Iritzia

Zeltiberismoa: baskoiberismoa baztertzeko asmakizuna?

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Mintegi Eskisabel (Euskeraren Jatorria) 2022ko aza. 16a, 12:00

Iruña-Veleiako aztarnategia, airetik ikusita. / Argazkia: AFA

"Azaroaren 19an, Tresponde-Iruña-Veleian, Euskeraren Jatorriaren 16. Biltzarra egingo dugu. Euskalduntze berantiarra une honetan gure herrirako eta hizkuntzarako borroka ideologikoaren muinean dagoen gaia da".

Azaroaren 19an, lotuta dauden bi gauza gertatu ziren. Batetik, Arantzazun Euskeraren Jatorriaren 1. Biltzarra egin genuen 2005ean. Egun hartan, euskara hizkuntza isolaturen teoria gainditzeko eta gure hizkuntzak Europako hizkuntzen sorreran duen zentraltasunaren garrantziaz jabetzeko abiapuntu kolektiboa hasi zen. Bestetik, hiru urte geroago, 2008ko azaroaren 19an, Aldundiak, estatu kolpea emanez, Lurmen Iruña-Veleiatik kaleratzeaz gain, faltsukeriaren bertsio ofiziala zabaltzeari ekin zion.

"Hurrengo hamarkadarako hau utzi digute: euskara gaztelera bezalako hizkuntza ordezkatzailea, "zapaltzailea", izan dela"

Guk ordurako bagenuen ikuspegi bat, indar bat, eta bide zientifikotik kudeatzeko aldarrikatzen hasi ginen, gaur egun jarraitzen duguna, Iruña-Veleia Martxan elkartearekin batera. Grafito horiek argitzeko, 14 urte daramatzagu datazioak eskatzen, eta dirua jartzeko ere prest gaude, puntako laborategietan azter ditzaten. Gaur egun, arkeometriaren bidez, ez dago gauza errazagorik: adreiluen testuak datatzeko termolumineszentzia bat egin, letren gainean daudenen karbonatoek edo patinek zenbat denbora daramaten hor gainean jakiteko analitikak... Baina ez dute nahi, grafitoek euskalduntze berantiarraren erasorako argudio guztiak kareletik botatzen dizkietelako.

Aurtengo azaroaren 19an, Tresponde-Iruña-Veleian, Euskeraren Jatorriaren 16. Biltzarra egingo dugu, hain zuen ere, gai hau sakon aztertzeko. Josu Naberanek bertan azalduko duen moduan, euskalduntze berantiarra une honetan gure herrirako eta hizkuntzarako borroka ideologikoaren muinean dagoen gaia da. Jakitun izan behar gara une honetan leku guztietatik erasoan ari direla (ETB, National Geographic, testu liburuak, El Correoren hileroko artikulua...) hurrengo belaunaldira gezur handi hau hedatzeko: gu zeltak ginela. Hurrengo hamarkadarako hau utzi digute: euskara gaztelera bezalako hizkuntza ordezkatzailea, hau da, "zapaltzailea", izan dela.

"Zeltiberismoaren sorrerara joango gara, teoria hori noiz eta nortzuek zabaldu zuten jakiteko, euskalduntze berantiarra hortik datorrelako"

Gaia ondo kokatzeko, biltzarrean zeltiberismoaren sorrerara joango gara, teoria hori noiz eta nortzuek zabaldu zuten jakiteko, euskalduntze berantiarra hortik datorrelako. Lan batzuk argitaratzen hasi dira, adibidez, Juan Francisco M. Corbiren El franquismo en la arqueología: el pasado prehistórico y antiguo para la España una, grande y libre. Bertan dioenez, Francok irabazi ondoren, Alemaniarekiko eta naziekiko zegoen miresmenean zabaldu zen zelten kontu hori guztia. Horrela, Francok izendatutako hiru katedratiko izan ziren eragile nagusienetetakoak: Luis Pericot Garcia, Julio Martinez Santa-Olalla eta Martin Almagro Basch, oraingo Almagroren aita.

Erabili zuten argudioetako bat toponimia izan zen: zelta omen den briga erroa penintsularen mendebaldean baino ez zegoenez, zeltak hor kokatu zirela dioskute. Baina, biltzarrean Jabier Goitia geografoak azalduko digun moduan, erro hori euskaliberiarra izan daiteke, eta penintsula osoan dago, baita ekialdean ere. Horretarako, penintsulako 1.200.000 toponimoz osatutako Espainiako Geografiako Institutu Nazionalaren datu-base erraldoia erabili du, eta dio toponimia aztertzeko modu sakon eta zabalean egin behar dela.

"Bi eredu erabat kontrajarriak dira: iberiarrak berdintasunean bizi omen zirelako eta kanpotik etorritakoek eredu zentralista eta zapaltzailea zutelako"

Antonio Arnaiz irakasleak eta Odon Ulibarrena etnografoak ere gai horri buruz hitz egingo digute, eta zeltiberismoa hankaz gora jartzen duten hilarrietako testuak azalduko dizkigu Joseba Mendia irakasleak. Latinezko testuen tartean, euskal ala iberiarrak diren berbak maiz agertzen direlako, ez soilik Iruña-Veleiako harri zahar batean, Euskal Herriko beste lekuetan, Sorian, Burgosen edo Akitanian, baizik eta Portugalen, Gaztela-Leonen edo penintsulako beste lekuetan, AMMA eta ATTA esate baterako.

Laburbilduz, esan dezakegu frankismoak nahiago izan zuela penintsulako biztanleen jatorria Alemaniako arioekin lotzea, edo ondorengo konkistatzaileei ere indarra ematea (erromatarrak...), jatorrizko herriei zegokiena ematea baino (herri iberiarrei, euskaldunei...). Azken finean, bi eredu erabat kontrajarriak daudelako: iberiarrak berdintasunean bizi omen zirelako eta kanpotik etorritakoek (zeltek, erromatarrek, bisigodoek, musulmanek…) eredu zentralista eta zapaltzailea zutelako. Azken finean, Antonio Machadok azaldu zizkigun bi Espainia baino, Espainia eta Iberia omen ditugu, bakoitza bere mundu ikuskerarekin eta balioekin.

Biltzarrean, Iruña-Veleiako harresian agertu den ATA inskripzioa ikustera joango gara, eta hizlarietako batek, Luis Silgok, kristautasunari buruz agertutako grafitoez emango du bere ponentzia. Horrez gain, bi liburu aurkeztuko dira: batetik, euskarak beste lurraldeetako toponimiarekin izan litzakeen loturak azalduko dizkigu Juan Martin Elexpuruk; eta, bestetik, Roberto Iturriotzek hizkuntza guztiek erro batzuk amankomunean dituztela defendatuko du.

"Ezin da baieztatu Irulegikoa euskal testurik zaharrena denik, nahiz eta izugarrizko garrantzia izan, noski"

Azkenik, Irulegin aste honetan izan dugun opariaz ere hitz egingo dugu: hasteko, badaudela garai bereko edo lehenagokoak izan daitezkeen euskal testuak (Bianako txerria, Andelosekoa, euskal txanponak: barkunes...), alegia, ezin dela baieztatu zaharrena denik, nahiz eta izugarrizko garrantzia izan, noski; Larramendik bota zuen teoria baieztatu dela berriz ere, alegia, euskara aspalditik hizkuntza idatzia ere izan zela; Iruña-Veleiako grafitoak ez direla salbuespen bat gure hizkuntza idatziaren historian; iberierazko grafiak izugarrizko garrantzia duela euskaldunontzat (orain arte baztertu izan delako erabat), eta, noski, hamaikagarren froga, ETB eta Alberto Santanaren euskalduntze berantiarrari buruzko dokumentala gezur hutsa dela esateko.

Sinatzailea: Joseba Mintegi Eskisabel (Euskeraren Jatorria Elkartea)

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago