Iritzia

Ezkutitz irekia Ahaldun Nagusiari

Erabiltzailearen aurpegia Pentsionistak Araba 2023ko ots. 6a, 19:00

Arabako pentsiodunen mobilizazio bat. / Argazkia: @ArabakoZaharrak

"Aldundiaren atzerakada oso argia da gizarte politiketan. Gaur egungo aurrekontuak ez dira nahikoak Araban bizi garen adineko eta mendeko pertsonek aurre egin beharko diegun erronketarako".

Astelehenero bezala, urtarrilaren 23an Gasteizko pentsiodunak Foru Aldundira joan ginen, 2023rako foru aurrekontuekiko dugun kezka agerian uztera. Aurrekontu horiek %13,18 igo dira, eta, hala ere, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearentzat bideratutako zatiak gizarte premia handiak ditu.

Kezkatuta gaude aurrekontu horiek ez ote duten adinekoei arreta emateko plaza publikoetan igoerarik ekarriko, EAJ-PSEk lortu nahi duen eredu pribatizatzailea berretsiz. Arabarrenen (egoitza pribatua, itunpeko plazekin) egindako inbertsioa ikusten dugu, eta egiaztatzen dugu ekonomikoki handitzen diren prestazioak "zerbitzu txekea" finantzatzen dituztenak direla.

"Ezta euro bakar bat ere gure lurraldeko plaza publikoak handitzeko"

Egoitza publikoetako plantillak handitzeko partidak ere ez dira handitu. Ezta euro bakar bat ere gure lurraldeko plaza publikoak handitzeko. Aitzitik, San Prudentzio CIAMen artatutako mendetasun maila handiko pertsonen plazak finantzatzen dituen partida murriztu egiten da urtero. Beste behin ere, ahaztu egiten zaie egoitza pribatuetako langileen lan prekarietatea, gehienak emakumeak baitira, eta ez dute euro bakar bat ere inbertitzen sektore horretako lehen hitzarmen bat sinatzeko; horrek arreta hobea ematea ahalbidetuko luke.

Ikusten denez, gaur egun Araba, EAE bezala, paradisua da osasun pribatizazioen negoziorako, eta egoitzetan lan egiten duten pertsonen egoera inoiz baino prekarioagoa da.

Arabako Foru Aldundiaren atzerakada oso argia da gizarte politiketan. Gaur egungo aurrekontuak ez dira nahikoak Araban bizi garen adineko eta mendeko pertsonek aurre egin beharko diegun erronketarako. Gure ustez, lortutako diru bilketa errekorrarekin, ahalegin handiagoa egin behar da gizarte babesean.

"Araba, EAE bezala, paradisua da osasun pribatizazioen negoziorako"

Horregatik, pentsiodunok hara joan ginen aurrekontu hauetan gizarte babesak partida gehiago izan ditzan eskatzera. Pertsonen zaintza zentroan jartzea.

Guztiontzako bizitza duina bermatuko duten gizarte politiken alde egin dadila, eta ez gutxiengo batentzako negozioetan.

Baina Diputatu Nagusiak nahiago izan zuen Miñoiak eta Ertzaintzak erdian jarri, gaizki bota gintuen eskaileretatik; antza denez, gurea ez den erakunde bateko eskailerak inbaditzen ari ginen. Arabako gizarteak gure salaketa entzun eta ikustea eragotzi nahi izan zuen.

Txartel gorria Arabako Ahaldun Nagusiarentzat eta EAJ-PSErentzat, beren jarrera diktatorialengatik. Zerbitzu publiko unibertsalak eta kalitatezkoak pertsona guztientzat! Adinekook duintasunez zainduak izan nahi dugu!

Aldundia, zaintzarekin ez da negoziorik egiten.

Sinatzailea: Pentsionistak Araba

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago