Iritzia

Irulegi, euskalduntze berantiarra eta Iruña-Veleia

Erabiltzailearen aurpegia Euskeraren Jatorria Elkartea, Historiazaleok eta Iruña-Veleia Martxan 2022ko aza. 16a, 13:30

Irulegiko Eskua, K.a. I. mendeko pieza arkeologikoa, 'Sorioneku' hitzarekin. / ARANZADI Z.E.

Irulegiko Eskua ikusita, Euskeraren Jatorria, Historiazaleok eta Iruña-Veleia Martxan elkarteok ETBri euskalduntze berantiarraren dokumentala betiko kentzeko eskatzen diogu.

Irulegiko idazkunari buruz, hiru elkarteok azalpen hauek egin nahi ditugu:

"Irulegiko idazkunak Euskalduntze berantiarra dokumentala gezur hutsa dela berriz ere baieztatu digu"

Irulegiko idazkunak ETBk eta Alberto Santanak bultzatutako Euskalduntze berantiarra dokumentala gezur hutsa dela berriz ere baieztatu digu. Hori aspaldi bagenekien, dokumentala bultzatu zuten Maite Iturberi eta Alberto Santanari zuzenean esan genien bezala: euskal toponimia eta hidronimia, euskal izenak Soria, Burgos, Araba, Nafarroa, Errioxako hilarrietan, Iruña-Veleiako idazkunak, arrazoi politikoak erromatarren zapalketagatik...

Horrez gain, Baskoniako beste historia saioko gainerako dokumental batzuk zalantzan jarri behar direla uste dugu, erabilitako metodologia oso zientifikoa izan ez dela baieztatuta geratu delako.

Aranzadiri egindako lana eskertzen diogu, eta beste testua ekartzeko eskaera. Baina beste talde arkeologiko batek Irulegin topatu zuen beste testu bat Zaragozako Beltran irakaslearen esku bahituta dagoela ere salatu nahi dugu, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuari beste idazkun hori ekartzea eta ikertzeko publikoki uztea eskatzen diogu.

"Irulegin topatutako beste testu bat Zaragozako Beltran irakaslearen esku bahituta dagoela salatu nahi dugu"

Ziur aski ez da euskal testurik zaharrena, bai ordea osatuena. Albisteetan aipatu dena pixka bat zalantza jarri behar dela uste dugu, eta lehen idazkuna dela arinegi jarri dela uste dugu. Euskal Herrian baditugu K.a. I. eta II. mendeko txanponak euskal testuekin (Barskunes...), eta baditugu beste testu batzuk: Mendigorriako Andelosekoa, Bianako txerriaren testua eta besteren bat. Luis Azkona nafarraren lan honetan, Euskal Herrian topatutako iberiar grafiazko baina euskaratik interpretatu daitezkeen testu zahar batzuk ikus daitezke.

Itzelezko garrantzia. Testua, denek esan duten bezala, izugarrizko garrantzia dauka arrazoi askorengatik: testu luzeena da, hitzak bereizita idatzita dago, testuingurua badugu (etxe baten atean), lehenengo hitzak ez du zalantzarako zirrikiturik uzten, eta gure betiko euskara dela ikusten dugu, nahiz eta Gorrochateguik "lengua vascónica" deitu.

Manuel Larramendik bota zuen teoria berriz ere baieztatu dela esan behar dugu, alegia, euskara aspalditik hizkuntza idatzia ere izan zela.

"Euskara aspalditik hizkuntza idatzia izan zela baieztatu da ere"

Iruña-Veleiako grafitoen aldeko aurkikuntza da, ikusten delako herritarrek idazten eta irakurtzen jakitea ez zela salbuespen bat izan.

Iberiera eta bere grafia ikasteko beharra. Nahiz eta unibertsitateetatik eta euskal establishmentetik iberiera gauza arrotzat hartu eta bazterrean utzi, ez dugu ahaztu behar Italiatik Kanariar uharteetaraino erabili zela idazkera hori, Euskal Herria eremu zabal horren erdian dagoela, eta, beraz, euskaldunok badugula berori ikertzeko beharra. Euskeraren Jatorriak, iberista askorekin batera, Lengua Iberica abian jarri genuen orain zazpi urte, hain zuzen ere bide horri ekiteko.

Eskerrik asko. Azkenik, larunbat honetan Iruña-Veleia aurkako erasoa hasi zenetik 14 urte betetzen direnean, eta Euskeraren Jatorriak bere 16. Biltzarra egingo duenean, opari hau izatea, besteak beste, hango grafitoei beste bultzada txiki bat emateko. Bihotzez eskertzen diogu Anbotoko Mariri.

Sinatzaileak: Euskeraren Jatorria Elkartea, Historiazaleok, Iruña-Veleia Martxan

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago