Gutuna

Ertzaintza eta El Correo gezurtatzen

Erabiltzailearen aurpegia Itxaso Viñe eta Hirune Tobajas - Errekaleor Bizirik 2023ko uzt. 19a, 11:30

El Correoren informazioa gezurtatu du Errekaleor Bizirik-ek. ALEA

"Ez da lehenengo aldia El Correok eta, zehazki, David Gonzalez kazetariak praxi okerraren bidez errealitatea manipulatzen dutela Errekaleor Bizirik proiektuaren kontrako iritzia zabaltzeko".

Kazetaritzaren helburu nagusia egiazko informazio lortu, tratatu, interpretatu eta hedatzea izan beharko litzateke. Hortaz, kazetariak gertakari bat, interesagatik, beldurragatik edo zabarkeriagatik ez manipulatzea edo gezurrik ez kontatzea espero da, eta gertakari horren inguruan daukan ezagutza guztia modu egoki batean kontatzea. Hala ere, mass mediaren kazetaritzak albisteen eta errealitatearen arteko aldea nabarmena dela erakutsi digu berriz ere.

"112-ra dei bat egin genuen bizilagun baten osasun arazo bat zela eta, anbulantziaren presentzia eskatuz, ez poliziarena"

Honen adibide garbia da astelehen honetan El Correo egunkariak argitaratutako artikulua da. Izenburuak horrela zioen: "Los okupas de Errekaleor piden ayuda a la Ertzaintza para mediar en una discusión interna". Argi dago komunikabide horrek ez duela informazioaren kontrasterik egin Errekaleor Bizirik proiektua erasotzeko asmoarekin. Ez da lehenengo aldia El Correok eta, zehazki, David Gonzalez kazetariak praxi okerraren bidez errealitatea manipulatzen dutela Errekaleor Bizirik proiektuaren kontrako iritzia zabaltzeko.

Pasa den igandean, uztailaren 16an, 112-ra dei bat egin genuen auzoan bizi den bizilagun baten osasun arazo bat zela eta, anbulantziaren presentzia eskatuz, ez poliziarena. Ez da lehenengo aldia anbulantzia deitzen dugula osasun arazo bat tarteko. Deiaren arrazoia, beraz, auzokide bati asistentzia medikua ematea zen eta ez artikuluan aipatzen den bezala pertsona hori poliziak atxilo eramatea.

"Gure artekoak haien laguntzarik gabe konpontzen ditugu, ez diegu deitu ezta deituko ere inoren etxean sar daitezen"

112ra deitu izanaren arrazoia ez zen auzokideen arteko "barne gatazka batean bitartekaritza egitea", artikuluak esan bezala. Eta lasai egon daitezela Ertzaintza eta David Gonzalez: gure artekoak haien laguntzarik gabe konpontzen ditugu, ez diegu deitu ezta deituko ere inoren etxean sar daitezen.

Artikuluak sentsazionalismo eta prentsa horitik asko du, eta etika periodistiko gutxi. Beraz, Ertzaintza, David Gonzalez kazetaria eta El Correo egunkaria gertakari honen inguran esaten dituzten gezurrak zuzentzera gonbidatzen ditugu.

Poliziak ez gaitu babesten, gure auzokideek bai.

Sinatzaileak: Itxaso Viñe eta Hirune Tobajas, Errekaleor Bizirik-eko kideak

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago