Iritzia

NATOren aurka, gerra eta basakeria kapitalista gelditu

Erabiltzailearen aurpegia Sabin Aranburu Markaide (Gasteizko Kontseilu Sozialista) 2023ko mar. 30a, 18:50

Kontseilu Sozialistek NATOren aurkako manifestazioak deitu dituzte. / Argazkia: K.S.

"Beraien burua klase baxuen edo langileriaren ordezkaritzat dutenak langile klasearen aurkako erabakiak hartu eta sostengatzen ari dira, frontean heriotzera jaurtiak diren langileen zein ondorio ekonomiko larriak pairatzen ari garen gainontzeko langileon aurka".

Krisi kapitalistak azken hamarkadetan zehar pentsaezinak ziren egoerak gertatu daitezkeela erakutsi digu. Europako herrialde askoren proletarizazio prozesu nabarmena, eskubide politikoen murrizketak, faxismoaren berpiztea eta abar luze bat azken urte gutxitan indartu diren tendentziak dira. Azken urtean zehar, berriz, gerra testuingurua guztion ahotan egon den gaia izan da. Finean, ohituta geunden gure lurraldetik kanpo gerrak egotera, baina sekula ez genuen espero Europako mugetan eta mehatxu nuklearren artean berragertzea.

"Potentzia kapitalistek erakutsi digute orain arte soilik fikzioan pentsatu ahal genituen egoerak gerta daitezkeela"

Bada, potentzia kapitalistek erakutsi digute orain arte soilik fikzioan pentsatu ahal genituen egoerak gerta daitezkeela. Krisi garaian, potentzia horien botere ekonomikoa mantendu eta handitzeko estrategia berriak prestatzen dituzte, guzti guztiak munduko txoko ezberdinetako langileriaren bizkarretan jausten direnak.

Ukrainako gerra horren guztiaren adibide bat da: hegemonia militar, ekonomiko eta politikoa ziurtatzeko, Amerikako Estatu Batuen gidaritzapean dagoen NATO organizazio inperialista berrarmatzen hasi da, mendebaldeko oligarkiaren defentsan. Tendentzia berdintsuan txertatu ditu Europako Batasuneko herrialdeak ere, horiei menpeko funtzioa emanez. NATO berrarmatzea, baina, ez da doan lortzen, eta Europako oligarkiak kostu ekonomikoak gure bizkar jarri ditu. Betiko formula birproduzitu dute: armagintzan jarduten duten enpresari handiak zein banku eta energia alorreko enpresariak inoiz baino irabazi handiagoak izaten ari diren bitartean, langileria inflazio oraindik eta handiagoa dugu aurrean. Berrarmatzea nor ordaintzen ari den nabaria da.

"NATO berrarmatzea, baina, ez da doan lortzen, eta Europako oligarkiak kostu ekonomikoak gure bizkar jarri ditu"

Europako langileriaren bizi baldintzen okertzeaz gain, ezin aipatu gabe utzi Ukrainako gerran bertan heriotzera eraman dituzten milaka eta milaka langileak ere. Azkenean, beraien aldekoa ez den gerra eta basakeria egoera baten lehen lerrora jaurtia izan ohi delako herritar pobreena. Ez dut uste NATOko buruzagi baten edota Errusiako magnate baten seme-alabaren bat gerran dagoenik.

Gerrazaletasuna eta defentsa aurrekontuen handitzea eskuineko alderdien ezaugarrietako bat izan dela dioen errelatoa oso hedatua dago. Ideia horren kontrara, egungo bultzatzaileen etiketa politikoa oso bestelakoa da: Espainiako Estatuan, koalizio gobernuak aurrekontu militarrak onartu ditu bere sostengu alderdi guztiekin batera. Soilik tankeen bidalketa iritsi denean alderdi batzuk bidalketaren aurka agertu dira, hauteskundeen aurretiko aurpegi garbiketa ohikoaz jarraituz. Aurrekontuen bitartez gerra testuingurua kontzienteki hauspotu ondoren, ez dirudi oso koherentea tankeen bidalketaren aurka agertzea.

"Koalizio gobernuak aurrekontu militarrak onartu ditu bere sostengu alderdi guztiekin batera"

Berriz ere beraien burua klase baxuen edo langileriaren ordezkaritzat dutenak langile klasearen aurkako erabakiak hartu eta sostengatzen ari dira, frontean heriotzera jaurtiak diren langileen zein ondorio ekonomiko larriak pairatzen ari garen gainontzeko langileon aurka.

Egoera horrek alderdi horiekiko era independentean mobilizatu eta antolatzeko premia berezia adierazten digu. Gerra testuinguru bortitz eta arriskutsu hau langileriaren antolakuntza politiko independentearen beharra azpimarratzeko eta kaletik indarra egiteko aukera izan daiteke.

NATOren eta gerra kapitalistaren aurka, apirilaren 1ean Gasteizen mobilizatuko gara!

Sinatzailea: Sabin Aranburu Markaide, Gasteizko Kontseilu Sozialistako kidea.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago