Epaiketa 2020ko otsaileko 3tik 19ra egin zen Gasteizen. Egun batzuk lehenago, E.G. kazetariak Sugetzarra izeneko iritzi artikulu zentzuduna bidali zuen Berria egunkarira. Honela amaitzen zuen:
"Ikusi egin behar epaiketak zer ematen duen. Nolanahi ere, tristea da gero dena judizializatu behar hau; etsigarria, sugetzarraren mugimenduan igartzen eta gurutzatzen diren interes-jokoak. Tamalgarria da arkeologo, hizkuntzalari eta historialariak elkarlanean jarri eta auzia argitzeko gai ez izatea; deitoratzekoa, jakintzaren arloan diharduten erakundeek —Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde, unibertsitateak...— horretan ez lagundu izana. […] XXI. mendeko euskaldunoi axola zaigu III. mende inguruan norbaitek, norbaitzuek, zeramika pusketan euskaraz idatzi zuten ala ez jakitea".
Hiru urte geroago, epaiketaren eta epaiaren berri jakin ondoren, hausnarketatxo hau egiten dut: epaiketak ez zuen gauza onik ekarri, sufrimendua eta nahasmena areagotzea baino. Arabako Foru Aldundiak jarri zuen kereila, eta lehen unetik mila modutara esan zitzaion auzi hau bide zientifikoetatik erabaki behar zela, ez bide judizialetik. Dena alferrik!
"Gaur egun oraindik ez dakigu grafitoen %87 (254) egiazkoak ala faltsuak diren"
Gaur egun oraindik ez dakigu grafitoen %87 (254) egiazkoak ala faltsuak diren. Txostenetan parte hartu zuten 18 ikerlarietatik batek bakarrik —Jose Vicente Navarrok— aurkitu zituen faltsutasun zantzuak 36 grafitotan; soilik metalen presentzian oinarriturik eta aztertu beharreko beste puntu arkeologiko batzuk albo batera utzita. Eta, justu, epaileak berari sinistu!
Hau serioa al da? Guztiz ados nago E.G-k "tristetzat", "etsigarritzat" eta "deitoragarritzat" jotzen duenarekin, konponbidean lagundu ez zuten eta laguntzen ez duten pertsona eta erakundeen jokabidearekin.
Horra Irulegiko Eskuarena: lurpetik atera, garbitu, azterketak egin eta irakurri, dena 17 hilabetetan burutu zuten. Aldiz, Iruña-Veleiako grafitoek 17 urte daramatzate guztiz baztertuta, eta hala jarraituko dute beste urte batzuetan, auzia argitzea erabaki arte.
Sinatzailea: Tomas Elortza Ugarte
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.