"Seigarren maila egiten ari diren haurrak auzotik kanpo joan beharko dira berriro"
Aurreikuspen faltaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kudeaketa negargarriaren ondorioz, Errekabarri eskola publikoan lehen hezkuntzako seigarren maila egiten ari diren haurrak auzotik kanpo joan beharko dira berriro.
Gure seme-alabak auzoko eskolan matrikulatzea erabaki genuen familiok Eusko Jaurlaritzak eskola eta institutua arrazoizko epean eraikitzeko konpromisoa hartu zuelako egin genuen. Konpromiso horren arabera, ikasle guztiek ia eskola-ibilbide osoa egin zezaketen Salburuan. Baina Hezkuntza Sailak egin duen kudeaketa arduragabearen ondorioz, institutua ere ez da garaiz iritsi, eta haur horiek beren hamalau urteetatik hiru baino ez dituzte egingo eskolatuta beraien inguru hurbilean.
Egoera horren aurrean, Errekabarriko familiek, batzarrean bilduta, honako proposamen hau helarazi genion Hezkuntza Sailari: Ekialde institutuan DBHko lehen ikasturtea igaro ondoren, sailak Salburuko institutura itzultzeko aukera eskainiko die ikasle desplazatu horiei. Horretarako, nahikoa izango litzateke institutua DBHko 1. eta 2. mailakoekin irekitzea.
"Administrazio kudeaketa soil bat, inbertsio txiki batekin, nahikoa zatekeen ikasle horiek beren ingurunean ikasteko duten eskubidea bermatzeko"
Administrazio kudeaketa soil bat, inbertsio txiki batekin, nahikoa zatekeen ikasle horiek beren ingurunean ikasteko duten eskubidea bermatzeko, administrazioak berak hitz eman zuen bezala.
Aintzane Arrese ordezkariak eta Karmelo Muñoa ikastetxeen zuzendariak administrazioak berak hartutako konpromisoak gauzatzeari uko egin diotenez, Errekabarriko familiok berriro mobilizatuko gara, azken hamarkadan egin izan dugun bezala.
Mobilizazioei laster emango zaie hasiera.
Sinatzailea: Errekabarri Eguzkia Ikasleen Guraso Elkartea
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.