2009an Arabako Foru Aldundiak kereila judiziala aurkeztu zuen Eliseo Gilen aurka, Iruña-Veleiako aztarnategitik 2008an kanporatutako talde arkeologikoaren zuzendarikidea baitzen, grafitoak faltsutu zituela egotzita. Hamaika urte joan zen, 2020an epaiketa egin zen Gasteizko Zigor Arloko Epaitegian, eta epaia eman zuen Eliseo Gil grafitoak faltsutzeagatik kondenatuz.
Baina "egintza frogatuetan" epaiak berak aurkakoa adierazten du:
- Epaiak hauxe aitortzen du: "Berak [Eliseo Gilek] grafitoak bere eskuz egin zituenik behar bezala frogatu ez dela baderitzat ere...". "Behar bezala frogatu" ez denez gero, ez da erruduna.
- Epaiak alegiazko lagunak asmatzen ditu, hamar aldiz hauxe errepikatuz: "[Eliseo Gilek] bere kabuz edo hirugarren lagun batzuen bidez, ebakiak egin zituen...". "Hirugarren lagun" horiek ez dira existitzen, ez dute izenik, hamaika urteetan ez dira agertu, epai osoan ez da bakar bat ere identifikatzen.
Beraz, Eliseo Gilek helegitea aurkeztu zuen Arabako Probintzia Auzitegian, eta 2021eko epaian Eliseo Gil berriro zigortu zuen, epaiketako epaiaren "egintza frogatuak" onartuz: "Aurkaratutako ebazpenekoak onartu ziren"; hau da, ez du ezer aldatzen, ez du Eliseo Gilen aurkako frogarik aurkezten eta ez du batere "hirugarren lagunik" aurkitzen.
"Guztiak isildu egiten dira. Euskal Herri gaixoa!"
Bere errugabetasuna aldarrikatuz, 2021ean Eliseo Gilek babes-helegitea aurkeztu zuen Konstituzio Auzitegian, "kondenatua izateko delituen erruduntasuna zehazteko froga bakar bat ere (ez zuzenekorik, ez zantzuzkorik) aurkeztu ez denik uste sendoa duelako, ez eta aipatutako aurkikuntzak faltsutzearen ondorio direla ere zientifikoki frogatu ez denik".
Hamahiru urte joan da, eta Konstituzio Auzitegiak urte eta erdi baino gehiago darama helegitea aztertuko ote duen erantzun gabe ere.
Egoera bidegabe honen aurrean, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Arartekoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Euskal Irrati Telebista, Aranzadi Zientzia Elkartea, Jakiunde Arteen Letren eta Zientzien Elkartea, Eusko Ikaskuntza, guztiak isildu egiten dira. Euskal Herri gaixoa! Arabako Foru Aldundiari beste kasu guztietan egiten dena eskatu beharrean, hots, egia agertzeko pieza batzuk zenbait laborategi aditutara bidaltzea, grafitoak noiz grabatu diren zientifikoki erabaki dezaten.
Gontzal Fontaneda
Aipuak eta agiri osoak hemen: https://www.veleia.fontaneda.net
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.