Irulegiko eskua eta Iruña-Veleiako grafitoak

Erabiltzailearen aurpegia Tomas Elorza Ugarte 2022ko aza. 21a, 13:27

Arg: Aranzadi

"Bitartean, Iruñeko Gaztelu Plazako altxorrak zabortegiren batean egongo dira, eta Iruña-Veleiako grafitoak soto ilunen batean"

Sorioneku Irulegiko eskua!

Sorioneku egunkariak, telebistak, irratiak eta sare sozialak bete dituzulako eta denak zure ohoretan. Iruña-Veleiako grafitoek ez zuten horrelako zorterik izan.

Sorioneku aurkitu zintuen L.M. induskatzailea. Iruña-Veleiakoak kaleratu egin zituzten erruki gabe, faltsutzaile salaketarekin.

Sorioneku Nafarroako Gobernuko C.U. errestauratzailea, garbitu zintuelako eta idazkuna aurkitu zuelako. Iruña-Veleiako piezak aztertu zituzten Arabako Diputazioko bi errestauratzaileei ez zieten kasu apurrik ere egin epaiketan deklaratu zutenean. Besteak beste, zera deklaratu zuten: pieza asko (18 bat kaxakada) garbitu gabe daudela oraindik eta garbitzeko baimena kendu egin zietela grafito bat aurkitu zutenean (usoa, mokoan galburu bat duela).

Sorioneku Aranzadi Zientzia Elkartea eta Irulegiko Eskuaz aritu diren kazetari, politikari, aditu, hedabide, hizkuntzalari, Euskaltzaindia, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza… izugarrizko poza eman digutelako euskaldunoi. Iruña-Veleiako azken 16 urteotan, kontrako jarrerak eta isiltasuna nagusitu dira bazterrotan. Eta oraindik grafitoen %87a aztertu gabe dagoelarik!, eta okerrena, agintariek ez dituztela analizatu nahi eta ez dutela analizatzen uzten!

Aurrerantzean, erregina izango zara museo batean, begirada guztiak erakarriz. Bitartean, Iruñeko Gaztelu Plazako altxorrak zabortegiren batean egongo dira, eta Iruña-Veleiako grafitoak soto ilunen batean. Baina ‘sorioneku’ zu eta ‘sorioneku’ gu!

Tomas Elorza Ugarte

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago