Iritzia

Zigor hirukoitza: harria, papera eta, azkenik, guraizeak

Erabiltzailearen aurpegia Mendialdea IPI Gurasoen Elkartea 2023ko uzt. 18a, 11:00

Margoketa Frantziako Tourreko etapa batean. Argazkia: @mendialdeaipige

"Hezkuntzan inbertitzeak garestia irudi daiteke, baina ez egitea, zalantzarik gabe, askoz garestiagoa da epe ertain-luzera. Kalitatezko hezkuntzaren aldeko apustua da jendarte batek egin dezakeen inbertsiorik onena".

Izutzen du, asko, Kanpezuko eskolan datorren ikasturteko plangintzan pentsatzeak, espero baino hiru irakasle gutxiago izango direla baieztatu ondoren. Zuzendaritzak, gurasoen elkarteak eta gainerako irakasleek adabaki, berregokitze eta ahalegin handia egingo badute ere, argi dago ez direla iritsiko. Ezinezkoa da eskualdeko hezkuntza premiak behar bezala betetzea. Mehatxua dirudi, baina errealitate triste eta gordina besterik ez da, zoritxarrez ekainaren amaieran berretsia, Hezkuntza Sailak guraizeak ezartzeko asmoa berretsi zuenean, harriaren (landa eremuaren sinboloa) eta paperaren gainetik. Mendialdeko hezkuntza komunitatea alferrik saiatu da negoziatzen eta irtenbideak bilatzen (idazkiak, bilerak, deiak, komunikazioak, elkarretaratzeak, manifestazioak, sare sozialetan egindako ehunka protesta argitalpen...), eta, azkenean, paper errea izan da dena.

"Hezkuntza Sailak gure eskaerak alde batera utzi ditu, eta ez ditu gure protesta ekintzak entzun"

Hezkuntza Sailak gure eskaerak alde batera utzi ditu, eta ez ditu gure protesta ekintzak entzun. Horrez gain, txapelketako hirukoa burutzea lortu du: zigor kolpe hirukoitza. Irakasleentzako zigorra (nola aldatu diren gauzak); ikasleentzako zigorra, kalitate galera gehien nabarituko dutenak direnean; eta, azkenik, zigorra (eta, kasu batzuetan, kanporatzea) kaltetutako familia askorentzat, landa eremua bizirik mantentzeko eskatzen zaien bitartean zigortzen eta diskriminatzen dituztenean. Ulertezina!

Eusko Jaurlaritzak neurri zorrotz hori ezartzeko eman dituen arrazoiak ez dira ratioen ingurukoak, ezta matrikulazio kopuruaren jaitsiera nabarmena baten ondorio ere. Alde horretatik, legeak Mendialdea eta 17 irakasleren eskaria babesten ditu. Hezkuntza Saila beste aitzaki ezkutuago baten babesean dago: gehiengo sindikalarekin sinatutako akordioa, hasiera batean hezkuntza komunitatearen interesen aldekoa zirudien arren, Kanpezukoa bezalako ikastetxe txikien aurkako tranpa zirrikitu bihurtu da. Gehiengo sindikalak, gehiegizko konfiantza eta fede ona direla eta, irizpide kaxkarrez eta ondorio txarrez, euskal erakundeei beren benetako interesak gauzatzeko aitzakia ezin hobea eman dien akordio bat sinatu zuen: inolako lotsarik gabe txikitzea eta murrizketak ezartzea ahal duten toki guztietan, baita sakratuenetan ere, gure gizartearen etorkizuna diren pertsonen hezkuntzan, alegia. Pultsuak ez die dar-dar egiten Haur eta Lehen Hezkuntzan kalitatea galarazteko orduan. Baina hitzak berak dio: Oinarrizko Hezkuntza! Nola ausartzen dira kenketa egitera, batu beharrean? Iritzi publikoak argi utzi du, bere kexen bitartez: lotsagarria da.  

"Egia da nahigabeko akats bat egin ahal izan dela mahai sektorial batean, baina ez al du erremediorik?"

Egia da nahigabeko akats bat egin ahal izan dela mahai sektorial batean, baina ez al du erremediorik? Ezinezkoa al da, Estatuko arau gorenekin ere gertatzen den bezala, atzera egitea, zuzentzea edo aldatzea? Erantzuna da, argi eta garbi, baietz, atzera egin daitekeela; baina ageriko ondorioa da, besterik gabe, ez dutela nahi. Oso erosoa da besteen hanka-sartzeaz baliatzea beren murrizketa planak gauzatzeko, logika eta arrazoibide gorenei jaramonik egin gabe.

Eredu bikaina jende xehearentzat eta inguruko biztanleentzat! Mendialdeak Kanpezu, Maeztu, Bernedo, Harana edo Nafarroako herri txikietako (Zuñiga, Cabredo edo Genevilla) ikasleak trebatzen ditu. Familiek, albistea jakitean, iruzur egin dietela sentitu dute, egiten dutela esaten duten bitartean benetan desegiten ari diren erakundeen partetik. Beste behin ere, itomen sentsazioa azaleratu da, sokaren marruskadura lepoan, gaur egun, beste asko bezala, bizirik irauteko borrokan ari den landa eremu batean.

"Eskertzekoa litzateke, gutxienez, klase politikoak landa munduari laguntzeko neurriekin harropuzteari uztea"

Eskertzekoa litzateke, gutxienez, klase politikoak landa munduari laguntzeko neurriekin harropuzteari uztea, bete nahi ez dutena agintzeari uztea, eta hauteskunde kanpainan gezurrezko propaganda eginez iruzur egiteari uztea. Hobe lukete Herritartasunerako Hezkuntzako klaseren batera joatea eta ikasitakoa praktikan jartzea.

Amaitzeko, ez dago soberan gogoraraztea oinarrizko ikasgai unibertsal bat: hezkuntzan inbertitzea garestia irudi daiteke, baina ez egitea, zalantzarik gabe, askoz garestiagoa da epe ertain-luzera. Kalitatezko hezkuntzaren aldeko apustua da jendarte batek egin dezakeen inbertsiorik onena.

Sinatzailea: Mendialdea IPI Gurasoen Elkartea

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago