Hauteskunde urtean sartu gara eta politikariak gure miseriekin kanpaina egiten hasi dira. Poltronak eskuratzeko lehian, beren ustelkeria kasu, mozkin eta ganorabakeriaz hitz egin ez dezagun, pertsonok gure artean etsai gaitezen saiatuko dira beste behin ere.
"Zenbat kostatu da Errekaleorretik lehengo auzokideak kanporatu eta auzoa abandonuan uztea?"
Azken aldian okupazioaren kontra aritu dira zenbait hedabideetan eta udaletxean bertan, Errekaleor Bizirik proiektua osatzen dugunon aurka joaz, hain zuzen ere. Orain dela bost urte eta erdi, argi mozketa justifikatzeko erabili zuten diskurtso bera kaleratu dute: "Ze muturra dugun; zenbat ordaintzen duen Udalak ura, zaborra eta bestelakoengatik; gasteiztar guztiona dena pribatizatu dugula…".
Esaten dute 9 urteotan Udalak 500.000 euro gastatu dituela hainbat zerga eta uraren kontsumoagatik, batez beste 120 pertsonen kontsumoa izanda. Datuak noraino dauden manipulatuta jakin gabe ere, Gasteizko Udalari galdera: zenbat kostatu da Errekaleorretik lehengo auzokideak kanporatu eta auzoa abandonuan uztea? Edo gure muturrei aipu zuzena egin digutenez gero: zergatik ez dute alderatzen diru kopuru hori euren soldatekin, alderdi politikoek jasotzen dituzten diru laguntza publikoekin, zenbait hedabideren diru laguntzekin edota Ensanche 21 Zabalgunea mantentzeko urteetan xahutu dutenarekin?
Argazkiaren zati bat erakusten digute gure iritzia haien neurrira izan dadin. Kalean, ordea, kapitalaren piramidearen goiko erpinean ez gauden langile, pentsionista, jubilatu, migrante eta gazteok gorriak ikusten ari gara. Eta garai okerragoak iragartzen dizkigute: gure oinarrizko betebeharrak asetzeko gero eta arazo gehiago izango ditugu, eta amorrua areago zabalduko da gure artean. Baina hor daude masa hedabideak, amorru hau, kapitalismoaren makinaria sustengatzen duten enpresari eta politikarien kontra zuzendu beharrean, "okupak", "etorkinak", "grebalariak" eta abar kiriminalizatu ditzagun.
Zergatik defendatzen dugu okupazioa?
"Etxebizitza eskubidea bera bermatzeko bidea da okupazioa, eta bide batez egoera hau salatzeko tresna"
Okupazioa etxebizitzaren merkantilizazioaren aurrean alternatiba eta borroka egiteko bitartekoa da. Etxebizitza duin bat izatea eskubidea dela diote, baina errealitateak guztiz kontrakoa erakusten digu: banketxeek, espekulatzaileek eta jabetza pribatuak Gasteizen alde batean 15.000 etxe huts eta bestean etxerik gabeko pertsonak eta desjabetzeak egotea eragiten dute.
Etxebizitza eskubidea bera bermatzeko bidea da okupazioa, eta bide batez egoera hau salatzeko tresna. Zer gertatuko litzateke gero eta gehiagok okupatuko bagenu? Benetako jetei txolloa bukatuko litzaiekeela.
Bide batez, Udalaren gastuak direla eta: etxebizitzarekin bezala, argindarra eta ura ere doakoak eta unibertsalak izan beharko lirateke.
Zer da Errekaleor Bizirik eta zergatik eraitsi nahi dute?
Errekaleor auzoa berriztu eta berpizteko proiektu kolektiboa da. Autogestioaz eta okupazioaz baliatzen da horretarako; etxeak ez dira norbanakoenak, auzoarenak baizik. 100 pertsonak baino gehiagok dugu bizilekua auzo honetan: ikasleak, langileak, langabetuak, familiak, Euskal Herrian jaioak zein kanpotik etorrikoak, eta euskaraz, feminismoaz eta ekologiaz bat eginez bizitzen saiatzen gara.
2013an lehenengo blokea okupatu zenetik, Udalak euren gogoz kontra auzotik kanporatu zituen lehengo auzokideekin batera, etxebizitzak eta espazio komunak berriztu ditugu. Egun eguzki-panelei esker argindarra izaten dugu, irla energetiko bat izanik. Politikariek esaten dute publikoa pribatu bihurtu dugula, bada ez, kontrakoa: kapitalaren esku geratuko litzatekeen auzo hau askatu eta herriaren esku jarri dugu.
"Datozela bat, bi, hiru, ehunka Errekaleor gehiago. Gu bidelagun izango gaituzte"
Azken urteotan, Errekaleorreko etxebizitza eta azpiegituretan lan gogorra egin dugu, baita garbiketan, kimaketan eta hamaika lanetan. Auzoa eta bertan garatzen diren ekimen guztiak diruaren logikatik at burutzen saiatzen gara. Gasteizko pertsona guztiei irekita dauden ekimen asko garatzen ditugu: herri gimnasioa, ludoteka, bizikleta tailerra, inprenta, zinema, kultur eskaintza zabala... Inguruko lurretan ehundik gora gasteiztarrek baratza dute. Finean, auzoak kudeatu eta eskaintzen dituen espazio komunak edozein eragileren erabilpenerako zabalik daude. Milaka pertsona, elkarte eta eragilek erabili dute Errekaleor azken bederatzi urteotan.
Errekaleorretik egotzi zituzten lehengo auzokideei esan zieten hemengo etxeak ez zirela bizitzeko duinak. Mobbing inmobiliario bat izan zen, beste gentrifikazio kasu bat gehiago. Etxeak eta azpiegiturak duinak dira, eta guk segiko dugu haiek berritzen eta zaintzen. Pasa zen Maroto, pasako da Urtaran, eta pasako dira etorkizuneko alkate zein zinegotziak. Guk, Errekaleor Bizirik-ek, aurten 10. urteurrena ospatuko dugu, eta argi mozketa izan zenean oihukatu genuen bezala, iragartzen dizkiguten garai beltzen aurrean, oihu egiten dugu: "Datozela bat, bi, hiru, ehunka Errekaleor gehiago. Gu bidelagun izango gaituzte".
Sinatzaileak: Itxaso Viñe eta Ruben Sanchez, Errekaleor Bizirik-eko kideak
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.