Ahozkotasunaren nazioarteko egunaren mezua idatzi du Itziar Zubizarreta Ayerbe kontalariak, Intujai Teatroren ekimenez:
"Haur jaio-gabeak amaren soinuak eta doinuak hautematen ditu eta soinu horren baitan kulunkan bizi da umetokian. Haurra eta ama une berdinean elkartuko dira erritmoa, arnasa eta hats bera partekatzen dutenean, hain zuzen. Arnasaren erritmoak eta bihotz-taupadek bideratuko dituzte haurraren estraineko pertzepzioak. Haurrak oraindik ikusten ez duelarik helduen ahotsak entzuten ditu; entzumenaren bidez eraikitzen du, beraz, munduarekin behar duen kontaktua bizi eta hazi ahal izateko. Umetokian sortzen ditu haurrak hizkuntza interpretatzeko tresnak: ahots tonoak atzematen ditu, hizkuntzaren doinuek intentzioz beteriko melodia ezagunak eskaintzen dizkio eta erritmoak eskaintzen dizkio ebakerak, isiluneak eta artikulazioa.
Ahozko transmisioa kultura guztietan antzeko moduan gauzatzen da egitura poetikoen bitartez. Haur poesia eta kantuek haurrari eskaintzen diote bere neurrira eta haien ulermenaren neurrira mendez mende sortutako egiturak. Hizkuntzaren taupada, berezko intonazioa eta, batik bat, jatorrizko azentuazioa. Bestalde, kantu hauetaz hitz egiten dugularik, azaldu haurraren hazkunde guztiaren testigu eta laguntzaile bilakatzen direla. Gizarteak haurrak hazteko eta haiei erakusteko sortu dituen esamolde egokiak dira eta zibilizazio guztiek gorde dituzte haien baitan egitura hauek eta erritmo hauek.
Baina ipuinak dira mundua mundu denetik gizakiaren eta gizabanakoaren eboluzioa adierazi dute kontakizunek. Amandre ipuinetan aurkitzen dugu gizakiaren pentsamendu sakonaren adierazle paregabea. Haien aurrekoak erritoetan eta mitoetan aurkitzen dugu: mundua nola sortu zen munduaren barneko indarrak eta haien arteko tira-bira, gatazka eta gertaerak... Baina, batez ere, gizakiaren garapena adierazten dutelako ailegatu dira guregana; zientziak ordenatu du, neurri batean bederen, unibertsoaren adierazpena eta zientzia fikzioa sortu du literaturak ulertezinak gertatzen direnak adierazteko edota modu erromantiko batean oraindik mito zaharrak erabiliko ditugu behin eta berriz aurkikuntza berrien eredu eta parabola bezala.
Mundua mundu denetik, kontakizun hauek ahotik belarrira hedatu dira eta ia gaurdaino iritsi zaizkigu apenas kontaminatu gabe. Baina transmisio hori aldatu egin da, hainbat faktore eta eduki mugitu egin dira eta kontakizunen formak bilakaera berezia hartu dute gaur egun, komertzial produktu bat bilakatu direlarik. Eraldaketa honetan, ipuinen atal batzuk kendu dira eta beste batzuk eraberean esajeratu, demanda komertzialak eta transmititu nahi diren baloreak agerian jartzeko.
Berriz ere aldarrikatu beharko dugu tradizioaren iturrira begiratu, hura galbahetik pasa eta ahotik-belarrirako transmisioa agerian uztea".
Itziar Zubizarreta Ayerbe.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.