Iritzia

Etsipena eta haserrea

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Mendizabal 2022ko abe. 21a, 12:00

Arg: Alea

"Euskarazko jardueretan izena ematen duenak argi izan behar du jarduera horretan ez dela euskaraz besteko hizkuntzarik erabiliko, ez irakaslearen ez partehartzaileen aldetik"

Etsipena eta haserrea. Horiek eragiten dizkit, urteak joan eta urteak etorri, Gasteizko gizarte etxeetan antolatzen diren ikastaro eta jardueretan euskarari ematen zaion tratamenduak.

Irailean, "Jarduera musikala egungo erritmoekin" izeneko jardueran izena ematean, euskaraz egingo zela argi adierazten zuela ikusi nuen. Bai zera! Lehenengo saioan irakaslea gaztelaniaz. Jarduera euskaraz zela adierazi nion, eta berak ez omen zekien halakorik. Dena dela, bera ordezko irakaslea omen zen, eta hurrengo egunetan etortzekoa zenak agian jakingo omen zuen euskaraz. Itxura txarra hartuta, Udalera deitu eta kirol teknikariak azaldu zidan zerbitzua esleituta daukan enpresarekin hitz egingo zuela arazoa konpontzeko. Bigarren saiora irakasle "titularra" etorri eta sorpresa, honek ere ez daki euskaraz! Hori bai, enpresako arduraduna ere etorri da, gaztelania batuaz guztioi azaltzera, akats baten ondorio izan dela nahastea, eta egun gutxitan konponduko dutela, irakasle euskalduna izan dezagun. Tartean, hasi dira jardueran parte hartzen ari garenon arteko zurrumurruak; bati gehiegizkoa iruditzen zaio irakaslea lanik gabe gelditzea halako xehetasun txiki bategatik, besteari iruditzen zaio jarduera honetarako hizkuntza bat ala bestea erabili berdin dela... eta beste asko ixilik; batzuk, itxuraz, euskaraz jakin ere egin gabe izena emandakoak.

Lehenengo hiruhilekoko saio guztiak pasa dira, eta egun gutxitan konpontzekoa zen arazoak bertan jarraitzen du, ez baita irakaslea aldatu, eta beraz, jakina, jarduera gaztelaniaz egin baita erabat.

"Zenbat horrelako gertatzen dira Udalak antolatutako jardueretan? Gure buruari tranpa egiten jarraituko dugu?"

Zenbat horrelako gertatzen dira Udalak antolatutako jardueretan? Ikasturte amaieran egiten den balantzean, euskaraz egindako jardueren artean kontabilizatuko da hau ere. Gure buruari tranpa egiten jarraituko dugu? Jarduerak egiten dituen enpresari baldintzak azaltzeaz aparte, Udalak kontrol mekanismoren bat izan beharko luke, baldintza horiek betetzen diren egiaztatzeko, ezta? Batez ere, behin eta berriz betetzen ez diren baldintzen kasuan. Ez dirudi gehiegi eskatzea.

Niri ez zait egokitu, baina batzuetan hizkuntza irizpideak serioago hartzen direla dirudi: urria aldera prentsan ikusi ditugu euskaraz jakin gabe euskarazko jardueretan izena eman eta saioak hastean taldetik kanporatuak izan direnen kexak. Eta ez dira harritzekoak, izan ere, ohikoa denez euskarazko jardueretan gaztelaniaz lasai aritzea, izena ematen duenak ez du ezinbesteko baldintzatzat hartzen euskaraz jakin beharra.

Bada garaia gai honi serio heltzeko, eta behingoz irtenbideak jartzeko. Euskarazko jardueretan izena ematen duenak argi izan behar du jarduera horretan ez dela euskaraz besteko hizkuntzarik erabiliko, ez irakaslearen ez partehartzaileen aldetik. Zerbitzua ematen duen enpresak ere argi izan behar du jarduera horietan euskaraz ez dakien irakaslea jartzea Udalarekin duen kontratuaren baldintzak urratzea dela.

Beste baterako utziko dugu erabiltzaile euskaldunok hizkuntza kontuetan adierazten dugun exijentzia maila apala eta besteen zirkunstantziekiko "ulerkor" jokatzeko dugun joera ia patologikoa. Horri ere heldu beharko diogu halako batean.

Larraitz Mendizabal.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago