Iritzia

Prozesu hegemonikoa Gasteizko Mercedes-Benzeko grebetan

Erabiltzailearen aurpegia Urdax Bañuelos (ELA Sindikatua) 2023ko urt. 10a, 17:30

Mercedeseko langileen mobilizazio bat, greba egunetan. / Argazkia: ALEA

"Grebak ez ziren bukatu ELAk nahi izango zukeen moduan. Hala ere, borroka beti da emankorra eta hau da emaitza: orain ELAk aitortza handiagoa du, afiliatu gehiago erakarri ditu eta hauteskunde sindikaletan 1.000 botoen sabaia gainditu du".

Hilabete batzuk joan dira ELAk Gasteizko Mercedes-Benz lantegian garaipen historikoa lortu zuenetik. Horrek beta eman digu aztertzeko arrakasta handi horren oinarriak zeintzuk izan ziren; arrakasta batez ere mobilizazio prozesuari eta hegemonia eraikitzeari dagokionez. Hel diezaiogun gaiari.

"Mobilizazioaren gakoa izan zen aldarri oso argi bat bihurtzea borrokaren ardatz"

Hauteskundeak baino hilabete batzuk lehenago langileek greba egin zuten; greba zabala, EAEko enpresa pribaturik handienean produkzioa geldiarazi zuena. Mobilizazioaren gakoa izan zen aldarri oso argi bat bihurtzea borrokaren ardatz, kasu honetan astean seigarren gauez lan egitearen kontrako jarrera.

Zuzendaritzak ezarri nahi zuen urrats hau negoziatzeko prest zeuden enpresa batzordeko kide batzuk, edo behintzat ez zioten aurre egiten; aitzitik, langile gehienak aurka zeuden. Urteetan zehar ELAk enpresan egin duen lanari esker, egoeraren irakurketa egokia egin ahal izan genuen.

Mercedesen grebak handiak izan ziren lantaldea osatzen duten ia 5.000 lagunek ulertu zutelako eskubide eta lan baldintzak galtzeko mehatxua zutela. Mehatxu horri grebarekin erantzun zioten, eta jarraipena erabatekoa izan zen. Horrek aukera eman zuen murrizketarik gabeko lan hitzarmen berri bat lortzeko, inflazioari lotutako soldata igoerekin, malgutasun txikiagoarekin eta, batez ere, seigarren gauez lan egin beharrik gabe.

Baina nola lortu zen Mercedeseko langileek mobilizaziorako jauzi hori egitea? Konfrontazioaren jatorria izan zen lantegiko zuzendaritzak negoziatzeko egin zuen proposamena. Beste murrizketa batzuen artean, gaueko txandari gau bat eransteko asmoa zegoen, horrela sei eguneko lan efektiboraino iritsiz. Enpresaren asmo hori lantaldearen zati handi bat haserretu zuen; negoziazioan seigarren gaua marra gorria zen. Gogoeta hori egin zuen enpresa batzordeko sektore batek ere, ELAko delegatuak buru zirela; haatik, enpresa hitzarmenak bata bestearen atzetik sinatu izan zituzten sindikatuak ez zeuden hain itxita. Ez sindikatu horiek, ez eta enpresak ere, ez zekiten oraindik, baina mehatxua edota aukera politikoa egoztea hor zegoen, eta protesta zikloa hastear zen. Ekintza sozialerako markoa Mercedesen sortu zen enpresak seigarren gaua inposatu (nahi) zuelako.

"Negoziazioan seigarren gaua marra gorria zen. Gogoeta hori egin zuen enpresa batzordeko sektore batek ere, ELAko delegatuak buru zirela"

Horrenbestez, McAdam, Tilly eta Tarrowen analisi-teoria oinarritzat hartuta, konfrontazio politikoan prozesu eta mekanismoak aktibatzen hasi ziren. Behin mehatxua eta aukera egotzita, lantalde guztia polarizatu egin zen, eta betidanik sinatu izan zuten sindikatuetatik desertzioak gertatu ziren, kontrabotereko sindikatuetara. Halaber, Mercedesen hain emaitza ona izan zuten sare klientelarrak behin behinean desegin ziren. Identitate aldaketa bat egiaztatu zen: enpresaren aldeko sindikatuetako kide izan ziren langileen iritzia aldatu egin zen.

Egoera berri hau iritsi zen Mercedeseko langile bakoitzaren eskari partikularrek bat egin zutelako aldarri komun batean, "6. gaua ez!" lelopean. Aldarri hau hasieran partziala izanagatik ere, aurrerago eskari orokor gisa ulertu zen, eta, aterki partekatu horren pean, lantegiko mobilizazio guztia antolatu zen. Leloko esaldi elebiduna borrokan hegemoniko eta nagusi bihurtu zen. Lortu genuen seigarren gauaren aurkako jarreran ere lantaldearen beste aldarriak txertatzea; horrek eragin zuen, teoriko populistek esango luketen moduan, "aldarri ekibalentzialen" katea: soldatei inflazioaren pareko igoera aplikatzea; abusuzko malgutasuna mugatzea; lanaldia murriztea, eta abar. Helburua zen "6. gauari ez!" oihukatzea eta murrizketarik ekarriko ez zuen lan hitzarmen duin baten aldeko borroka gauza bera izatea. Hala izan zen.

"Hasierako eskaria partikularra bazen ere, lantalde guztiak hitzarmenaren alde egindako aldarri bilakatu zen"

Halako operazio hegemonikoa Ernesto Laclauk teorizatu zuen: "Ez dago hegemoniarik eskari demokratiko anitzetan oinarritutako identitate herrikoi bat eraiki gabe". Mercedeseko kasura itzulita, hasierako eskaria partikularra bazen ere (gau bat gehiago lan egitearen ukapena), lantalde guztiak hitzarmenaren alde egindako aldarri bilakatu zen. Mobilizazio sindikalean eskari guztiak artikulatu zituen zerbait orokorragoaren adierazle bihurtu zen.

Grebak ez ziren bukatu ELAk nahi izango zukeen moduan, izan ere, enpresaren aldeko sindikatuek hitzarmen berri bat sinatu baitzuten orduan zeukaten gehiengo absolutuari esker. Seigarren gaua ezartzea saihestu zen, baina hitzarmenak lantaldearen baldintza sozial eta ekonomikoak murriztu egin zituen. Hala ere, borroka beti da emankorra eta hau da emaitza: orain ELAk Mercedesen aitortza handiagoa du, afiliatu gehiago erakarri ditu eta hauteskunde sindikaletan 1.000 botoen sabaia gainditu du. Horrek arrazoia eman digu urteotan egindako ibilbideari buruz, baita atal sindikalak erabili dituen tresnei dagokienez ere: langileekin elkar hartuta egunez egun egindako lana, antolakuntza, plangintza eta borroka.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago