Iritzia

Titan eta Titanic: fartsa eta tragedia

Erabiltzailearen aurpegia Josu Santamarina Otaola, arkeologoa 2023ko eka. 26a, 19:30

'Der Untergang der Titanic'. Egilea: Willy Stöwer

"Itsasoak irentsita, dirudienez, salbamendu autoritateen sorgortasunaren aurrean. Ur-masa berean, hondoratzeek eta hondamendiek bat egiten dute. Fartsak eta tragediak".

Historiaren gertaera eta pertsonaia handiak bi aldiz jazotzen omen dira: "Aurrena tragedia gisa eta hurrena fartsa gisa". Baieztapen horrekin hasi zuen Marxek bere Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia lana.

"Azken egunetan, Titan urpekari turistikoaren desagerpena Titanic-en hondoratzearen tragediaren fartsa bilakatu da"

Kazetari izanik, Marxek ondo zekien albistegietan tragediak pilatzen direla. Baina, tragediekin batera fartsek ere foku mediatikoa lortzen ohi dute. 1851ko abenduaren 2an, Frantziako Errepublikaren presidentea zen Luis Bonapartek "auto-estatu-kolpea" eman zuen. "Napoleon Txikiak" 1848ko Iraultzak ekarritako esperantza demokratizatzaile eta herrikoiekin amaitu zuen. Asanblada Nazionala desegin eta bere aurkari nagusiak atxilotu zituen. Frantziako II. Errepublika suntsitu eta II. Inperioa aldarrikatu zuen. Napoleon Bonapartek, Luisen osabak, 1799ko Brumairearen 18an -azaroaren 9an, gure egutegian- Direktorioaren gobernua deuseztatu zuen, Frantziako (I.) Iraultzarekin amaituz eta (I.) Inperioari ekinez. Osabarena tragedia izan bazen, ilobarena imitazioa izan zen, fartsa baino ez. Hori azpimarratu nahi izan zuen Marxek.

Azken egunetan, Titan urpekari turistikoaren desagerpena Titanic-en hondoratzearen tragediaren fartsa bilakatu da. James Cameron zinemagileak ere hala adierazi du: antzekotasun nabarmenak daude 1912ko hondoratzearen eta 2023ko istripuaren artean. Baina nabarmenena zera da: teknologiaren bidez naturaren mugak gainditu nahi izan dituen borondate elitistak ozeanoaren guztiahaltasunarekin talka egin eta amaiera dramatikoa pairatu du.

Titan urpekariko turistak milioidunak ziren, Titanic-en hildako "ospetsuak" bezalaxe. Baina, Guggenheim bezalako magnateekin batera, mila migrante pobre baino gehiago zihoazen, amets amerikarraren bila. Horixe tragedia. Baita azken egunetako beste bi bezala ere, foku mediatikoak nahikotxo zokoratu dituzten arren: Kanarietatik 160 kilometrora desagertutako 35 pertsona eta Joniar Itsasoan galdutako 500 baino gehiago. Itsasoak irentsita, dirudienez, salbamendu autoritateen sorgortasunaren aurrean. Ur-masa berean, hondoratzeek eta hondamendiek bat egiten dute. Fartsak eta tragediak.

Josu Santamarina Otaola, arkeologoa
Santiago (Txile), 2023ko ekainaren 24a

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago