez, amorez, irreberentziaz, malaletxez eta ilusioz; sobratuta gaude!
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.