Iritzia

Udal kiroldegietako langileria kolokan

Erabiltzailearen aurpegia Gasteizko kiroldegietako erabiltzaile talde bat 2023ko uzt. 12a, 11:30

Mendizorrotzeko kirol instalazioak. Irudia: GOOGLE EARTH

"Zortzi langile kaleratu nahi dituzte, horien artean idazkaritzako langileak. Izan ere, klaseetan izena emateko mugikorretan dugun aplikazioari esker (erosoa den arren), kolokan jarri dira halako lanpostuak".

Azkenaldian aldaketak sumatu izan dira Gamarra eta Mendizorrotzeko kiroldegietako kirol jardueren eskaintzan. Hau dela eta, bertako erabiltzaile gisa idatzi dugu honako testua:

"Teknologia berriek lanpostu batzuetan ondorio kaltegarriak eragin dituzte"

Adierazi digutenez, zortzi langile kaleratu nahi dituzte, horien artean idazkaritzako langileak. Izan ere, klaseetan izena emateko mugikorretan dugun aplikazioari esker (erosoa den arren), kolokan jarri dira halako lanpostuak. Beste hainbat eremutan bezala, teknologia berriek lanpostu batzuetan ondorio kaltegarriak eragin dituzte. Horrez gain, kirol jarduerak gidatzen dituzten profesionalen lanpostuak ere arriskuan daude.

Larria da Gasteizko Udaleko kirol jardueren lanpostuen baldintzak gero eta eskasagoak izatea. Badirudi ez dela errentagarria. Azpikontratazioak daude tartean, nola ez. Bestalde, azken urteetan hirian ireki diren gimnasio berri "merkeen" zabalpena nabaria izan da, eta, beraz, eskaria berez badago! Nola da posible orduan? Esan beharra dago azken horietan hileroko kuotak udaleko zerbitzuenak baino merkeagoak izatera iritsi ahal direla. Baina, hori al da benetan sustatu nahi den kirol eskaintza gure hirian?

"Gimnasio berri 'merkeen' zabalpena nabaria izan da, eta, beraz, eskaria berez badago! Nola da posible orduan?"

Gasteizen, azken urteetan, nabaria da ere komertzio txikiaren gainbehera. Baina konparagarria al da jorratzen ari garen gaiarekin? Ez gara produktuen salerosketaz ari, baizik eta kirolaz eta, hortaz, baita osasunaz ere.

Udalak lehentasuntzat izan beharko luke jendarte osasuntsu bat sustatzea. Adibidez, pertsonen aniztasuna kontuan izanik, kirol jarduera eskuragarriak eskainiz. Baina horretarako beharko liratekeen langileen baldintza duinak bermatzea ezinbestekoa da. Are gehiago kontuan izanik, gure iritziz behintzat, lan benetan ona egiten dutela.

Horregatik guztiagatik, erabiltzaileok eskertuko genuke Gasteizko kiroldegietako langileriaren baldintzak hobetzea eta bertako langileek presentzialki klasea ematen jarraitzea, jardueren eskaintza anitza bermatuz.

Sinatzailea: Gasteizko kiroldegietako erabiltzaile talde bat

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago