Trebiñuko auziak jada gainditutako Erdi Aroko garaian ditu sustraiak. Lurraldeak esku batetik bestera pasatzen ziren garaiak, non, gaur egun ulertezinak izango liratekeen eta historian jada gainditutako garai bati egokituko litzaizkiokeen arrazoiengatik biztanleria ez zen kontsultatua, ezta kontuan hartua ere. Askotan esan den bezala, historiak azaltzeko balio du, baina inoiz ez justifikatzeko.
Erabaki eztabaidagarri haiek hartzen zirenetik denbora igaro da, eta orain, XXI. mendean, erregimen politiko demokratiko batean bizi garela diogunean, enklabe honek bizi duen egoera anakronikoari bizi dugun garaiekin bat datorren konponbidea emateko unea da, egun, lurralde honetan bizi direnen erabakian oinarritutakoa. Egoera anakroniko horiek, hain zuzen ere, arrotz sentitzen duten erkidego baten parte izan behar direlako datoz, are gehiago, politikoki kontaktu fisikorik ez duen beste erkidego baten parte direla kontuan harturik. Eta defendatzen dugun demokrazia horrek badu aipatzen ditugun auzietarako irtenbide bakarra: eragindako kolektiboaren iritzia eta nahia ezagutzeko asmoz eginiko galdeketa. Galdeketa horrek erabakitzeko eskubide guztiz zilegia du, bere garaian sufragio unibertsalak edo arraza-berdintasunerako eskubideak izan zuten bezala. Hauek ere, aspaldi, pentsaezinak ematen zuten arren, gaur egun, eztabaidaezinak dira.
Estatuko gainerako herritarrei gertatzen zaien bezala, trebiñarrek ere, aldian-aldian hautetsontzietan euren nahiak adieraztera ohituta daude. Erabakiak hartzeko gizarte heldua da Trebiñukoa, beste edozein estamentu edo kolektiboren beharrik ez duena. Eta logikoa da adin-nagusitasuna lortzen duen pertsona baten emantzipatzeko erabakia, soilik berari dagokiola, eta berari bakarrik, une horretara arte bere harremanari eutsi ahal izan dion gainerako kolektiboaren iritzia alde batera utzita. Hortaz, argudio hori guztiz baliozkoa eta legezkoa bada edozein norbanakori aplikatzen zaionean, erabat zilegi izango litzateke Trebiñuko enklabea osatzen duen pertsona kolektibo zehatz bati aplikatzea. Eta legezkoa denak egin daitekeen edo egin ezin dena ezartzen badigu, legitimitateak, bide zuzena, bidezkoa, morala eta etikoa jarraitzera eramaten gaitu.
Gauzak horrela, eta ikusirik auzi hori itxurazko konponbiderik gabe denboran luzatzen ari dela, Trebiñuko herritar askok arazo horri irtenbide justu eta demokratikoa eman nahi dioten bitartean, behean sinatzen dugun erakundeok honako hau adierazi nahi dugu:
1) Hemen azaldutako kasu baterako atxikipen politikoaren balizko aldaketa Trebiñuko herritarrei bakarrik dagokien erabakia dela, eta herritar horiek erabakitzeko gaitasun bereko subjektu bakar bihurtzeko beren asmoari bere horretan eusten diotela.
2) Hori dela eta, hautetsontzietan erabakitzeko duen eskubide besterenezina eskatzen dugu, Arabarekin bat egin dezakeen ala ez erabakitzeko, beste inork ez lukeelako hori erabakitzeko gaitasunik izan behar haren izenean.
3) Erabakitzeko eskubide horrek ez luke soilik galdetze hutsaren nahia izan beharko, baizik eta, bere enuntziatuan adierazten den moduan, erabatekoa eta guztiz erabakitzailea izan beharko luke, horrek ekarriko lituzkeen ondorioekin.
4) Auzi hau konpontzeari buruzko erantzukizun politikoak dituztenei eskatzen diegu jabetu daitezela beren lana ordezkatzen dituzten herritarren bizitza erraztean datzala, haien aldarrikapenak entzunez eta hauei irtenbidea emanez arazo honen askatzeari begira jokatuz, une batez beren eztabaida alderdikoiak alde batera utziz eta eragindako herritarren eskakizunak asebeteko dituen eta bizi garen garaiarekin bat etorriko den konponbide bat bilatzeko.
Sinatzaileak: Gure Esku, Alternatiba, Elkarrekin-Podemos, Eusko Alkartasuna eta Sortu
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.